wrapper

Joan den azaroaren 22an, haizeak bota zuen Done Jakue kalean zegoen Gernikako arbola. Zuhaitz historikoa zen, duela ehun urte baino gehiago landatu baitzuten. Imanol Eliasen Efemerideak liburuan ageri denez, 1905ean ekarri zuten Gernikako arbolaren kimua herrira, eta 1912an erabaki zuten Done Jakuen jartzea.

Zuhaitza erori egin zela jakin ostean, herritar batek Azpeitiko Udalari jakinarazi zion etxean Gernikako arbolaren bi kimu zituela, eta prest zegoela bat emateko udalak landa zezan.

Asteburuan landatu dute, baina ez Done Jakue kalean. Hainbat aukera aztertu ostean, eta adituen gomendioari jarraituz, udalak Foru Pasealekuan landatzea erabaki du, liburutegiaren aurrean. Izan ere, haritzak eguzkia behar du, eta gune hori lehengo tokia baino egokiagoa da zuhaitzaren osasunarentzat.

Gernikako arbola landatu duten tokian, egurrezko irudi bat zegoen duela gutxira arte, baina egoera txarrean zegoen, eta kentzea erabaki du udalak.