wrapper

Oharrak

Herritarren denboraren erabileraren azterketa egiten hasia da Udala, eta eragileekin hainbat bilera eta aurre lan egin ostean, herritarrei beren eguneroko denbora nola, zertan eta zeinekin igarotzen galdetuko zaie, inkesta bidez. Inkestak datorren astean etxe guztietara banatuko dira, udaletxean ere izango dira eskuragai eta online egiteko aukera ere eskainiko da.

Denboraren erabilerari erreparatuz, herritarren arteko desberdinasunetan jarri nahi izan da arreta azterketa honetan. Denbora zertan erabiltzen den ikusita ikusi baitaiteke gizartearen antolaketa eredua eta horrek dimentsio ekonomikoan duen eragina.

16 urtetik gora azpeitiarrek bete dezakete inkesta: "Zenbat eta jende gehiagok bete, orduan eta datu errealagoetara gerturatuko gara. Beraz, adin guztietako herritarrak inkesta betetzera animatu nahi ditugu", adierazi du Leire Etxaniz Parekidetasun zinegotziak.

Zer egin zenuen atzo?

Inkesta betetzea atzo zer egin zenuen gogoratzea bezain erraza da. Horixe baita galdera nagusia. Aurreko egunean zer egin zen idatzi beharko da; orrian orduerdiko tarteak daude banatuta. Eta bakarrik edo norekin zeunden edo aldi berean bi gauza egiten ari zinen ere zehaztu daiteke. Zaintza arduraren bat duzun ere zehaztu beharko da azken zatian (zaintza pertsona bakoitzeko zutabe bat bete behar da). 

Inkestak datorren astean banatuko dira etxe guztietara bana. Gehiago edo gazteleraz nahi duenak udaletxean eskatu dezake. Inkestak jasotzeko, berriz, Denon Artean prozesuan jarri ohi diren postontziak jarriko dira betiko lekuetan. 

Inkestak zeresana eman eta hausnarketa bultzatzea espero du Etxanizek: "Erronka handia dugu aurretik, eta herritarrei inkestak betetzeko eskatu nahi diegu. Norberari zein bikotean edo taldean eztabaidarako tresna egokia izan daitekeela uste dugu eta herritar guztiak animatu nahi ditugu". 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information