wrapper

Etxebizitza zein etxe-atarietako hobekuntzak lagunduko ditu diruz udalak; urriaren 30 izango da eskaerak aurkezteko epea. Laguntzen inguruko xehetasun gehiago jasotzeko Enparan kaleko Etxebizitza Bulegora jo dezakete herritarrek

Herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta herriko etxebizitza parkea ondo kontserbatzeko helburuen baitan, Azpeitiko Udalak, iaz, lehen aldiz, dirulaguntza berri bat jarri zuen abian. Lerro horren bidez, alde batetik, herriko etxebizitzetako eta etxe-atarietako irisgarritasuna hobetuz, herritarren bizi kalitatea hobetu nahi da; eta, bestetik, energia-efizientzia hobetzeko erronkari erantzun asmoz, energia berriztagarriak eta efizientzia energetikoa hobetzeko neurriak ere lagunduko dira.

Laguntzen xehetasunak aurkeztu dituzte gaur arratsaldean Joanes Amenabar Ingurugiro batzordeburuak eta Ander Larrañaga Hirigintza zinegotziak. “Irisgarritasuna hobetzea lagunduz, mugikortasun arazoak dituzten pertsonen eta adinekoen beharrei erantzun nahi die udalak”, esan du Larrañagak. Hain zuzen ere, etxebizitza duin bat izateko eskubidea bermatu nahi zaie azpeitiarrei. “Efizientzia energetikoari eta energia berriztagarrien ezarpenari lagunduz, berriz, trantsizio energetikorako pausoak ematea sustatu nahi da, eta, era berean, urrats eraginkorrak egingo dira herritarren ekonomian eragina izan dezaketen oinarrizko elementuei begira: argindar edo gasaren prezioen igoera...”.

Etxebizitzen berritzea ikuspegi integral batetik sustatu nahi da, eraikinen eta etxeen bizigarritasuna, irisgarritasuna eta kontserbazioa kontuan hartuz. “Esku-hartze berarekin, eraikin osasungarriagoak, ekologikoagoak eta irisgarriagoak lortzea bilatzen dugu”, zehaztu du.

Horretarako, Azpeitiko Udalak 200.000€ko dirulaguntza onartu zuen 2023ko aurrekontuetan, eta dagoeneko egin daitezke eskaerak. Oinarrien arabera, lau kontzepturen baitan emango dira laguntzak:

1.    Irisgarritasuna hobetzeko lanak.
2.    Energia-efizientzia hobetzeko lanak.
3.    Energia-iturri berriztagarrien instalaziorako lanak.
4.    Eraikinen kontserbazio-obrak

 

Lerroen inguruko xehetasunak eman ditu Amenabarrek eta zehaztu du etxebizitza pribatuetako eta etxe-atarietako edo komunitateko obrak ere laguntzen direla diruz. 

1. lerroa: Irisgarritasuna

  • Irisgarritasuna hobetzeko jarduerak eremu komunetan lagunduko dira: igogailuak lehen aldiz instalatzeko lanak, dagoeneko martxan dagoen igogailu bateko ibilbidea (bide publikotik etxe bizitza bakoitzera bitartekoa) ibilerraz bihurtzeko lanak eta pasabideak/ateak egokitzeko lanak: zabalera, norabidea eta abar aldatzekoak eta/edo beharrezkoak diren mekanismo/elementuak instalatzekoak.
  • Elementu pribatiboetan egindakoak: Etxebizitzen barruko irisgarritasuna hobetzeko obrak: bainugeletako barrualdeak hobetzea: bainuontzien ordez dutxak jartzea, pasoko ateekin, komunen egokitzapenarekin eta abarrekin ordezkatzea, eta segurtasun elementu finkoak instalatzea, hala nola bainuontziko eserlekuak, txorrotak, holtzak, barrak eta/edo euskarriak. Beti ere, mugikortasun urriko pertsonak edo 65 urtetik gorakoak bizi badira.

2. lerroa: Energia-efizientzia hobetzeko jarduerak
• Elementu komunetan egindakoak: eraikinaren inguratzaile termikoa eta beharrezko isolamendua hobetzeko lanak.

• Elementu pribatiboetan egindakoak: energia-eraginkortasuna hobetzeko eta etxebizitzaren inguratzaile termikoa hobetzeko lanak.

3. lerroa: Energia iturri berriztagarrien instalazioa.

Laguntza lerro honen helburua da autokontsumorako energia berriztagarriak erabiltzea sustatzea, horretarako beharrezko diren instalazio lanak lagunduz.

4. lerroa: Eraikinaren kontserbazioa.

Honako lan hauek lagunduko dira: teilatua eraberritzea; Azpeitiko «Alde Zaharra» 1. HEn kokatutako eraikinetako fatxadak birgaitzea eta pintatzea; eraikinaren egiturazko elementuen konponketak (forjatuak, karga-hormak, portikoak edo zimendatzeak, segurtasuna zaintzeko).

Laguntza hauen inguruko informazio eta aholkularitza Enparan kaleko Etxebizitza Bulegoan jaso dezakete herritarrek. Eskaerak, berriz, urriaren 30era arte Etxebizitza Bulegoan bertan eta udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan aurkez daitezke.

Laguntzen deialdia eta oinarriak ikusi. 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information