wrapper

Euskera Sub ES

Azpeitiko Udalak UEMArekin elkarlanean Udalaren egunerokoan euskarari bultzada emango dion Euskara Plana berdiseinatu du, eta gaur aurkeztu dute prentsaurrean Josu Labaka Euskara batzordeburuak eta Miren Etxenike UEMAko teknikariak. Hasteko, Josu Labaka zinegotziak orain artean euskararen erabilera planek Azpeitian izan duten ibilbideari errepasoa eman dio: "1997an hartu zen lehen aldiz udaletxean euskararen erabilera plana egiteko erebakia. 1998an jarri zen abian eta 2003an euskara erabilera planaren garapenari ekin zitzaion", adierazi du. Hala ere, orain arteko ibilbidean egindako pausorik garrantzitsuena 2005ean eman zela azpimarratu du: "Euskararen ordenantza onartu zen urte hartan, eta pauso garrantzitsua izan zen benetan". Baina jarraian gogora ekarri du "kanpo eskuartzeak" medio epaitegiek ordenantza indargabetu zutela. Izan ere, EAEko Gobernu Ordezkaritzaren aginduz, Estatuaren abokatuak helegitea jarri zuen eta epaitegiek ordenantza indargabetu zuten.

Baina izan da beste pauso garrantzitsurik ere, hala, 2008an Azpeitiko Udala UEMAn sartu zen eta  2010-2013 erabilera plan berria diseinatu zuten elkarlanean. Ondoren, plan huraxe bera metodologia berrira egokitzeko moldatu egin zen, eta horrela onartu zen 2013-2017 urteen arteko plangintza. "Plangintza horren baitan, gure hurrengo helburua gorabidean mailatik tontorrean mailara pasatzea izango da", adierazi du Labakak. UEMAk 4 maila bereizten ditu udalen euskararen erabileraren arabera: Abian maila, gehienbat gazteleraz egiten duten maila da; Magalean maila, elebiz egiten duten Udalena; Gorabidean maila, gehienbat euskaraz eginten duten Udalek dute; eta Tontorrean maila, hutsuneak hutsune erabat euskaraz egiten duten Udalen maila da. Azpeitiko Udala 2010az geroztik Gorabidean mailan dago, baina helburua Tontorrean mailara heltzea da epe motzean. "Arnasgune gara, kalean erabat euskaraz funtzionatzen dugu, eredugarriak dira herritarrak eta Udalari ere tokatzen zaio eredugarri izatea", adierazi du Labakak.

2017 - Azpeitiko Udala.
ElkarMediak garaturiko webgunea