wrapper

Maiatzaren 4ra arte bete ahal izango dira alde zaharreko trastelekuei buruzko galdetegiak
Atzo, apirilak 15, alde zaharreko bizilagunekin bilera egin zuten Nagore Alkorta alkateak eta Mikel Odriozola zinegotziak. Alde zaharra bizigarriago egiteko asmoz, trasteleku komunitarioak egiteko proiektua du esku artean udalak, etxeen
HAZeko izapide elektronikoak egiteko ekipoa igerilekuan egongo da aurrerantzean
Ordainagiriak edo isunak ordaintzeko, errolda agiria ateratzeko, idatziei sarbidea emateko eta beste hainbat tramite egiteko aukera ematen du herritarren arreta zerbitzuko izapideak egiteko ekipoak. Udaletxeko lehen solairuan egon da orain arte,
Zaparraie taldea, Azpeitiko Euskara Mahaiko kide berria
Norabide berean eta elkarlanean arituz, bakoitzak bere eginkizuna eta estiloa izango ditu: euskararen normalizazioa mahaiak, herritarren kontzientziazioa Zaparraiek. Azpeitiko Euskara Mahaiak 2024. urteko lehenengo bilera egin zuen atzo

Xapokeitan euskaratik eta euskaraz sortutako lehiaketa abiatuko dute Azpeitiko Udalak eta Urola Komunikazio Taldeak. Lehiaketak hizkuntzaren sustapena eta herri izaeraren transmisioa ardatz ditu eta gaur aurkeztu dute apirilaren 17an hasiko den lehia. Aurkezpenean izan dira Eneritz Albizu Kultura eta euskara batzordeburua eta Leire Goenaga Hezkuntza batzordeburua eta Leire Larrañaga UKTko ordezkaria.


Albizuk garrantzitsutzat jo du “herri kontakizun bat osatzea eta hori transmititzea”, belaunaldiz belaunaldi ez ezik, baita herritarren artean ere. “Gure hizkuntza, historia, kultura, gizartea, kirola, jaiak… azpeitiarrok zer garen, nola garen ezagutzeko eta zabaltzeko lehiaketa bat da. Dena den: jolasa da oinarria, eta ondo pasatzea helburu nagusia”, azaldu du. Eta euskararen normalkuntzari ere erreparatu dio: “Euskara Plana osatzean, ikusi genuen hutsune handia dugula euskarazko aisialdian, ikus-entzunezkoetan eta entretenimenduan. Badakigu arazo hori ezin duela udal batek konpondu, eta egiturazko erabakiak behar direla, goi erakundeen aldetik. Dena den, uste dugu herrietatik ere eragin daitekeela eginkizun horretan. Hau gure ekarpena da euskararekin jolas egiteko eta jolasarekin euskaraz egiteko”.

“Jakin badakigu herriarekiko atxikimenduak euskararekiko atxikimendua ere badakarrela, eta hori indartzera gatoz. Azpeitiar guztiak gonbidatu nahi ditugu bertan parte hartzera, eta azpeitiar peto-petoaren domina lortzera. Zer da azpeitiar petoa izatea? Seguru gaude sorpresa asko hartuko ditugula!”, gaineratu du Goenagak.


Bukatzeko, gaur helduentzako lehiaketa aurkeztu bada ere, udazkenean jolasa gaztetxoengana zabaltzeko lanean ari direla azaldu dute: “Izan ere, uste dugu gaztetxoei halako aukerak eskaintzen lan handia dugula egiteko”

Zer da Xapokeitan?
Azpeitiko Udalak sustatuta eta UKTko Uztarria tokiko hedabidearekin elkarlanean prestatutako lehiaketa da.
Xapokeitan Azpeitiko eta Euskal Herriko hainbat gairekin zerikusia duten galdera-erantzunen jolasa da: euskara, kultura, erlijioa, kirola, zientzia, ingurumena, politika, festak, geografia, historia, ekonomia, artea eta gizartea.

Lehiaketak bi zati izango ditu: 


1. Galdera-erantzunen on-line jokoa.


• Apirilaren 17tik apirilaren 30era izango da lehiaketa; 14 egunez jokatuko da galdera-erantzunen lehiaketa (asteburuak barne).
• Egunean 10 galdera erantzun beharko dira, 14 egunez jarraian, 08:00etatik 12:00etara bitartean.
• Horrenbestez, parte hartzaile bakoitzak 140 galdera erantzun beharko ditu bi astetan. Galdera bakoitzak hiru erantzun posible izango ditu –horietako bakarra izango da zuzena–, eta parte hartzaileak bat aukeratu beharko du.
• Finala hiru parte hartzaileren artean jokatuko da.
• Erantzun zuzen gehien asmatzen dituzten lehen bi parte hartzaileek finalean parte hartuko dute. Berdinketarik balego, zozketa bidez erabakiko dira lehenengo bi finalistak.
• Hirugarren finalista parte hartzaile guztien artean aukeratuko da, zozketa bidez.


2. Ikus-entzunezko finala.


• Maiatzaren 9an jokatuko eta grabatuko da finala, Sanagustin kulturgunean, ikusleekin.
• Finalera sailkatzen den parte hartzaile bakoitzak bikotekidea aukeratu beharko du finalean parte hartzeko. Hortaz, hiru bikote arituko dira elkarren kontra finalean:
• On-line lehiaketaren bi finalistak eta bakoitzak aukeratzen duen laguna.
• Zozketa bidez aukeratutako parte hartzailea eta hark aukeratutako beste pertsona bat.
• Hiru bikoteak hainbat probatan lehiatuko dira. Bikote bat kanporatuko da, eta beste biek elkarren kontra jokatuko dute irabazlea erabakitzeko.


Izen ematea


Lehiaketan parte hartzeko izena ematea derrigorrezkoa da. Horretarako, honako loturan azaltzen den formularioa bete eta bidali beharko da, apirilaren 4ko 12:00ak baino lehen: https://forms.gle/mTwcqfB5DZ8jmHM56
Lehiaketan izena ematen dutenek apirilaren 13an mezu elektroniko bat jasoko dute, lehiaketan parte hartzeko erabiltzailearekin eta pasahitzarekin. Horiek erabili beharko dituzte erregistratzeko eta lehiaketan parte hartzeko.

Nori zuzenduta dago lehiaketa?


- 16 urtetik gorakoek hartu dezakete parte lehiaketan.
*Oharra: Adin txikikoek gurasoen baimena beharko dute finalean parte hartu ahal izateko.

 Sariak

Bikote irabazlearentzat
◦ 100 euroko BERTAN merkatarien elkarteko bonu bana.
◦ Bertako produktuez osatutako otarre bana.

 2. eta 3. postuetan sailkatzen diren bikoteentzat
◦ 50 euroko BERTAN merkatarien elkarteko bonu bana.
◦ Bertako produktuez osatutako otarre bana.

Bestalde, finalaren egunean parte hartzaile guztien artean Uztarriaren eskutik 10 sari zozkatuko dira. Urola Kostako Hitzaren harpidetza digitala, Natul Euskara Elkartearen Azpeitiarrez Natul liburuxka, GUKA botila eta Uztarriaren poltsa.