wrapper

Atzo arratsaldean aurkeztu zen azpeitiarren aurrean proiektua, eta jakinmin handia piztu du; izan ere, Sanagustin kulturgunea bete egin zen. Kooperatibista izan nahi dutenen aurreinskripzioa zabaldu da eta www.ekindar.eus helbidean egin daiteke.

 

                                                                                             

Hilabete luzeetan lanean aritu ostean, atzo, abenduak 15, aurkeztu zuten proiektuaren sustatzaile lanetan ari direnek, Azpeitian bertan energia sortuko duen Ekindar energia kooperatiba eta bere lehen proiektua. Sanagustinen zen hitzordua 19:00etan, eta ordua iritsi aurretik bete zen aretoa. Proiektuak, beraz, hasieratik interesa piztu du herritarren artean.

Proiektua aurkezteko, bertan izan ziren, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Amagoia Barandiaran Ekiola kooperatibako zuzendaria, Josu Labaka Azpeitiko udaleko zinegotzia eta proiektuaren koordinatzailea, Hodei Arzak Ekiola Kooperatiba taldeko kontseilaria eta Xabier Aldalur, proiektuaren sustatzaileetako bat.

Xabier Aldalur Bertan merkatari elkarte sustatzaileko kideak bilera hasteko “proiektua aurreratuta” dagoela, baina oraindik ere “zenbait gauza lotu eta lantzeko” daudela azpimarratu zuen. Gaur gaurkoz, proiektuaren sustatzaileak nortzuk ziren ere zehaztu zuen: Iraurgi Ikastetxea, Azpeitiko Ikastola Ikasberri, Karmelo Etxegarai ikastola eta Urola BHI, Kulturaz kooperatiba, Artxara kooperatiba, Usurbilgo Lanbide Eskola, Bertan Merkatari Elkartea, Azpeitiko Udala eta Ekiolaren bidez, Euskal Energiaren Erakundea eta Krean Ingenieritza.

“Lan asko egin bada ere, oraindik asko dago egiteko. Baina uste dugu, herritarrei proiektuaren xehetasunak azalduz, pauso bat emateko garaia ere badela. Fase berri batean sartzekoa, eta gure etxeetan, geure energia sortzeko aurrera egitekoa”, gaineratu zuen.

Alkortak “proiektuaren alde” lanean dabiltzanak eskertu nahi izan zituen; horien artean, herri eragileak bereziki. Garai zailak bizi izanagatik ez daudela geldirik azaldu zuen: “Lanak eta esfortzuak biderkatuz aurrera goaz. Eta gaurkoan, denon artean, azpeitiko herriarentzat eta azpeitiarrentzat pauso berri bat ematera goaz”. Azpeitia 2030, plan estrategikoan herriaren etorkizuna irudikatu zen, norabide bat ezarri eta lanerako erronkak zehaztu. Trantsizio energetikorako bidea zen horietako bat: “Goitik ez datozen aldaketak behetik aldatzen saiatuko gara”.

Datu bat ere eman zuen. Atzo bilerako orduan, argindarraren prezioaren datu historiko berri bat ezarri zen: 319 MWH izan zen argindarraren prezioa. “Izugarrizko prezioak ordaintzen ditugu herritarrok. Injustizia egoera horren aurrean ekitea eta pauso bat ematea dagokigu, ezinbestean”.

Udala ere trantsizio energetikoaren bidean, pausoak ematen ari dela gaineratu zuen. Hala nola, eraikin publikoetako efizientzia energetikoa aztertzen eta hobetzen, qrgiteria publikoa egokitzen, ikastetxeekin proiektu desberdinak bultzatzen eta enpresek plaka fotovoltaikoak jartzeko diru-laguntza lerro bat ere baduela aipatu zuen.

Barandiaranek bere aldetik Ekiola zertan datzan aurkeztu zuen. “Duela bi urte elkarlan publiko-pribatuaren bidez sortu zen proiektua. Energiaren Euskal Erakundeak eta Mondragon kooperatiba taldearen lankidetzatik, hain zuzen ere”.

Ekiolaren helburua Euskal Herriko herri eta bailaretan tokiko energia komunitateak sortzea da, bertako biztanleen energia beharrei erantzuteko. “Batez ere, modelu bat sortu nahi dugu, era sistemikoan herriei komunitateak sortzeko prozesuetan lagundu eta erremintak emateko”.

