wrapper

Atzoko iraileko plenoan aho batez onartu zen hizkuntza eskubideen aurkako epaiaren inguruko mozioa. Hala ere, EH Bilduk, salaketaz harago, bi puntualizazio egin zituen. Zehazki, Aitor Larrañaga Euskara Batzordeburuak honakoa gaineratu nahi izan zuen: "Udal honek konpromisoa hartzen du hizkuntzaren normalizazioan eragile izateko, eta dagokionari eskatzeko euskara babesteko eta sustatzeko lege babesa garatu eta onartu dezala; eta, udalak konpromisoa hartzen du bere jardunean zeharkakotasunez euskararen normalizazioan aurrerapausoak emateko. Lanean jarraituko dugu zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza euskara izan dadin". 

MOZIOA

Euskalgintzako eragileekin batera Azpeitiko EAJko hautetsiok zera adierazi nahi dugu: Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Udal Legearen aurka, udalei euskara hutsez aritzeko aukera ezetsiz, emandako epaiak eragin digun kezka larriak ekarri gaitu idatzi hau aurkeztera.


Kezkagarria eta larria iruditzen zaigu sentenzia euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuari oztopoa jartzea delako, helburu horren alde udaletatik bideratzen diren hizkuntza-politikak guztiz mugatzen baititu.


Bide batez adierazi nahi dugu herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzen dituzten hizkuntza-politikak direla atzera bota diren horiek, ezetsi den Udal Legearen 6.2 artikuluak berariaz jasotzen baitu berme hori.


Finean, euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen ditu epai honek, eta euskarak normalizazio eta biziberritze bidean etorkizunera begira dituen desafio handiei aurre egiteko moduko hizkuntza-politikak indarrean jartzea eragozten du.


Eusko Legebiltzarrak kontsentsu zabalez onartu zuen orain baliogabetutako Udal Legea. Era berean, azken Inkesta Soziolinguistikoak argi erakutsi du gizartearen gehiengo zabala babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak. Beraz, epai hori euskararen biziberritzearen aurkakoa ez ezik, adostasun sozial handi baten kontrakoa ere bada. Azken batean, herritarren eta udalen erabakimena jartzen ditu auzitan. Erabakimen horren defentsan, hona hemen ehunka alkate eta udal ordezkariren presentzia.


Uste dugu epai hau oldarraldi judizial zabalagoaren parte dela, hizkuntza gutxituak jomugan dituen olatu erreakzionario batean kokatzen dela. Epai honen ondoren, salaketa are eta irmoago egiten dugu: oldarraldiaren aurka, baina, batez. ere, euskararen normalizazioaren eta biziberritzearen alde.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information