wrapper

2016/04/04

Azpeitiko gazte lokalen gaineko bizikidetza araudia

Azpeitiko Udalbatzak, 2014ko apirilaren 1ean egindako bilkuran, Azpeitian gazte lokalei buruzko bizikidetza arautuko duen Udal Agintarauari haserako onarpena eman zion (Hartutako akordioa GAOn 2014ko apirilaren 8an argitaratu zen (67 zk)).

Arauak eskatzen duen jendaurreko argibide epea inolako murtzilorik eta oharpenik izan gabe igaro ondoren, Udalbatzak 2014ko ekainaren 3an behin betiko akordioa hartu du, eta udal-agintarauan egon daitezkeen aspektu batzuk zuzendu eta argitu ditu.

Hau horrela, Toki Errejimeneko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, udal Agintarauaren testu osoa argitaratu da.

Agintarau honek, aipatutako agintarauaren testu osoa argitaratu eta hamabost lan-egun igarotzen direnetik izango du indar. Hori guztia, aipatu berri den Legearen 65.2. artikuluaren arabera.

Administrazio-bidean behin betikoa den akordio honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salaren aurrean, iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

AZPEITIKO GAZTE LOKALEN GAINEKO BIZIKIDETZA ARAUDIA.

ZIOEN ADIERAZPENA

Gazteen aisialdia antolatzeko modu berri baten aurrean aurkitzen gara; gazteek lagunekin elkartzeko erreferentziazko gune propio bat bilatu eta topatu baitute Gazte lokaletan.

Alde horretatik, lokal bakoitzak dituen baldintzak eta haiei ematen zaien erabilera oso desberdina da. Errealitate berri baten aurrean gaude, eta guztion ahalegina beharrezkoa da lokalen eta bizilagunen arteko bizikidetza behar bezalakoa izan dadin.

Lokalen fenomeno berri honek gazteen eta bizilagunen arteko elkarbizitza modu berrian ulertzea eskatzen du gazteen eta bizilagunen arteji harremanei dagokienez. Araudi hau, hortaz, bizikidetza hori bermatzeko borondatearekin osatua dago.
Helburuak:

a) Gazte lokalek gutxieneko baldintzak bete behar dituzte, hala bizigarritasunari, higieneari eta erosotasunari dagokionez, nola segurtasunari dagokionez ere.

b) Gazte lokalen erabilera eta auzotarren eskubideak bateragarri bihurtu behar dira, dagozkion neurri zuzentzaileak hartuta.

c) Gazte lokaletan sor daitezkeen arazoak murriztu eta bizikidetza bermatu behar da.

Udalak, 2012ko abenduan, "Denon Artean" herri partaidetzako prozesuaren baitan, bilera parte hartzailera deitu zuen. Bilera hartan, Udalak gazte lokalen araudiaren zirriborroa egingo zuela adostu zen. Urtebete beranduago, gazte lokalen gizarte-fenomenoan zerikusia duten erabiltzaileekin (gazteekin, eta gaztetxoen kasuan, beraiekin eta guraso edo tutoreekin) bilerak burutu eta gero, araudi zirroborro bat aurkeztu zen, eta bi asteko epea eman zen, aztertu eta ekarpenak edo kexak aurkezteko.

Lan horren emaitza izan da Udal Ordenantza hau landu izana, gazte lokal hauen erabilera arautzeko, honako ildoetan oinarrituz:

Gazte lokalek gutxieneko segurtasun eta garbitasun baldintzak izango dituzte.
Zaratak eragindako eragozpenak, adostutako elkarbizitzarako protokoloaren bidez konponduko dira, eta, horrela ez badira konpontzen, diziplina araubidean agertzen diren neurri zuzentzaile edo zigorrak aplikatuko dira. Zenbaitetan, arazoaren larritasunaren arabera, gazte lokala ixteko neurria ere hartu ahal izango da.

1. KAPITULUA

EZARPEN EREMUA
1.- artikulua. Xedea.

Ordenantza honen helburua da, hala bizitoki nola industria eremuko eraikinetan kokatutako gazte lokalen erabilera arautzea.