Ekindarren lehen proiektua
Ekindarren xehetasunak, Labakak eta Arzakek azaldu zituzten. Hasi aurretik, ordea, gauza bat argitu nahi izan zuten: “Gaur hemen aurkeztuko ditugun datuak, aldagai askoren menpekoak dira, eta eskuartean ditugun elementuekin osatuak dira. Behin-behinekoak dira, aldagarriak, baina kokatzeko balio digutenak”.

• Ekindar azpeitiarren energia kooperatiba, irabazki asmorik gabekoa izango da. Bazkideen %70a herritarrena izango da eta %30 bestelako bazkide kolaboratzaileena.
• Hiru helburu nagusi izango ditu kooperatibak: gaiaren inguruko sentsibilizazioan eragitea; enregiaren prezioaren demokratizazioa bultzatzea eta trantsizio energetikorako pausoak ematea,
• Ekindarren lehen proiektua hektarea bateko plaka fotovoltaikoen parke bat egingo da. 2.200 panel inguru ezarriko dira bertan.
• Sortutako energia sare orokorrera salduko da, eta bazkideek saretik jasoko dute energia bere etxean.
• Bazkideek 25 urterako energia izango dute aseguratuta.
• Urrestillan, Kaminazpi deituriko eremuan kokatuko da parkea.
• Herriko 450 familia eta merkatariren energia beharrak asetzea aurreikusten da.
• Lau lagun bizi diren etxe bateko energia beharrei aurre egiteko 5 panel behar izaten dira gutxi gorabehera.
• Bazkide izan nahi dutenei, gaur egungo fakturarekin kalkulua egingo zaio, bazkide izateko aportazioa eta fakturan ordainduko dutena zehazteko.
• Bakoitzak bere energia beharrei erantzuteko adina energia erosteko aukera izango du. Hau da inbertsio energetikoa izango da.
• Lur eremu horretan instalazioa egiteko ingurumen baimenak tramitatzen ari dira, eta ahozko baimenak badituzte ere, idatzizko baimen definitiboa otsailean jasotzea aurreikusten da.
• Plakak jartzeaz gain, eremuari bigarren eta hirugarren nekazal erabilera ematea nahi da. Hala, erletegia eta landare-hazitegia ere ezarriko dira bertan.


Udalak diru lagunduko ditu bazkideak
Udalak 2022ko aurrekontuen baitan, bazkide egiten diren herritarrak diruz laguntzeko diru partida jarria du, 250.000€ bideratu dira horretara, zehazki. Laguntza horren bidez, energiaren trantsizioan eragiteko pausoa ematen diren herritarrak lagunduko dira. Laguntza horretaz gain, gainera, okerren pasatzen ari diren eta proiektuan parte hartu nahi duten duten herritarrentzat laguntza gehigarri bat jartzea ere aztertzen ari dela azaldu zuten.

 

Proiektu eta bazkideen ekonomia

Plaka fotovoltaikoen proiektuaren aurrekontua 1.248.000€koa da. Hortik 132.000€ proiektuaren tramitazioan sortutako laneta bidaratu beharko da; beste 1.116.000€koak plakak ezartzeko inbertsioetarako izango da.

Bazkide egin nahi dutenen xehetasunetan sartuta, aurrez eipatu bezala, hainbat faktoreren menpe daudela azpimarratu nahi izan zuten Labakak eta Arzakek. Hala, hasierako inbertsioa hainbat diru laguntzaren arabera aldagarria da.

Udalak bazkide egiten diren herritarrei emango dizkien laguntza horiez gain, aurrekontuaren %30a finantzatzeko aukera badago, bazkideek horrela erabakitzen badute. Finantzaketa horren bidez,herritarrek hasieran egin beharreko aportazioa murriztuko litzateke. 

Horretaz gain, datozen egunetan argitaratzekoak diren IDAE-ren laguntzetara proiektua aurkeztuko da, eta kooperatibaren inbertsioaren %45a inguru jasotzeko aukera izan dezakeela aurreikusten dute. Laguntza hori jasoz gero, beraz, herritarrek eginbeharreko aportazioa nabarmen jaitsiko litzateke.

Eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere komunitate energetikoetan parte hartzen duten herritarrei kenkari fiskalak ezartzeaz gain, diru-laguntza bat ateratzekotan direla ere aurreratu dute.

Aurreinskripzioa zabalik

Atzotikproiektuan interesa duten eta bazkide izateko interesa duten herritarrek aurreinskripzioa egiteko aukera dute www.ekindar.eus helbidean. Inskripzioa egiten dutenak ez dute ondoren bazkide izateko konpromisorik hartzen, eta bazkidetza kanpaina hastean, bazkidetzako baldintzak-eta jakiteko kalkuluak egiteko lehentasuna izango dute.