Bost astetarako ekintzak antolatu ziren, adin tarte desberdinen arabera talde txikietan antolatuta gauzatzeko. Hiru aste egin dira eta balorazio positiboa egin dute: “Oso ondo joan dira ekintzak. Prebentzio neurriak beteta egin dira ekintzak eta eskertzekoa da parte hartzaileek erakutsi diguten ekintzetarako gogoa eta jarrera”, gaineratu du.
Behar bereziei erantzuteko zerbitzuak martxan jarraituko du
Udako ekintzekin batera, herrian hainbat behar berezi edo gabezia dituzten haur eta gaztetxoentzako zerbitzuak ere jarri dira martxan, ikastetxeekin elkarlanean: “Zerbitzu hori jasotzen duten familien berezitasuna kontuan izanik eta haurrak banaka edo familian ibiltzen direla hezitzaileekin kontuan izanda, horri eustea erabaki dugu gaur gaurkoz”, zehaztu du Larrañagak.
Alarma egoerak ikastetxe eta aisialdi ekintza guztiak horrenbeste denboraz etenda egotearen eraginez hainbat haur aisialdi sanorik gabe daudela detektatu zuten ikastetxeek eta Udalak. Hala, udalak kontratatutako bederatzi kale hezitzaileen bidez behar hori duten familietako haurrak aisialdi hezitzailea bermatzen ari dira ekainaren bukaeratik; familia bakoitzak haurren beharren araberako zerbitzua jasotzen du. Hala, 25 familiatako haurrek astean bi aldiz, hezitzaile batekin aisiaz gozatzeko aukera izaten dute.