Lokal hauek asialdirako erabiltzen dituzte gazteek eta haientzat erreferentzia-gune dira, lagunekin elkartu eta haiekin egoteko guneak. Gazte lokalak gune pribatuak dira, sarrera mugatua dute, eta ez daude edonorentzat zabalik.

Araudi honen bitartez, gazteek aisialdi alternatiborako erabiltzen dituzten lokalen inguruan elkarbizitza komunitariorako irizpideak finkatu nahi dira. Hori guztia, erabiltzaileei eta auzotarrei sor dakizkiekeen traba eta arriskuak ekiditeko eta erabiltzaile zein auzotarren eskubide eta betebeharrak zehaztuz.

Era berean, aipatutako lokal horiek, nahitaez, gutxieneko segurtasun eta garbitasun baldintzak betetzen dituztela bermatu nahi da.

a) Lokalen erabilera eta auzotarrek enbarazurik ez jasateko duten eskubidea bateragarri izatea. Azken batean, lokalen erabilera eta auzotarren eskubideak bateragarri egitea da lortu nahi dena, eta horretarako, dagozkion neurri zuzentzaileak hartzea.

b) Gazte lokalek sortzen dituzten arazoak murriztea eta elkarbizitza bultzatzea.

c) Gazte lokalek gutxieneko baldintzak bete ditzaten ziurtatzea bizikidetzari, garbitasunari eta erosotasunari eta segurtasunari dagokionez, eta auzotarrei eragozpenik ez sortzea.

Udalak bizikidetza araudi honekin ez du helburu moduan, inolaz ere, jarduera lizentziarik edo edonolako baimenik ematea (horren inguruan eratorritako erantzukizuna dagokion arduradunen baitan geratuko baita). Gehien bat, gune pribatu hauen erabileraren ondorioz sor daitezkeen arriskuak murriztea eta gazte erabiltzaileei edo/eta lokalen jabeei hartutako konpromisoen erantzule egitea litzateke ordenantza honen helburua.

2. artikulua.- Ezarpen eremua.

Ordenantza honek Azpeitiko bizitegi zein industria izaerako hirilurrean kokatuak dauden lokaletan izango du eragina.

Honako gazte lokalei ezarriko zaie:

Gaur egun dauden lokalei.
Gerora irekiko diren lokal berriei.
Titularitate aldaketa izango duten lokalei.

3. artikulua.- Erabilera.

a) Lokal hauetan ezingo da gazteen aisialdiarekin zerikusi zuzena ez duen jarduerarik burutu, ez eta jarduera gogaikarriak, sexistak edo debekatuta daudenak ere. Debekatuta egongo da, halaber, salmenta publikoa egitea lokal hauetan.

b) Gazte lokaletan sukaldea jartzeko aukera kasuz kasu aztertuko da, beti ere honako baldintzak betetzen badira:
- Gazte taldean kideetako batek gutxienez 18 urte izan beharko ditu.
- Aurretik eraikineko Jabekide Elkartearen kide bakoitzaren idatzizko baimen espresua aurkeztu beharko da.
- Bizilagunen edo erabiltzaileen inolako arriskurik ez da izango (9. artikuluan garatzen dira baldintza zehatzak). Udalak ikuskatu beharra izango du sukalde hori jartzea, onartua izateko.

Ezarritako baldintzak bete ezin direlako, Udalak sukaldea jartzeko baimenik emango ez balu mikrouhin labea jartzeko aukera izango da.

c) Debekatuta daude auzotarrei gogaikarri izango zaizkien jarduerak, baita eraikinaren segurtasuna arriskuan jarriko luketenak ere.

d) Gazte lokal horiek ezingo dute ohiko egoitza edo etxebizitza izaera izan erabiltzaileentzat, eta ezingo dira erabili bertan gaua egiteko.

e) Egunean zehar ezingo da animaliarik izan lokal hauetan beren jabeekin batera ez badaude, eta debekatuta dago gauetan animaliak bertan uztea.

4. artikulua.- Hartzaileak.

