wrapper

Atzo, apirilak 15, alde zaharreko bizilagunekin bilera egin zuten Nagore Alkorta alkateak eta Mikel Odriozola zinegotziak. Alde zaharra bizigarriago egiteko asmoz, trasteleku komunitarioak egiteko proiektua du esku artean udalak, etxeen ezaugarriengatik (igogailurik eta ganbararik ez, portal txikiak…) espazio arazoak izaten baitituzte auzotarrek. Bizilagunen beharrak ezagutzea izan zen atzoko bileraren helburua.

Bilerara joan zirenei galdetegi bat eman zieten udal ordezkariek. Galdetegi horretan, honako galderak ageri dira: zer kaletan bizi diren trastelekua behar duten herritarrak, gertutasunari zenbateko garrantzia ematen dioten, trasteleku itxiak edo irekiak behar dituzten, zer espazio behar duten eta hilean zenbat ordaintzeko prest egongo liratekeen.

Bilerara joan ez zirenek Azpeitiko Udalaren webgunean ere bete dezakete galdetegia, edo herritarren arreta zerbitzuan ere eska ditzakete paperean. Maiatzaren 4ra arteko epea egongo da betetzeko. Datuak jaso eta auzotarren beharrak aztertu ostean, beste bilera bat egingo du udalak, proiektuari buruzko xehetasun gehiago emateko.