Saninazio festak bukatu berri dira Azpeitian. Bi urteko hutsunearen ostean, plaza eta kaleak berriro bete dira herritarrez, festaz eta ekintzaz. Haur, gazte zein helduentzat antolatutako hamaika ekintza izan dira uztailaren 23tik abuztuaren 2a bitartean. Hala ere, festak uztailaren 30ean hartatutako bi ziztada kasuek baldintzatu dituzte festak.
Festen gozoa uztailaren 30ean Azpeitiko anbulatorioan hartatutako bi ziztada kasuek lausotu dute. Azpeitiko Udalak irmo salatu nahi du berriro eraso matxista forma berri hau eta era berean, indarkeria matxistaz zipriztindua dagoen egiturazko arazo zahar eta deitoragarria. Azpeitian festetan zein egunerokoan herritar orok libre, eroso eta seguru ibiltzeko duen eskubidea aldarrikatu nahi du. Bide horretan, orain arte bezala, urte osoan zehar hezkidetza, sentsibilizazio eta autodefentsa feminista lantzen jarraitzeko konpromisoa berresten du. Jaiak zein herria indarkeria matxistarik gabeak amesten dituelako eta helburu horrekin jarduten jarraituko duelako.
Baina jaien balorazioa egiterakoan ez litzateke bidezkoa izango jaietan bizi izandako beste guztiaz ahaztea. Uztailaren 22tik abuztuaren 2ra une polit eta gogoangarri ugari izan direlako herrian. Bereziki, aurten kale giroan eta aniztasunean jarri da indarra eta uztailaren 30ean, 12:00etan txupinazoa botatzeko unea hunkigarria izan zen: “Alde batetik, bi urteren ostean berriro festei hasiera emateko unea zelako. Eta, bestetik, Atzegik botata, inklusioa ikusgarri egiteko modu ederra izan zelako”, adierazi du Mikel Odriozola Festa Batzordeburuak. Behin saninazio festetan sartuta, ekintzak aurreikusi bezala joan dira, eta jendetza bildu da horien inguruan. Festa herrikoiak eta parte hartzaileak izan dira.
Bukatzeko, udalak festa hauek posible egin dituzten eragile, norbanako, brigadako langile, teknikari, udaltzaingo, muntatzaile zein eraikin eta kale garbitzaileak eskertu nahi ditu.