Ordenantza honen berri izan eta bertan jasotako adierazpenak bete beharko dituzte:

1. Gazteek: lokalen erabiltzaile diren pertsonak diren heinean.

2. Auzotarrek: lokala kokatzen den eraikineko bizilagunek edo eragina jasango duten inguruko bizilagunek.

3. Lokalen jabeek.

4. Adin txikiko erabiltzaileen guraso edo tutoreek.
5. artikulua.- Kokapenari buruzko baldintza orokorrak.

1. Gazte-lokal batetik bestera gutxienez 50 metrotako tartea dagoela bermatuko da. Portal bakoitzean lokal bakar bat egon ahal izango da.

2. Gutxieneko tartearen betebeharra ez zaie aplikatuko Ordenantza hau indarrean sartzen den momentuan sortuak dauden lokalei.

3. Edonola ere, gaur egun dauden lokalen arteko tartea 50 metro baino txikiagoa den kasuetan, horietako batek bere jarduera eten edota titularitate aldaketa gertatzen denean, ezin izango zaio baimen berria eman lokal horri.

6. artikulua.- Asegurua.

Lokalaren jabeak edo alokatzaileak, edo hala badagokio, erabiltzaileak, gutxienez, 300.000 €tako estaldura duen erantzukizun zibileko asegurua izan beharko du.

Aseguru horrek erabiltzaileen erantzunkizuna babestuko du hirugarrengoei sor daitezkeen kalteen aurrean. Hirugarrentzat hartuko dira, bai lokala kokatua dagoen eraikinaren gainerako zatia, bai jabetzako gainontzeko bizilagun edo erabiltzaileak.

7. artikulua.- Kontratua.

Lokalek alokairu edo erabilera izateko lagapen kontratua izan behar dute, jabeek eta erabiltzaileen ordezkariak izenpetua. Erabiltzaileak adin txikikoak badira, horien ardura duten tutoreek izenpetuko dute.
II. KAPITULUA
EKIPAMENDUA, SEGURTASUNA ETA GARBITASUN ETA OSASUN ARLOKO BALDINTZAK.

Kapitulu honetan jasoko diren baldintza eta neurri zuzentzaile guztiak arau orokorrak izango dira, eta Ordenantza honen eraginpean sartuko diren lokal guztietan bete beharko dira.

8. artíkulua.- Lokaren baldintza espezifikoak.

1. Behe solairuetan kokaturik dauden lokalak bakarrik onartuko dira. Kaletik edo bide publikotik zuzeneko sarbidea izan beharko dute, eta atari edo eremu komunitarioetako sarbideak ez dira onartuko.

2. Lokalaren altuera 250 zentimetrokoa izango da gutxienez.

9. artikulua.- Lokalak bete beharreko gutxieneko baldintzak.

Gazte lokal orok segurtasun eta garbitasuneko gutxieneko baldintzak bete behar ditu. Baldintza horiek betetzea jabearen eta, hala badagokio, erabiltzaileen ardura izango da.

9.1. Lokalek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

Azpiegiturak

a) Argindarra: Derrigorrezkoa da instalazio elektrikoa erabiltzeko era egokian izatea eta dagokion ziurtagiri ofiziala izatea (baimenduko instalatzailearen instalazio ziurtagiria).

Ez da onartuko erregai edo sugar bidezko argiztatze sistemarik (hala nola kandela, kanpin-gas edo antzekorik).

b) Ura: Derrigorrezkoa da ur-hartune bat eta kontagailua izatea, gutxienez garbiketa lanak eta erabiltzaileen kontsumoa ziurtatzeko. Saneamendu instalazioa ere izan beharko dute. Ura udal sarekoa izango da.

c) Komuna: lokalek komuna izan beharko dute, komun-ontzi eta konketa batez hornituta.

d) Su-itzalgailua: Lokalek gutxienez su-itzalgailu bat izan beharko dute, indarrean dagoen legeriak ezarritako baldintzetan. Eskura egon beharko du beti eta mantentze-kontratua eguneratuta duela.

e) Larrialdietako argiak: Irteerarako seinaleztapena eta irteera bera non dagoen, eta halaber, larrialdietako gailuak era egokian jarrita egon behar dute.

f) Edukiera: Lokalaren edukiera (aforoa) azalera erabilgarriaren 2 m2ko pertsona bat ezarrita finkatu beharko da. Edozein kasutan, bizitokitarako hiri-lurzoruan kokatutako gazte lokalek ez dute 25 pertsonaren aforoa gaindituko, eta industriarako lurzoruan daudenek ez dituzte 50 pertsona gaindituko.

