wrapper

Oharrak

Azpeitiako Dinamo Sormen Laborategian aurkeztu dute azaroaren 21a bitartean Euskal Herritik jira eta bira arituko den Nomadak - El trenico egitasmoa. Mundu osotik etorritako artistek osatzen dute taldea Euskal herriko parte hartzaileekin batera. “Iraganaren eta etorkizunaren arteko lokarria izan nahi duen proiektu bat da hau, sorkuntza artistiko eta kultur kudeaketaren bitartez; memoria berreskuratzeko xedea dauka proiektuak, Vasco Navarro trenbideen historia orainarekin elkartzekoa, bide berdearen bidez”, nabarmendu du Iñaki Landa proiektuko koordinatzaileak.

Horretarako, historia eta gaurkotasuna lotuko dira, hainbat eremutako proposamen artistiko –indibidual eta kolektiboen– arteko lankidetzaren eta hibridazioaren bidez. Antzinako burdinbideak eta egungo bidegorriak: Euskal Herriko kultura-ondareari balioa emanez, Euskal Herria bera korritzen. Guztia, ekintza artistikotik abiatuta sortzeko eta antolatzeko edota gizartearekin harremanak edukitzeko formula berriak eratu nahi dituzten sortzaileen talde baten bidez. “Egoitza artistikoko proiektua da, bizikletan eta bidean eratzen dena. Nomada izango da; Azpeitiko Dinamon aurkeztu, Burdinbidearen Euskal Museoan hasi, eta Iruñean amaituko dena, dozenaka udalerritatik igaro eta horietako batzuetan artistikoki esku hartu eta gero”. “Street art-a adierazpenen bidez burdinbidearen bestelako historia bat kontatu nahi dugu, gaurkotua, eguneratua, garaikidea”, esan du.

Hainbat herritatik igaroko da; hala nola, Azpeitiatik, Bergaratik, Arrasatetik, Aretxabaletatik, Eskoriatzatik, Landatik, Gasteiztik, Maeztutik, Kanpezutik, Lizarratik eta Iruñetik (azken horretan amaituko da). Hainbat eremutako proposamen artistiko indibidual eta kolektiboen arteko lankidetzan eta hibridazioan oinarritzen da, eta El trenico-ren inguruko kontakizun berri bat sortzeko nahiak eta ekintza artistikotik abiatuta sortzeko eta antolatzeko edota gizartearekin harremanak edukitzeko formula berriak bilatzeko nahiak elkartutako sortzaileak ditu bidelagun.

“Eusko Jaurlaritzaren Bitartez deialdiaren babesa jaso genuen eta udalerrien babesa jasotzen joan gara gero. Udalerriek artisten egoitza, materialak eta otorduak jarri dituzte eta programa burutu ahal izateko euren laguntza behar beharrezkoa izan da: oso eskertuta gaude”, azpimarratu du Landak. Ez hori bakarrik, artista eta kultur talde ezberdinek eskaini dieten babesa eskertu dute Nomadak egitasmoko arduradunek, tartean, Azpeitiko Kultur Mahairena, San Agustin Kulturguneko kideena. Eneritz Albizu, Azpeitiko Kultur zinegotziak hasteko eskerrak eman dizkie antolatzaileei "proiektuari hasiera Azpeitian emateagatik": "Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak oso garbi ikusi genuen egitasmo parte hartzea. Batetik, Azpeitian ere, sormena erdigunean jarrita ari garelako lanean: Dinamoa sormen gunea martxan jartzen, sormen dinamika berriak sustatzen... bide horretan, lankidetza erabat positiboa dela uste dugu. Bestetik, trena oinarri hartuta eraikitako proiektua delako hau. Trenak balioa izan du eta du, bateko eta besteko pertsonok eta kulturak batzeko. Balio sinboliko handia du guretzat", zehaztu du. Kasu honetan, nazioarteko artistak herrira ekarri ditu, eta beraien ikuspegia "oso aberasgarria", izango dela uste du. 

Gogoratu du "guk ere izan genuen trena. Kendu egin ziguten eta museo batean sartu". Baina etorkizunari ilusioz begiratzen dio: "Tren museoari  zein kultur jardunari ahal dugun onena ateratzen saiatzen gara. Azpeititik mundura; kulturatik, euskaratik, zubiak eraikitzen eta ibilbideak lotzen jarraituko dugu", zehaztu du. 

Broniken spray biziak, Azpeitian

Igandetik da Azpeitian Bartzelonan bizi den artista peruarra. Azpeitian, Garmendi inguruan Urolako trenaren ibilbide bateko tunel baten horma aprobetxatuz ari da bere lana. "Bizikletaz doan pertsonaia bat sortzeko ari naiz lanean. Pertsonaia horren inguruan elementu desberdinak ditu; pertsonok, bizitzan zehar, garrantzitsu diren elementuak sinbolizatu nahi ditut horrela. Elementu guzti horiek ikonoak dira. Materialak dirudite, baina atzean karga sinboliko eta poetikoa dute". Bere artea inguruarekin integratzeko helburua ere badu: "Duela hiru egun Zumarragatik Azpeitara arteko bidea bizikletaz egin zuen. Lehen aldia da Euskal Herrira etorri naizela, eta oso inguru berdea da hau, ingurugiroari oso lotua. Horri lotutako sentsazioak biltzen ari naiz egun hauetan, sormen prozesuan sartzeko", azaldu du. Egun hauetan ari da sormen prozesuan eta herritarrak gerturatu eta elkar aberastea ere nahi du: "Zaila da batzuetan hitzekin horren bisuala den zerbait azaltzea, beraz, guztiak gonbidatzen dituk etorri eta zertan ari naizen bertatik bertara ezagutzera. Gustura azalduko dizkiet xehetasunak gerturatzen direnei".  

Bronik: Bronik, Peruko artista da, baina Bartzelonan bizi ohi da. Liman, bere jatorrizko hirian, hasi zen margotzen 2009an. Spray-a eta akrilikoa dira normalean gehien erabiltzen dituen materialak, bai formatu hanian, bai txikian. Kolorez beteriko pinturak sortzen ditu, animalia eta naturarekin harmonian. Gaur egun, bere lana hiri anitzetan ikus daiteke, hala nola, Liman, Venezian, Lisboan, Bristolen, Balin, Londresen etab. Beti mugitzen dabil eta egoten den lekuetan bere pertsonaren zatitxo bat uzten saiatzen da.

 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information