wrapper

Oharrak

Egunean bi txanda izango dira, goizetan 11:00etatik 14:30era eta 15:00etatik 20:00etara. Txanda bakoitzean 150 pertsona sartuko dira igerilekuan, gehienez eta aurrez txanda hartu beharko da. Ostiralean, udal webgunean jarriko da txandak hartzeko aukera. Aniztasun funtzionala duten herritarrek aurrez txandarik hartu gabe joateko aukera izango dute.

Azpeitiko Udala pixkanaka-pixkanaka ari da bere zerbitzuak normaltasun berrira egokitu eta abian jartzen. Duela zenbait aste, deseskalatze protokoloak zehaztu eta prebentzio neurri guztiak hartuz kirol instalazioak irekitzeko pausoa eman zuen. Orduko protokoloak aldatuz joan dira eta normaltasun berrirako neurriak zehaztu ditu Eusko Jaurlaritzak eta horrek eragin zuzena izan du kanpoko igerilekuan eta Izarraizko Atea parkeko txorroetan.

Kirol instalazioak irekitzean Udalak aztertu zuen kanpoko igerilekua irekitzea ere. Orduan bete beharreko protokoloen arabera, 80 pertsona soilik sartu zitezkeen aldi berean, eta horretaz gain, igerilekuko tobogan eta ur jauziak ezin ziren erabili. Erabiltzaile guztiei zerbitzu egoki bat eskaintzea ezinezkoa zenez egoera horretan, ez zuen ireki: “Kanpoko igerilekuaren berezitasunetako bat da duen espazioa, bereziki berdegunea, oso mugatua dela. Horri mantendu beharreko segurtasun distantziak gehituz gero sartu daitekeen jende kopurua asko mugatzen du”, adierazi du Egoitz Arruti Kirol Batzordeburuak.

Eikainaren 19an Eusko Jaurlaritzak argitaratutako dekretuan zehaztutako protokoloak aplikatuz, kanpoko igerilekuaren aforoa 150 pertsonara artekoa da, eta ur jauzi eta toboganak ere erabili daitezke. Hori jakinik, Udalak uztailaren 6an kanpoko igerilekua irekitzea erabaki du: “Hasieratik gure helburua kirol instalazio guztiak abian jartzea izan da, baina exijitzen zizkiguten prebentzio neurriak oso zorrotzak ziren. Protokolo berria aztertzean ikusi genuen igerilekua bere osotasunean erabiltzeko aukera eskaini dezakegula. Astelehenean aipatutako baldintzetan irekiko da, baina gure asmoa neurriak leuntzen doazen heinean, igerilekuko erabilera baldintzak errealitatera egokitzen joatea da. Erabiltzaileei eta herritarrei pazientzia eskatu nahi diegu. Ez ohiko egoera da guztiontzat eta guztion artean, norberaren osasuna eta herritarrena lehenetsiz, egin behar dugu aurrera”, adierazi du Egoitz Arruti Kirol batzordeburuak.

Egunean bi txanda izango dira, goizetan 11:00etatik 14:30ak arte eta 15:00etatik 20:00ak arte; tartean desinfektatu egingo da igerilekua. Txanda bakoitzean 150 pertsona sartuko dira gehienez eta aurrez txanda hartu beharko da. Ostiralean, uztailak 3, udal webgunean jarriko da txandak hartzeko aukera. Astean bi aldiz joateko aukera izango du pertsona bakoitzak. Aniztasun funtzionala duten herritarrek aurrez txandarik hartu gabe joateko aukera izango dute.

Momentuko kirol azpiegiturak irekitzen dituzten protokoloen arabera antolatu da funtzionamendua, protokoloak malgutzen badoaz, zerbitzua egokitzen joango da Udala.

 

Izarraizko ateako txorroak, ere irekita

Igerilekuarekin batera, Izarraizko Ateako ur txorrotadak irekiko ditu Udalak. Txorroen erabilera ere protokolo berrira egokitu behar izan du Udalak, eta bete beharreko prebentzio neurriak tarteko zaintzailea izango da gunean. Txorroetarako sarrera mugatua izango da eta, aldi berean, gehienez 15 lagun egon ahalko dira, 10 minutuko txandetan.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information