wrapper

Hezkuntza sub

Asteazkenean hasiko dira Iraurgi Ikastetxeko 14 eta 18 urte bitarteko ikasleak mundu mailak ezagun den Gen verde taldearen 'In the other side' ikuskizuna osatzeko tailerrak hartzen. Gen Verde 15 nazio ezberdinetako 20 emakumek osatutako taldea da, eta musika eta kantuaren bidez tolerantzia, bakea, elkarlana edota elkartasuna bezalako baloreak lantzen dituzte.

Ikuskizuna asteburuan eskainiko dute zapatuan 20:00etan eta igandean 17:30ean; hala ere, iraurgi ikastetxeko 80 gaztetxok eta donostiako Larramendi ikastetxeko 20 lagunek aurreko hiru egunetan, asteazkenetik ostiralera, tailerretan landutakoa ikuskizunean txertatzeko aukera izango dute, Start now proiektuaren bidez.

Leire Goenaga Hezkuntza Batzordeburuak ekimen honengatik zoriondu ditu: "Eskerrak eman nahi dizkizuet horrelako proiektuak abian jartzeagatik. Guk hasieratik ikusi genuen babestu eta lagundu beharreko proiektua dela honakoa. Kulturatik haratago baloreen lanketa polita egingo da, eta horrelako proiektuen bidez emakumearen paperaren garrantzia azpimarratzea ere txalotzekoa da", azaldu du. Horretaz gain, kulturak Azpeitian etorkizuna izateko horrelako ekimenak beharrezkoak direla ere gaineratu nahi izan du: "Kultur erreferentea da gaur egun Azpeitia. Kultur dinamika indartsua dugu eta etorkizunean ere horrela izan dadin kultur sortzaileak behar ditugu, eta ikastetxeetan kultura horrela lantzea txalogarria da", adierazi du Goenagak.

Maje Agirre Iraurgiko zuzendariak duela zenbait urtetatik hezkuntza aldaketa metodologiko batean murginduta daudela adierazi du: "Ikastetxeko ohiko lanez gain, beste proiektu batzuk abian jartzen ditugu. Ikasketa esanguratsuak eskaini nahi dizkiegu eta ikasle kritikoak eta konprometituak sortu nehi ditugu". Bide horretan otu zitzaien proiektu honetan murgiltzea: "Gure baliabideekin oso urrun gelditzen bazen ere hau abian jartzea Azpeitiko Udalak eta elizbarrutiari esker aste honetan garatuko dugu", adierazi du.

2017 - Azpeitiko Udala.
ElkarMediak garaturiko webgunea