Gehieneko edukiera honen adierazpena lokal barruan ondo ikusteko moduko toki batean jarri beharko da.

g) Ateak: Sartzeko eta irteteko ateak 80 zentimetrotako zabalera izan behar du gutxienez. Kanporako ateak erraz irekitzeko modukoa izan beharko du, eta ez da onartuko ate gidaridunik (korrederorik), oinezkoentzako aterik ez duten garajetako atetzarrik, eta ezta ate lanak egiten dituen pertsianarik ere. Lokalak pertsiana baldin badu, irekita egon beharko du lokal barruan jendea dagoen bitartean.

h) Sarrera: Behe-solairuan dauden lokalak bakarrik onartuko dira. Kaletik edo bide publikotik zuzeneko sarbidea izan beharko dute, eta atari edo eremu komunitarioetako sarbideak ez dira onartuko.

i) Berogailuak elektrikoak izango dira.

j) Ordenantza honen 3.b) artikuluan adierazitakoari jarraiki, Udalak sukaldearen erabilera baimentzen duen kasuan, ondorengo gutxieneko baldintzak bete beharko ditu honek:

Bizitokitarako hiri-eremuetan kokatutako lokalek ke-kanpaia eta eraikinaren teilaturaino eramandako eta horretarako bakarrik erabiliko den tximinia bat izan beharko dute.
Industriarako hiri-lurzoruan, beste soluzio batzuk bilatu ahal izango dira.

Ez dira sukalde industrialak onartuko.

Sukaldea elikatuko duen instalakuntza elektrikoak edo gas instalakuntzak, dagokion instalazio ziurtagiria izan beharko du.

9.2. Udalak instalazioak ikuskatu ahal izango ditu, baldintzak betetzen dituztela ziurtatzeko, edota, balegokio, neurri zuzentzaileak ezartzeko.
9.3. Artikulu honetan jasoa ez dagoen guztirako, Eraikinetarako Kode Teknikoan adierazitakoa eta gainontzeko araudi sektorialetan arautzen dena hartuko da kontuan.

10. artikulua.- Zaratak eragindako eragozpenak saihesteko neurriak.

a) Gaueko 22:00etatik aurrera lokaletako ate eta leihoek itxita egon beharko dute.

b) Gaueko 22:00etatik goizeko 09:00etara ezingo da zarata gogaikarririk atera.

c) Kexak aurkeztu eta egiaztatuko balira, zaratak eragindako eragozpen horiek adostuta dagoen elkarbizitzarako protokoloaren bidez konponduko dira (I. Eranskina), eta horrela ez badira konpontzen, diziplina araubidean agertzen diren neurri zuzentzaile edo zigorrak aplikatuko dira. Zenbaitetan, arazoaren larritasunaren arabera, gazte lokala ixteko erabakia ere hartu ahal izango da.
11. artikulua. Garbitasun neurriak.

a) Lokalaren barruan ezingo da zaborrik pilatu, zabor-poltsa edo zaborrontzietatik kanpo. Zaborrak era egokian sailkatuko dira.

b) Lokalaren kanpoaldea eta inguruak baldintza higieniko egokietan gorde beharko dira. Beraz, ez dira botata utziko lokaleko jardueretan erabilitako gauzak edo bertan sortutako zaborrak.

c) Zaborrak kalean dauden udal zaborrontzietan sartuko dira, behar bezala sailkaturik.

d) Lokalek, betiere, modu egokian aireztatua egon beharko dute.

e) Une bakoitzean Udalak indarrean duen zabor bilketarako sistema bete beharko dute gazte lokalen erabiltzaileek.

12. artikulua. Gune publikoaren erabilera.

1. Kanpoaldean edo jendeak erabiltzen dituen gune publikoetan ateratzen diren zaratak saihestu egin beharko dira, elkarbizitzari eta besteei zor zaien begiruneari erreparatuz.

2. Alde horretatik, ez da jenderik pilatuko lokalaren kanpoaldean. Ez da onartuko espazio publikoa hartzea motor, aulki, sofa eta antzeko objektuekin.

