wrapper

Oharrak

Uztailaren 24, 25, 30 eta 31n eta abuztuaren 1ean taberna, jatetxe eta soziedadeak 00:00etan itxiko dira. Ostalariek eta udal ordezkariek herritarrei ezarritako irizpideak bete eta erantzunkizunez jokatzeko eskatu die.

Uztailaren hasieran eman zuten jakitera festa egitaraurik ez zela egiongo, agerraldi publiko baten bidez, festen antolaketan aritzen diren eragileek eta Azpeitiko Udalak. Festak antolatzeko baldintzarik ez zegoela ikusi zuten. Ordutik, egoerak ez du hobera egin eta hainbat herritan berragerpenak eta foku berriak sortzen ari dira. Eta, nahiz eta, Azpeitia ez izan orain arte Covid-ak eragin esanguratsurik izan duen herria, kezkaz ikusten dute Udaletik eskualdeko eta Gipuzkoako hainbat puntutan gertatzen ari den egoera, are gehiago, datozen datak direla eta. Horrexegatik, arduraz jokatzen jarraitzeko deia egin du, unean-unean ezartzen diren osasun-arauak betez, kutsatzerik gerta ez dadin.

Ostalaritza elkartearekin adostutako ordutegiak
Aipatutako neurriez gain, Udalak tabernen itxiera ordutegiak adostu du Alde Zaharreko tabernarien elkartearekin. Hala, uztailaren 24 eta 25ean eta uztailaren 30etik abuztuaren 1era bitartean, taberna, jatetxe eta soziedadeak 00:00etan itxi eta terrazak bilduko dira.

Udalak tabernari eta ostalariei erabaki hau hartzean azaldutako prestutasuna eta herritarron osasunarekin erakutsitako konpromisoa eskertu nahi izan die; jakinda pandemiak beren negozioan eragin zuzena duela eta establezimenduetan egoera horren eguneroko kudeaketak dakartzan zailtasun gehigarriak tarteko.

Ohiturak birpentsatzea eta egokitzea
Egun hauetan, nahiz eta jai egutegirik ez egon, Udala jabetzen da herritarrek hainbat asmo eta plan dituztela. Ospakizunari tokia ukatu gabe, osasunagatik eta ardura kolektiboagatik beharrezkoa izango da plan eta topaketa horiek berriz pentsatzea eta bizitzen ari garen egoerara egokitzea.

Osasun Sailak pasa den astean argitaratutako dekretu baten bidez maskararen erabilera derrigorrezkoa da, eta 10 pertsona baino gehiagok ezin dute elkartu. Era berean, terrazan lekurik ez duten edo establezimenduaren edukiera gainditzen duten pertsonek ezin izango dute establezimenduaren sarreran zutik kontsumitu. Horretaz gain, gazte lokalak ixteko agindua ere eman zuen. Halaber, kalean ezin dela edan gogorarazi nahi du Udalak eta, beraz, kedadak eta botiloiak zorrotz kontrolatuko direla jakinarazi du.

Herritarren erantzukizunerako deia
Hori guztia kontuan hartuta, Udalak herritarrei dei egiten die egun horietan dena ondo atera dadin, ezarritako arauak errespeta ditzaten, uneoro arduraz joka dezaten eta lanean ari direnei lagun diezaioten.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information