wrapper

Oharrak

Bukatu dira Garmendipeko zelai artifiziala berritzeko lanak, eta larunbatean izango diren bi partiduekin geldituko da inauguratuta. Hilaren 25ean, 11:45ean hasita erregional mailako neskak izango dira belar gainean, Lagun Onakek Reala izango du aurrez aurre. 18:00etan, berriz, derbia izango da, erregional mailakoa hori ere, Lagun Onakek eta Ikasberrik elkarren aurka jokatuko dute. Bi partiduetarako sarrera doakoa izango da, eta Udalak herritarrak gonbidatu nahi ditu bi partiduetara.

Herriko kirol elkarteen ohiko jardunean gehiegi eragin gabe berritzeko asmoz, uda sasoia aprobetxatuz egin dira Garmendipeko zelai artifiziala berritzeko lanak. Hala, denboraldi berria hasterako bukatu da berritzea. Herriko futbol taldeek dagoeneko izan dute zelai berria probatu eta bertan entrenatzeko aukera, eta "gustura" agertu dira.

356.422,95 eurotako inbertsioa egin du Udalak kirol instalazio horiek egokitzeko. Zelai zaharrak 13 urte eta erdi inguru zituen, eta zahartuta egoteaz gain, beste hainbat arazo ere sortzen ziren bertan. Horiei irtenbidea eman asmoz, zelai artifiziala aldatzeaz gain, ura drenatzeko zituen arazoak ere konpondu dira. Inbertsio handia egin behar izan da, baina zelai horrek duen erabilera ere horrelakoxea da: "Herrian erabilera handienetakoa duen kirol instalazioa berritu dugu. Herriko futbol talde, eskola kirol eta bestelako eragileei behar bezalako azpiegiturak eskaintzen jarraitzeko helburuarekin.”, adierazi du Estitxu Elduaien Kirol Batzordeburuak. Izan ere, astegunetan, batez beste, 100 lagun inguruk erabiltzen dute; eta, astegbururo 6 edo 7 partidu jokatzen dira bertan. Ohiko martxa horretaz gain, Azpeitia Cup-eko kanporaketa faseko partiduak ere bertan izaten dira.

Behin berrituta, erabiltzaile guztiena izango da zelaiaren zaintza: "Berritzea bezain ezinbestekoa da zelaiaren zaintza. Hori guztion ardura izango da. Erabiltzaile ugari ditu zelaiak, eta denon artean egin beharreko zerbait izango da hori", gaineratu du Elduaienek.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information