3. Garrasi, kantu, txistu, motor eta abarren ondorioz ateratako zaratak saihestuko dira.

III. KAPITULUA

ARAUBIDE JURIDIKOA

13. artikulua.- Gazte Lokalen Erregistroan izena emateko eskabidea.

1. Ordenantza hau indarrean jartzen den egunean dauden lokal guztiek edo ondoren sortuko direnek Gazte Lokalen Erresgistroan izena emango dute. Horretarako, Alkate-Udalburuari bidaliko zaio eskaera (fitxa) eta bertan, ondorengo datuak aipatu beharko dira:

Lokalaren erabiltzaileen ordezkari izango diren pertsonen (bi gutxienez) izen-abizenak, Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia, eta harremanetarako telefonoa. Adingabeak izanez gero, gurasoen edo tutoreen baimena egiaztatzen duen agiria.

Lokalaren jabearen datuak: izen-abizenak eta telefonoa.

Lokalaren kokalekua eta deskribapena: kalea eta zenbakia, azalera osoa eta atalkakoa (bainugela, biltegia...). Segurtasun neurriak jarrita dauden guneen planoa eta zehaztapena.

Lokala kokatuta dagoen komunitateko administratzailearen izen-abizenak eta telefonoa. Pertsona hau izango da gazteekin harremanetan izango dena.

Lokalaren jabetza egiaztatuko duen dokumentua edo alokairuaren kontratua.

Jabearen aitorpen erantzulea, esanaz Ordenantzaren eta hortik eratorriko diren erantzukizunen jakinaren gainean dagoela.

Erantzukizun zibileko aseguruaren kopia. Sortuko den lokal baterako denean eskabidea, erantzukizun zibileko aseguruaren aurrekontua aurkeztu beharko da. Azkenean erabilera baimena lortzen baldin bada, aste beteko epean aurkeztu beharko da erantzukizun zibileko aseguruaren kopia.

Azpeitiko Gazte Informazio Bulegoak egingo ditu informazio eta aholkularitza lanak, eta bertako bulegoetan aurkeztuko dira Gazte Lokalen Erregistroan izena emateko eskabideak.

14. artikulua.- Lokal berriak irekitzeko edo egun erabiltzen diren lokalen egoera arautzeko prozedura.

a) Lokal bat ireki aurretik lokaleko gazteek Udalean aurreko artikuluan jasotako dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

b) Udal zerbitzu teknikoek ikuskapena egingo dute 9. artikuluan aurreikusten diren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

c) Baldintzak betetzen direla egiaztatu beharko dute beharrezkoa den dokumentazioa edo ziurtagiriak aurkeztuz.

d) Dokumentazioa aurkeztu ondoren Udalak lokalaren ikuskaritza egingo du.
15. artikulua.- Erregistratu gabeko lokalak.

Bidezko izan daitezkeen bestelako zigorrak baztertu gabe, lokal batek Ordenantza honek ezartzen dituen baldintzak ez dituela betetzen jakindakoan, honako neurri hauek hartuko dira:

a) Lokala erregularizatu egin badaiteke, erantzuleei eskatuko zaie haren egoera erregulariza dezatela. Horretarako, gehienez ere, hiru hilabeteko epea emango zaie, behar bezala justifikatutako kasuetan izan ezik. Horrez gain, lokala itxi ahal izango da, hori egokitzat jotzen baldin bada, interesatuei aurrez entzunda.

b) Lokala erregularizatzea ezinezkoa baldin bada, ordenantza hau betetzen ez duelako, lokala itxi egin beharko da, interesatuei aurrez entzunda.

IV. KAPITULUA

DIZIPLINA AURAUBIDEA

Erabiltzaileek ez betetze puntualak edota neurri txikikoak egiten dituztela ikusiko balitz, Udalak, elkarbizitzarako protokoloaren bidez (I. Eranskina) bi aldeen arteko bitartekari lanak egingo ditu, arazoari adostutako irtenbide bat emateko helburuarekin.

