wrapper

Oharrak

Ostegun arratseko ez-ohiko plenoan Sustapen ekonomikorako Plan integrala onartu zuen Azpeitiko udalak aho batez. Plan honen helburua da COVID-19ak eragindako kalte pertsonal eta ekonomikoak arintzeko laguntza lerroei marko bat eskaintzea; irizpideak ezartzea.

Nagore Alkorta alkateak azaldu zuen orain artean hartutako berehalakotasuna eskatzen zuten laguntza lerroez gain, epe-ertainerako ekintza plana ere biltzen duela: “Alarma egoerak sortutako kalteak arintzeko urgentziazko erabakiak hartu behar izan ditu udalak, herritarren bizi kalitatean ahalik eta eragin txikiena jasan dezan. Orain, ordea, aurrera begira erabakiak hartzeko ordua da”.

Alarma egoeraren lehen bi hilabeteetan "momentuko behar eta eskaerei erantzun azkarra" ematea izan da udalaren helburua: "Udala da herritarrengandik gertuen dagoen erakundea, eta zain egon gabe erantzun beharra dugu", adierazi du.

Aurkeztutako plana bizia da, hau da, filosofia edo ildo bat markatzea da helburua, oraindik ere pandemiak zer ekarriko eta sortuko duen ezin baita jakin. Hala ere, 12 lan lerroko ekintza plana osatu dute, arlo ezberdinei erantzuna emateko: "Herritarren ekonomian eragiteaz gain, tokiko ekonomia eta industria bultzatzeko baliabideak jartzea da helburua". Epe ertainean, martxan jarri gabe dauden lerroak banan-banan abian jartzea izango da Udal Gobernuaren lana.

Elkarlana abiapuntu


Plana adostasun osoz onartu da, eta osatu ere elkarlanean egin da: “Herriak eta momentuak alderdion elkarlana eskatzen dute, eta plana osatzeko bilerak egin ditugu eta ekarpenak jaso ere egin ditugu. Eta hori eskertu nahi dut”, gaineratu du. Urrats garrantzitsutzat jo du Alkortak elkarlanerako emandako pausoa: "Pozgarria da horrelako gai garrantzitsu batean bat egitea. Hitz eginez akordioak lortzeko gai garela erakutsi dugu. Eta egoera konplikatu honi erantzuna emateko baliabideak eta aukerak ditugu".

Amaia Etxeberria oposizioko eledunak ere "pozgarritzat" jo du izandako elkarlana: "Orduak sartu ditugu plan hau adosteko eta gure hainbat proposamen aintzat hartu dira. Etorri den ekaitzari aurre egiteko aterki bat sortu dugu, eta ados gaude". Dokumentu irekia denez eta puntu batzuetan ados ez egon arren, aurrera, elkarlanean egiteko aukera dagoela adierazi du: Adibidez, turismo arloan. Arlo hori sustatzeko proiektua lantzeko erronka jaso dutela adierazi du "elkarlanean errazagoa" dela herrirako lan egitea.

 

Ikusi Ekonomia Sustatzeko Plan Integrala

 

12 lerroko ekintza planaren

AURREKONTUA

1.- Zaintzarako laguntzak

300.000,00€

2.- Txikizkako komertzio nahiz ostalaritza eta antzeko establezimenduentzako diru-laguntzak

300.000,00€

3.- Gizarte-bazterkeriako eta behar larriko egoerei aurre egiteko norbanako eta familientzako udal laguntzak

362.000,00€

4.- COVID-19 birusak kaltebera ekonomikoan utzi dituen herritarren errenta nahiz mailegu gastuei erantzuteko diru-laguntza deialdia

80.000,00€

5.- Babes publikoko etxebizitzetako maizterrak errenta ordaintzetik salbuestea

 

6.- Alokairurako diru-laguntzen deialdi orokorra

100.000,00€

7.- Udal zergen ordainketen atzerapena

0

8.- Tokiko kontsumoa sustatzeko bonoak eta ekimen hau eta antzekoak babesteko komunikazio kanpaina

50.000,00€

9.- Etxeko gastuak finantzatu eta aldi berean gremioak mugitzen dituzten jarduerak diruz laguntzea: etxebizitzetako energia aurrezteko jarduerak…

40.000€

10.- Herriko ekonomia sustatzeko diru-laguntzak:

 

10.1.-Merkataritza arloan eta lehen sektorean enplegua eta ekonomia sustatzera bideratutako diru-laguntzak

175.000,00€

10.2.-Industria proiektu estrategiko edo berritzaileen bitartez enplegu sustapena finantzatzera bideratutako diru-laguntzak

160.000,00€

10.3.-Ekintzailetasuna sustatuz, bereziki gizarte ekonomian eta izaera estrategikoa edo berritzailea duten jardueretan enpleguaren sorrera bultzatzeko diru-laguntzak

65.000,00€

11.- Langabezian dauden pertsonen kontrataziorako laguntzak

75.000,00€

12.- Formaziorako laguntzak

25.000,00€

KALKULATUTAKO AURREKONTUA, GUZTIRA

1.700.000€

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information