wrapper

 Urriaren 31n hasiko da aurtengo Euskal Antzerki Topaketen edizioa, eta ohi bezala euskarazko antzerki obra ugarirekin osatu dute aurtengo eskaintza. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak topaketak egiteko lanean aritu diren guztiak eskertu nahi izan ditu hasteko: "Eskerrak topaketa hauek ilusioz antolatzen ibiltzen zareten guztioi, eskerrak zuen obrak aurkeztera etortzen zaretenoi, eta eskerrak aurten, bereziki, sorkuntza bekaren bidez zuen antzerkia hemen sortu eta hemen taularatuko duzuenoi".

Aurten, Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak elkarlanean ematen dituzten Sorkuntza Beketako hiru obra estreinatuko dira Antzerki Topaketen baitan. Ostegunetan, 20:00etatik aurrera izango dira saioak dinamoan eta Erika Olaizolaren Panpina, Xanti Agirrezabalaren Satiro, Maite Aizpuruaren umm...mmu eta Esti Curielen 35 huts antzezlanak izango dira ikusgai.

Alkortak, euskal antzerkigintzak azpeitian tradizio handia duela azpimarratu du: "Antzerkia tradizio handiko kultur disziplina baita gurean. Baina iragana izateaz gain, etorkizuna ere izan dezaten eusten diogu Euskal Antzerki Topaketei eta hori da gure apustua", zehaztu du. Hala, Soreasuko Dinamoa sormen gunearekin  ilusio sortzen dioten  antzerki eskola jarri dutela abian zehaztu du: "Heldu, haur eta gaztetxoak hemen elkartuko dira antzerkia sentitzeko eta antzerkiaz gozatzeko. Udalak apustu sendoa egiten du euskal antzerkigintza lagundu eta babesteko. Urte zailetan ere ahalegin berezia egin dugu Topaketa hauei eusteko, eta hemendik aurrera ere zuen bidelagun izateko konpromiso osoa dugu". 

Eneritz Albizu kultura batzordeburuak antzerki topaketen inguruko hainbat datu plazaratu ditu: "Guztira, 30 antzezlan, txontxongiloen erakusketa eta EHko antzerki eragileen arteko lehen topaketa bat bilduko ditu. Anztezlanen artean, 4 estreinaldi eta aurre-estreinaldi bat izango ditugu". Topaketak euskara hutsean izateak duen garrantzia ere azpimarratu nahi izan du. "Azpeitia beste hainbat esparrutan eredu da eta hemen ere eredu izaten saiatu behar dugu. Hainbat arlotan erakutsi du posible dela euskaraz bizitzea, eta kultur arloan ere oso argi dugu hori dela gure bidea. Kultura ere euskaraz bizi dugu eta erakusten dugu posible dela antzerki topaketak euskaraz egitea".

 

Sortzailen ziklo berria, Dinamoan

Urriaren 31n hasi eta ostegunero, azaroaren 7, 14 eta 21ean, Udalak bultzatu eta lagundutako sormen beka jaso eta Dinamoan sortutako antzezlanak izango dira, aurten lehen aldiz. Saioak ostegunetan 20:00etan Dinamoan bertan izango dira eta Erika Olaizolaren Panpina, Xanti Agirrezabalaren Satiro, Maite Aizpuruaren umm...mmmu eta Esti Curielen 35 huts izango dira ikusgai. Saioaren ostean, mokadu baten bueltan sortzailearekin solasaldia izango da. 

Egileen eskutik sormen esperientziak partekatzeaz gain, antzerkizaleok prozesu honen bitartez lortu diren emaitzak gozatzeko aukera izango dugu.

Punta-puntako helduentzako antzezlanak

Euskal Antzerki Topaketen XXXVII. edizioan euskarazko antzerkia bultzatzen dabiltzan hainbat konpainia, aurreko urteetan bezalaxe, beren azken obrekin izango dira Soreasu Antzokian, 21:30etatik aurrera:

  • Azaroaren 1ean, Artedramak zuzenduta Zaldi Urdina
  • Azaroaren 2an, Tanttakaren Izoztutako haizea bezala
  • Azaroaren 9an, Eromen Produkzioak Orlac-en eskuak
  • Azaroaren 16ean, Tartean teatroaren eskutik Simplicissimus Kabaret-en” aurrestreinaldia eta lehenbiziko aldiz ikusteko aukera

 

Antzerki talde berri-berriak ere igoko dira taulara Azpeitian. Azaroaren 8an, Rubik konpainiaren Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak izango da ikusgai eta azaroaren 15ean, Pabellon 6 Gazte Konpainiaren Zer Gertatu ote zitzaion Ana Garciari?

