Bertso Derbiaren helburua kirola eta kultura, futbola eta euskara nahiz lehia eta batasuna uztartzea dela agertu du Realaren fundazioko kide Joseba Ibarburuk eta “ea Soreasu bete eta dena ondo ateratzen den”. Kulturaz Kooperatibako Aitor Bengoetxeak, berriz, egitasmoa Azpeitira ekarri izana nabarmendu du, “izan ere, lurraldetasuna landu behar da, hiriburuetatik kanpo, eta horregatik ezin genuen ezetz esan honelako egitasmo bat antolatzeari. Pike sano eta polita izan dezagula espero dugu”.
Emanaldirako sarrera doakoa da, baina gonbidapenak beharrezkoak izango dira. Hauek kulturaz.eus webgunean edo Sanagustin kulturgunean, Lagun Onak Futbol Taldean edota Anaitasuna Futbol Taldean eskura daitezke.
XI. Bertso Derbia "euskararen hiriburuan" egingo da
- 2018/04/25
Orain arteko edizio guztiak Donostian eta Bilbon ospatu ondoren, XI. Bertso Derbia Azpeitian izango da. Realaren eta Athleticen fundazioek, Lankuk, Kulturaz Kooperatibak eta Azpeitiko Udalak antolatutako saioa Soreasu antzokian egingo da, 22:00etatik aurrera, eta Maddalen Arzallusek, Amets Arzallusek eta Andoni Egañak osatuko dute Realaren taldea. Angel Mari Peñagarikanok, Etxahun Lekuek eta Jone Uriak, berriz, Athleticeko taldea osatuko dute.
Josu Labaka Udaleko Kultura batzordeburuak agertu zuenez, “polita izango da lehenbizikoz hiriburuetatik atera eta Azpeitian izatea. Euskararen hiriburura zatozte. Hemen erreal-zale asko daude, athletic-zale batzuk eta bertsozale ugari. Gainera, bertsoen Landetako unibertsitatea ere bertan dugu, eta gaur bertsotan beste era batera egiten bada ere, zaletasun handia dago herrian eta denak gonbidatu nahi ditugu parte hartu eta gozatzera".