wrapper

Donostiako Administrazioarekiko auzien 1 zenbakiko epaitegiak emandako sententziaren harira, agerraldia egin du gaur arratsaldean Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak. 2021eko irailaren 15ean sinatu zuen alkate-dekretua baliogabetua izan ostean, iragarri du errekurtsoa jarriko duela udalak datozen egunotan.

Lehenik eta behin, sor daitezkeen nahasmenak saihesteko, hainbat kontu argitu ditu Alkortak. Azaldu du sententziak ez diola erreferentziarik egiten Corrugadosen jarduera berriz martxan jartzeko aukerari, eta sententziak hitzez hitz jasotzen duen zati bat irakurri du: “deben tener una tratamiento diferenciado: a) la caducidad de la licencia de la actividad; b) el pronunciamiento sobre la solicitud de reanudación de actividad”. Hau da, nabarmendu du sententzia ez dela sartzen jarduera berrabiarazteko baimenekin.

Epeei begiratuz gero ere, kontuan hartu behar da alkate-dekretua 2021eko irailekoa dela, eta, hemeroteketara jotzea nahikoa da ikusteko Cristian Lay enpresak maiatzean adierazi zuela ez zuela jarraituko bere asmoekin.

Alkate-dekretuari dagokionez, zergatik sinatu zuen kontatu du alkateak. “Baimen hori jarduera bati eman zitzaion bere garaian, eta dekretua eman zenerako jarduera hori ez zegoen martxan”. Hainbat adibide jarri ditu: zortzi urte zeramatzan itxita enpresak, jarduera ekonomikoaren gaineko zergan baja emanda zegoen, Jaurlaritzak kendu egin zion ur baimena… “Bazegoen pisuzko beste arrazoi bat ere: 2013ko HAPOa, Azpeitiko Udalak EH Bilduren eta EAJren botoekin onartutakoa, eremu hori residentzial kontsideratzen duena”. Arrazoi horiez gain, beste bat ere azpimarratu du. “Desmantelatzeko edo eraisteko baimena eskatu du enpresak, eta hori gauzatzeko proiektua aurkeztekoa da. Ondorioz, errekurtsoa jartzeko arrazoiak badaudela sinesten dugu”.

Alkateak esan du Azpeitiko Udalak herriko jarduera ekonomikoa eta industria bultzatzeko eta erakartzeko lanean jarraitzen duela, eta, besteak beste, astearteko plenoan, Azpeitiko Hirigintza Antolamenduaren Plan Orokorraren “Larrin” 22 HE-ko Plan Partzialaren aldaketa behin betiko onartu zuela. SPRILurrekin elkarlanean gauzatuko du udalak eremu horren garapena. Amueko eremura itzulita, ez daudela geldirik adierazi du. “Eremu hori estrategikoa da Azpeitiarentzat, eta bere garapena azpeitiarren interesen arabera egingo dugu”.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information