Azaroaren 22, ohi bezala, Antzerki Alternatiboa izango da Gaztetxean, Horman Posterren “Eraikitzen gaituzten hitzak” taularatuko da. 

Topaketak bukatzeko kale antzerkia antolatu da azaroaren 23rako (Alde Zaharrean  20:00etatik aurrera), Cia Tornadoren Lapur Minak ikusteko aukera izango da. 

Familia antzerkia, igandetan

Orain dela pare bat urte hasitako egitasmo berri bati aurten ere bultzakada eman nahi izan zaio. Hala, azaroaren 3an, adin guztietako haurrei zuzendutako bi antzerki lan lotu dira, ordu berean baina leku ezberdinetan.

Bata, Dinamo Sormen gunean programatuko da. Yarleku teatroaren eskutik Etxerik Txikiena obra, 5/6urtetik gorakoentzat. Bestea, berriz, Soreasu Antzokian; Pantharrei talde profesionalak zuzenduta Noa uy!uy!uy! obra, 3-6 urte bitartekoentzat.

Horiez gain, azaroaren 10ean, Tearo Paraisok (Gasteiz), Soreasu antzokian Gizon Zoriontzuaren Alkondara taularatuko du. Azaroaren 17an Eidabe Taldeak Mari eta Gaileta Fabrika antzeztuko dute Soreasuko antzerki gunean.

Eskola antzerkiaren topaketak 

Hilaren 11tik 13ra, haur eta gaztetxoei zuzendutako emanaldiak izango dira goizeko 11:00etan eta arratsaldeko 15:30ean. Amezketa, Lasarte-Oria, Beasain, Bermeo, Azkoitia eta Azpeitiko taldeak ikusi ahal izango dira bertan.

Emanaldi guztiak Azpeitiko zein eskualdeko ikastetxeetako ikasleei zuzendutakoak izango dira. Egunero, saio bakoitzean, 300-400 haur /nerabez osatutako ikuslegoa izango da Soreasu antzokian.

Corrado Masacciren txontxongiloen erakusketa pertsona ororentzat irekia izaten bada ere, ikastetxeetako haurrekin tailerrak ere egingo dira, ohi bezala, Betharrametako Udal Erakusketa aretoan, azaroaren 1etik 17ra. 

Euskarazko antzerkigintzaren topagunea, lehen aldiz Azpeitian

Azaroaren 21ean, euskarazko antzerkigintzaren topagunea eta euskal antzerkiaren lekua izango da Azpeitian, egun osoz Sanagustin kulturgunean eta Dinamo Sormen gunean izango dira. Lehen hitzordu horretan, euskarazko antzerkigintzan diharduten hainbat eragile bilduko dira egun osoko jarduna partekatzeko; Eusko Jaurlaritza, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea, Euskal Kultur Erakundea, Euskadiko Antzoki Sarea, Nafarroako Antzoki Sarea, Azpeitiko Udala eta Azpeitiko Kultur Mahaiaren Kulturaz kooperatiba elkartuko dira.

Aitor Bengoetxea Kultur Maiaren Kulturaz kooperatibako kideak udalaren eta Kulturazen arteko elkarlana jarri nahi izan du balioan. "Antzerkia osotasunean eta modu duin batean lantzera iritsi gara, eta aurten horri beste ukitu bat eman nahi izan diogu Euskal Antzerkiaren Lekua topagunearekin. Adituak eta arituak direnek topaketa egingo dugu herrian, eta hori urtez urte euskarazko antzerkigintzaren erreferentziagune bilakatzea da asmoa", zehaztu du. 

 

EUSKAL ANTZERKI TOPAKETETAKO ESKAINTZA.