wrapper

Oharrak

Bukatu dira festak Azpeitian eta balorazioa egiteko unea da: "Festak ondo joan dira, santietan hasi eta saninazioak bukatu bitartean ekitaldi jendetsuak izan dira herrian. Jende ugari ibili da kalean eta gustura gaude jendetzak hartuagatik ez delako ohiko arazoez gain beste ezer gertatu", adierazi du Mikel Odriozola zinegotziak. 

Uztailaren 25ean, Baserritarren Egunarekin eman zitzaien festetako egun seinalatuei hasiera, eta ordutik bata bestearen atzetik, ia deskantsurik gabe izan dira. 100 ekitaldi inguru izan dira Azpeitian azken 10 egunetan, eta ekitaldi jendetsuak izan dira: "Jende asko ibili da kalean eta ekitaldietan. Uztailaren 27 eta 28an egin zuen eguraldia dela eta karting proba irailera atzeratu behar izan zen, eta Umeen Egunean erraldoien kalejira moldatu behar izan genuen, baina azkenean dena egiteko aukera izan genuen" zehaztu du Odriozolak. "Gustura " da, festen ondoren eta eskertzeko asko duela dio: "Eskerrak eman nahi dizkiet festak antolatzen ibili diren guzti-guztiei; MArea Arroxari, gainontzeko eragile eta norbanakoei eta festak ondo joateko lanean aritu diren udal langile guztiei. Ezinbestekoa izan da guztien lana". 

 

Eraso matxistei aurre egiteko kanpaina

Festa giroan gertatzen diren eraso sexisten jakitun, laugarren urtez jarraian, arazo horren inguruko sentsibilizazio, informazio, aholkularitza eta lehen harrerarako karpa jarri da Plaza txikian, hiru egunez. Idoia Arrizabalaga Parekidetasun zinegotziaren arabera, "beste behin ezinbestekoa" bihurtu da kanpaina. Jende asko joan da karpara, galdezka, informazio eske zein esperientziak kontatzera: "Tamalez, festa giroan ere ohiko dira erasoak, eta horri aurre egin eta festak libre gozatzeko kanpaina egiten saiatu gara. Karpara jende asko etorri da beren esperientziak kontatzera, eta herritarrek zerbitzu hori eskertzen dutela adierazi digute", adierazi du.

Aurtengoan ere Udalak ez du eraso aipagarririk gertatu denik jakin: "Balorazio oso positiboa egiten dugu beste behin. Karpak, tabernariekin sortutako elkarlanak eta aurten jarri dugun zuzeneko telefono zenbakiak bere funtzioa ondo bete duela uste dugu, erasoei aurre egiteko eta herria sentsibilizatzeko balio izan du aurretik zein festetan egindako lanak", zehaztu du. Festak bukatuta, indarkeria matxistari aurre egiteko eta hezkidetza programekin lanean jarraituko du Udalak lanean. 

 

Inklusioa helburu

Festen bueltan, aurten bi ekimen berri ere jarri ditu Udalak martxan. Alde batetik, Marea Urdinarekin elkarlanean, aniztasun funtzionala duten pertsonek ere barraketaz lasai goza dezazten musikarik gabeko bi arrats izan dira: "Jendetza ibili da bi egunetan Marea URdinakekoak ere gustura agertu dira, eta aurrera begira, festa inklusiboagoak izateko lanean jarraituko dugu", adierazi du Odriozolak. Bestetik, festetara lanera etorri eta aterperik ez zutenentzat oinarrizko beharrei erantzuteko gune bat jarri da. Bertan, aterpea, koltxoiak, dutxak eta komunak eskaini zaizkie eta egunero 50 bat lagun izan dira: "Erabiltzaileak oso eskertuta agertu dira, proba gisa lehen pausoa eman dugu eta aurrera begira bide honetan lanean jarraituko dugu", adierazi du Josu Labakak. 

 

Ikusi festetako argazkiak

Baserritarren Eguna

Umeen Eguna

Saninazio bezpera

Saninazio bigarrena

 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information