Adostutako irtenbide horretara iristeko ahaleginak emaitzarik ez badute, edota ez betetzeak errepikatuak badira edo bizikidetza orokorrerako kaltegarriak, ulertuko da lokalaren erabilera Bizikidetza Protokoloaren aplikazio eremutik kanpo geratu dela eta, ondorioz, ondorengo artikuluetan jasotzen den disziplina araubidea izango da aplikagarria.
16. artikulua.- Arau-hausteak.

Ordenantza honen aurka egindako arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izango dira:

16.1. Arau-hauste arinak:

a) Ordenantza honetan arau-hauste larritzat edota oso larritzat joak izan ez direnak.

b) Udaltzainek egiaztatutako zarata kexak:

bi kexa hilabetean,
hiru kexa hiruhilekoan,
lau kexa urtebetean.

16.2. Arau-hauste larriak:

a) Jardueraren titularrei eskatutako datuak isilean gordetzea edo ez ematea.
b) Udalari ikuskapen-lana oztopatu edo eragoztea, modu aktibo edo pasiboan.

c) Udalak ikusitako gabeziak zuzentzeko ezarri dituen betekizunak berariaz aldatzea.

d) Lege hausteak egitea.
e) Urte batean 6 arau-hauste arin egitea arau-hauste larritzat joko da.

16.3. Arau-hauste oso larriak.

Arau-hauste oso larritzat joko dira bizilagunak edo lokaleko erabiltzaileak arriskuan jartzen dituzten jarrerak edo jarduerak.
18. artikulua.- Arau-hausteen preskripzioa.

Ordenantza honetan aipatzen diren arau-hausteak ondorengo epe hauetan preskribatuko dira, ekintza burutzen denetik hasita edo ingurumenari egin zaion kaltea detektatzen denetik hasita, baldin eta berehalakoa ez bada:

a) Urtebetera, arau-hauste arinen kasuan.
b) Bi urtera, arau-hauste larrien kasuan.
c) Hiru urtera, arau-hauste oso larrien kasuan.
19. artikulua.- Mailakaketa.

1. Ordenantza honetan jasotako arau-hausteengatik jarriko diren zigorrak sortu den arrisku edo kaltea, lortutako onura eta nahitasuna (intentzionalitatea) eta egintza horretan gertatu diren inguruabar aringarri edo larrigarriak kontuan izanik jarriko dira.

2. Inguruabar larrigarrien izaera izango dute, zigor prozedura batean, indarrean den Kode Penalaren 326. artikuluan zehaztuak datozenek.

3. Erantzukizun administratiboaren inguruabar aringarrien izaera izango dute zigor espediente bati hasiera eman baino lehen jarduera zehatz batetik ingurumenarentzat eratorritako ondorio kaltegarriak murriztuko edo konponduko dituzten neurri zuzentzaileak hartzea.

4. Baliabide natural eta ingurugiroaren aurkako delituei buruzko artikulatuan jasotako egoerak ematen diren kasuetan, orokorrean, zigorrak graduatzeko garaian eta heinekotasunaren printzipioa aplikatzeko garaian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen
azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 131 artikuluan adiiarazitakoari jarraituko zaio.

20. artikulua.- Zigorrak.

a) Arau-hauste arinei dagokionean bizikidetza mahaiaren bitartez ez bazaio soluziorik eman arazoari, gazte lokala 2 aste bitartean itxi ahal izango da.

b) Arau-hauste larriei dagokionean, bizikidetza mahaiaren bitartez ez bazaio soluziorik eman arazoari, gazte lokala 4 aste bitartean itxi ahal izango da.

c) Jaso den arau-haustea larria dela ondorioztatzen baldin bada, 2 hilabetera arteko tartean itxi egin ahalko da lokala.

Arau-hauste oso larrien kasuetan, lokala berriro ireki ahal izateko, udal teknikari batek ikuskatu beharra izango du lokala, arazoa konpondu al den ziurtatzeko beharrezkoa ikusten badu udalak.

21. artikulua.- Zigorren preskripzioa.

Arau-hauste oso larriengatik jarritako zigorrak hiru urtera preskribituko dira, arau-hauste larriengatik jarritakoak bi urtera, eta arau-hauste arinengatik jarritakoak, urte betera. Preskribitzeko epea zigorra emateko ebazpenak indar hartzen duen egunaren biharamunetik hasiko da zenbatzen.

