wrapper

Santioak heltzear direla aurkeztu dituzte festak gaur udalak eta festetan ekintzak antolatzen dituzten herri eragileek. Ia heun ekintza izango dira datozen egunotan herrian. Uztailaren 22an hasi eta abuztuaren 2ra arte izango da zer ikusia eta zer gozatua herrian. Aurten, bereziki, aniztasunean egin dute azpimarra aurkezpenean Nagore Alkorta Alkateak eta Mikel Odriozola Festa batzordeburuak. Eta festetan erasorik egon ez dadin elkartzaintzarako deia egin du Idoia Arrizabalaga Parekidetasun batzordeburuak.

Bi urteren ostean, “gogoz eta ilusioz” azaldu da alkatea: “Azpeitiko plazan elkartzeko eta elkar agurtzeko egunak iristear dira eta eragile eta udalak beste urte batez, Azpeitiak eta azpeitirarrek merezitako festak izatea espero dugu”.

Aurten, bereziki aniztauna landu nahi izan dute festen baitan: “Azpeitia denontzako da. Denok dugu lekua Azpeitian. Bakoitzak bere desberditasunetik aberasten eta osatzen dugu Azpeitia. Azal kolore, sexu, erlijio, gustu eta kultura desberdinekoak gara azpeitiarrak, eta Azpeitiak elkartzen gaitu. Anitzak gara, eta aniztasunetik bizi nahi ditugu festak ere”, azpimarratu du.

Aniztasun horren isla izango diren bi hitzordu aipatu nahi ditu. Alde batetik, duela zenbait egun aurreratu bezala, Atzegiko kideek botako dutela aurtengo txupinazoa gogorarazi du. Desgaitasun intelektuala duten azpeitiarren alde 60 urte baino gehiagoan lanean ari den elkarteari eta Atzegiren baitan elkartutako kide, boluntario, senide eta Atzegizaleei egiten duten lan guztia errekonozitzeko eta eskertzeko eguna izango da.

Horretaz gain, uztailaren 23an, festen baitan lehenengoz aniztasun festa antolatu da: “Bertan munduko txoko desberdinetatik etorritako azpeitiarrek beraien sorterriko kultura, hizkuntza, tradizio zein bestelakoak ezagutarazteko festa egingo dute. Elkar ezagutzeko eta festak kolorez betetzeko eguna izango da”. Aurten, lehen aldiz, gainera, Azpeitian gehien hitz egiten diren hizkuntzetara itzuli da festetako programa. Hala, bihartik aurrera udaleko webgunean gazteleraz, arabieraz, urduz, errumanieraz eta portugesez ere ikusgai izango da programa. Euskarazko programa, berriz, gaur hasi dira etxez etxe banatzen eta datozen egunetan iritsiko da herriko etxe guztietara.

Bukatzeko, herri eragileak eskertu ditu eta festak gozatzeko deia egin du: “Lagunartean, familian goza ditzagun festak. Beti ere, berdintasunetik, aniztasunetik eta elkar errespetatuz”.

100 ekintza inguru
Uztailaren 22tik abuztuaren 2ra bitartean, ia 100 ekitaldi izango dira. Hala adierazi du Odriozolak: “Denetarik eta denentzako ekitaldiak izango dira. Kultura, kirola zein aisialdirako ekintzak antolatu dira”.

Egitarauko zerbait aipatzen hasita zaila izan du aukeratzea: “Haurren eguneko erraldoien lehiaketa, Amak, Los chikos de Maiz, Ezpalak edo Asian Dub Fundationen kontzertuak, Ilunperekin elkarlanean antolatutako puntako pilota partidua edo abuztuaren 1ean berreskuratuko den Bakailau txapelketa aipatuko nituzke, Nagoren aipatu duen uztailaren 23rako antolatutako Aniztasun festaz gain”.

Guzti honen antolaketan dabiltzan eragile eta norbanakoak ere eskertu nahi izan ditu: “Festen antolaketan lanean aritzen diren ergile, norbanako eta udal langile guztiak eskertu nahi ditut, Guztien lan eta koordinaziorik gabe ezinezkoa izango zelako antolatu dugun egitaraua antolatzea”.

Erasorik gabeko festak
Festak gozatzeko badira ere, tamalez, f”estetan eraso matxistak areagotu” egiten direla gogorarazi du beste behin Arrizabalagak. “Urtean zehar egiten dugun lanketa, festen baitan indartu egin dugu”, zehaztu du. Uztailean, hitzaldi, bilera zein autodefentsa ikastaroak antolatu ditu udalak. “Berdintasuna landuz erasoak ekidin edo aurre egitea lehentasunezkoa eta estrategikoa da eta prebentzioa dela uste dugu gakoa. Festetan zein urte osoan landu eta bultzatzen ditugu indarkeria matxistaren eta gizarte parekideago bat osateko politikak” gaineratu du.

“Festetan denok ondo pasatzea nahi izaten dugu, eta merezi dugu. Saninazioak, denok gustora, libre eta seguru pasatzeko dira, eta denon esku dago horrela izatea. Arretaz ibil gaitezen inguruan gertatzen denaz ohartzeko, zerbait somatuz gero erasoak aurreikusi eta laguntzeko, babesteko eta harreta eskaintzeko”.

 

EGITARAUA