wrapper

Bi programak osatzen dute zerbitzua: alde batetik, eskoletan egiten den esku hartze goiztiarrak; bestetik, nerabe eta gurasoentzako orientazio zerbitzuak.

Berria da nerabe eta familientzako orientazio zerbitzua; Gaztelekuan egongo da, eta familia barruko komunikazio arazoei, nerabeek izan ditzaketen krisi edo zalantza egoerei eta abarri buruzko arreta emango du.

Gaur goizean aurkeztu dute gurasoei, adingabeei eta profesionalei zuzendutako orientazio, detekzio eta esku hartze goiztiarrerako zerbitzua Leire Goenaga Azpeitiko Udalako Gizarte Zerbitzuetako Batzordeburuak, orain arte esku hartze goiztiarra eskaini duen Luis Legorburu psikologoak, Aloña Larrañaga Gazteria teknikariak eta aurrerantzean zerbitzua emango duen Janire Basurto psikologoak. Herriko lau ikastetxeek, haur eskolek, udaleko Gazteria, Hezkuntza, Gizarte Zerbitzuak eta Parekidetasun sailek, Osakidetzak eta Udaltzaingoak parte hartzen dute zerbitzuan.

Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak azaldu duenez, bi programak osatzen dute zerbitzua. Alde batetik, eskoletan gauzatzen den esku hartze goiztiarreko programa dago. “Zerbitzu hau 2019an jarri zen martxan, babesgabetasun eta zaurgarritasun egoerak goiz detektatuz eta horietan esku hartuz, irtenbide bat bilatzeko edo egoera ez okertzeko. Zerbitzu berria eta oso berritzailea izan da. Modu koordinatuan ematen da laguntza, bidelagun ezberdinekin, baina bide beretik”, esan du Goenagak. Programa horri nerabe eta familientzako orientazio zerbitzua gehitu zaio orain. “Laguntza psikologikoa eta pedagogikoa emango du”.

Esku hartze goiztiarra

Luis Legorburu psikologoa arduratu da orain arte esku hartze goiztiarreko programaz, eta, haren bidez, adin txikikoen eta nerabeen beharrei begiratu zaiela nabarmendu du. “Haur eta nerabeei begiratzeak esan nahi du herriko zerbitzu guztiek parte hartu behar dutela lan horretan. Umeak ez baditugu ondo ikusten, ez da bakarrik gurasoekin lan egiten, baizik eta sareko lan bat egiten da”, azaldu du Legorburuk. Orain arte ez bezala, aurrerantzean Osakidetzak ere parte hartuko du programan, eta hori oso positiboa izango dela esan du.

Esku hartze goiztiarreko programan, hainbat adierazle aztertzen dira ume eta nerabeen egoeraren berri izateko, eta adierazleek erakusten badute zaurgarritasuna arina dela, esku hartze goiztiarreko zerbitzua bera arduratzen da arreta emateaz; haur edo nerabe horren egoera ertain gisa baloratzen bada, Gizarte Zerbitzuetara bideratzen da; kasu larriez, berriz, diputazioa arduratzen da.

“Arrisku egoeraz ari garenean, esan nahi duguna da nerabeen zaintzaren ardura duten pertsonek bai edo bai bete behar dituztela haurren eta nerabeen beharrak, hau da, behar fisikoak, emozionalak, sozialak eta kognitiboak. Behar horiek ez betetzeak eragina du nerabearen garapenean. Beraz, guri egoera hori antzeman eta lanketa bat egitea dagokigu, baita egoera aldatzeko beharrezko baliabideak eskaintzea ere”.

 Nerabe eta familientzako orientazio zerbitzua

Zerbitzua osatzen duen beste programa, nerabe eta familientzako orientazio zerbitzua, guztiz berria da. Aloña Larragak kontatu duenez, iaz egindako lanketa baten emaitza da. “Ikusten genuen oso mugituta zeudela nerabeak: kaleko giroan, beraien arteko harremanetan... Gaztelekuan jasotako informazio hori ikastetxeekin, Gizarte Zerbitzuekin, Udaltzaingoarekin eta abar elkarbanatu genuen, eta haiek ere antzeko irudipena zutela ikusi genuen”.

Gurasoengana jo zuten hurrena, haiek zer zuten esateko entzun nahian. “Jaso genuena izan zen gurasoak galduta zeudela, eta bazituztela behar batzuk: prestakuntza jasotzeko beharra, gurasoen artean barruan zutena elkarbanatzeko beharra…”. Udaleko prebentzio zerbitzuek hainbat saio eskaini zituzten, eta, beharrezkotzat jo zen zerbitzu iraunkor bat sortzea, gurasoei eta seme-alabei beren kezkak lantzeko aukera emateko. “Izan ere, halako egoeretan, ikastetxeetara jo ohi dute sarri gurasoek, baina ikastetxeek ez dute gai guztiei heltzeko aukerarik izaten”, esan du Larrañagak.

Gaztelekuan egongo da nerabe eta familientzako orientazio zerbitzua (Emakumeen Txokotik sartuta). Janire Basurto psikologoa arduratuko da arreta emateaz. Zerbitzuaren bidez, familia barruan ematen diren zailtasun eta gatazkak (komunikazio falta, ulermen gutxi, hobetu beharreko harremanak) partekatzeko aukera emango zaie familiei; nerabeei, berriz, besteak beste, emozioak kudeatzeko pautak eskainiko zaizkie, eta gatazka, zalantza nahiz krisi egoerei aurre egiten lagunduko zaie.

Hitzordu bidez funtzionatuko du, eta asteartetan 15:00etatik 19:00etara eta ostegunetan 10:00etatik 13:00etara emango da arreta, doan. Txanda hartzeko, 943 157161 telefono zenbakira deitu behar da (10:00-14:00 ordutegian) edo Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo. helbidera idatzi behar da. 16-18 urte arteko nerabeek bakarrik joateko aukera izango dute; hortik beherakoek, berriz, arduradun batekin joan beharko dute.

Ongizate emozionala, lehentasun

Gaur aurkeztutako gurasoei, adingabeei eta profesionalei zuzendutako orientazio, detekzio eta esku hartze goiztiarrerako zerbitzuaz gain, 18 urtetik gorako herritarrentzako psikologo zerbitzua ere eskaintzen du Azpeitiko Udalak iaztik. Alde horretatik, herritarren ongizate emozionalaren alde udala egiten ari den ahalegina nabarmendu du Goenagak. “Edozein unetan, denok eduki dezakegu laguntza edo aholku behar bat: tristura, gatazka edo zalantza momentuengatik, lagun edo familia arteko haserreengatik, beldurrengatik, bakardade sentimentuengatik…Horiei erantzun nahi diegu”.