22. artikulua.- Eskumenak.

Zigorrak jartzeko eskumena Alkatearena izango da.

23. artikulua.- Zigorrak jartzeko prozedura.

Zigorrak jartzeko prozedurak ondo bereiztu beharko ditu instrukzio-fasea eta zigorra jartzeko fasea, bi lan horiek organo desberdinei aginduz.

Prozedurari amaiera emango dion ebazpenak arrazoitua izan beharko du, espedientean agertu diren arlo guztiak erabaki, eta exekutiboa izango da administrazio-bideari amaiera ematen dionean

Zigorra emateko ahalmena, nolanahi ere, 30/1992 Legearen IX. tituluaren I. kapituluan zehaztuak datozen oinarrien arabera gauzatuko da, edota aipatutako kapitulu hori ordezkatuko duen Estatuko Legeriaren arabera, eta Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko Herri-Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko 2/1998 Legean, otsailaren 2koan, zehaztua datorrenaren arabera.

24. artikulua.- Xedapenak.

Lehenengo xedapen gehigarria.- Lokalen eta erabiltzaileen erregistroa.

a) Udalak gaur egun dauden lokalen erregistroa sortuko du, ordenantza honen bidez lortutako datuez baliatuta.

b) Udalak lokalen jarraipena egingo du eta martxan ez dauden lokalei baja emango zaie. Lokalen batean aldaketaren bat gertatzen bada, Udalari jakinarazi beharko zaio.

c) Udalaren Gazteria Zerbitzuak beti jakinaren gainean izango ditu lokaletako gazteak.

Bigarren xedapen gehigarria.- Lokaletarako aholkularitza zerbitzua.

Lokaletako gazteek (eta adin gabeen kasuan, hauen gurasoek) Azpeitiko Gazte informazio bulegoan eskuragarri izango dute lokalaren kontratuen eta baldintzen gaineko informazioa eta aholkua eskatzeko zerbitzua.

Azpeitiko Gazte Informazio Bulegoak egingo ditu bitartekari lanak eta bertako bulegoetan aurkeztuko dira Gazte Lokalen Erregistroan izena emateko eskabideak.

Hirugarren xedapen gehigarria.- Ikuskatzea eta kontrolatzea.

1. Udalak beharrezko ikusten duen guztian ikuskatuko dira lokalak, zein egoeratan dauden ikusteko eta lokalen zerrenda eguneratuta izateko.

2. Udalaren eskumenekoak izango dira ordenantzan ezarritakoa benetan betetzen dela egiaztatzeko egingo diren funtzioak. Era berean, Udalak beharrezko ikuskapenak egiteko ahalmena izango du. Alkateak, edo hala badagokio, Hirigintzako zinegotzi ordezkariak izango dute beharrezko neurriak hartzeko eskumena, funtzio horiek bermatuak egon daitezen.

3. Lokalen bateko funtzionamenduan akatsak daudela ikusiz gero, lokalaren ordezkariei eskatuko zaie akatsak zuzen ditzatela, eta horretarako epe jakin bat emango zaie. Epe hori ez da hiru hilabetetik gorakoa izango, behar bezala justifikatutako kasuetan izan ezik.

Xedapen iragankorra.

Gaur egun zabalik dauden eta gazteen aisialdirako lokal gisa funtzionatzen ari diren lokalek erregistro fitxa betetzeko hilabeteko epea izango dute, ordenantza indarrean sartzen den unetik zenbatzen hasita.

Egokitze hori egiteko eta Ordenantza honetan eskatzen den dokumentazio guztia aurkezteko epea hiru hilabetekoa izango da, lokalaren ikuskapena egiten den egunetik hasita.

Hiru hilabeteko epean ez badira ordenantza honetan zehazten diren ezaugarriak betetzen, lokala itxi egingo da.
Azken xedapena.

Ordenantzaren testu osoa Gipuzkoako ALDIZKARI OFIZIALEAN argitara eman eta egutegiko 15 egun igaro ondoren sartuko da indarrean Ordenantza hau.

2017 - Azpeitiko Udala.
ElkarMediak garaturiko webgunea