wrapper

Emakume Langileen Nazioarteko Eguna izango da datorren ostiralean. Mugimendu feministak egun horretarako antolatutako mobilizazio eta ekimenetan parte hartzera dei egingo du Azpeitiko Udalak. Horrez gain, Parekidetasun Sailak eta Emakumeen Txokoak hainbat ekintza antolatuko dituzte martxoan zehar.

  • Martxoak 6, asteazkena (17:30): Matazak. Ibilbide dinamizatua. Azpeitiko emakumeen memoria berreskuratzeko asmoz egindako proiektua da Matazak. Iazko urrian aurkeztu zuten, eta, herrian barrena, ibilbide bat egiteko aukera eskaintzen du. Bederatzi puntutan dago banatuta, eta, puntu bakoitzean, emakume kolektibo baten inguruko informazioa jasotzeko aukera ematen du, panel eta audio batzuen bidez. Martxoaren 6an, Arana kalearen eta Errebalaren arteko zatiaren ibilbide dinamizatua izango da.
  • Martxoak 8, ostirala. Denok mobilizazio feministetara! Eguerdi aldera, mural erakusketa eta pegatina banaketa egingo dira udaletxe azpiko arkupeetan. Urolako batxiler 1eko eta Empalabramiento taldeko ikasleek parte hartuko dute.
  • Martxoak 18, astelehena (18:30). Aurora Iturriozek dinamizatuta, Sexu indarkeriaren eta mito matxisten eragina eta inpaktua emakumeon bizitzetan mahai inguruan parte hartuko dute Nerea Barjolak eta Idoia Arraizak. Sanagustin Kulturgunean izango da mahai ingurua.
  • Martxoak 23, larunbata (10:00). Emagin elkarteko kideek bideratuta, Autodefentsa Feminista ikastaroa izango da Emakumeen Txokoan. 10:00etatik 14:00etara izango da, eta, parte hartu ahal izateko, beharrezkoa izango da martxoaren 20a baino lehen izena ematea. Horretarako, 688751000 zenbakira deitu behar da.
  • Martxoak 26, asteartea (18:30). Luciano Alfarok Feminismo deskolonialera hurbiltzen hitzaldi-tailerra emango du Emakumeen Txokoan.