wrapper

2008/09/12

Udal pilotalekuaren funtzionamendu eta erabilera arautzen duen ordenantza

Data 2001-03-16

Udal pilotalekuaren funtzionamendu eta erabalera arautzen duen ordenantza.

Azpeitiko Udal Pilotalekuen erabilera eta funtzionamendua arautuko duen Udal Agintarauaren hasera-onarpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (26. Zk) argitaratu zenetik jendaurreko informazioaldian egon beharreko legezko epealdia amaitu denez, eta ez zaionez inolako alegaziorik egin, Toki Errejimeneko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, udal Agintarauaren testu osoa argitaratu da.
Agintarau honek, aipatutako agintarauaren testu osoa argitaratu eta hamabost lan-egun igarotzen direnetik izango du indar. Hori guztia, aipatu berri den Legearen 65.2. artikuluaren arabera.

AZPEITIKO UDAL PILOTALEKUEN ERABILERA ETA FUN-TZIONAMENDUA ARAUTUKO DUEN AGINTARAUA
LEHENENGO KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.Agintarau honen helburua Azpeitiko udal pilotalekuen erabilera eta funtzionamendua arautzea da.

2. artikulua.Txikuri pilotalekua (Urrestilla), Jesusen Bihotza Ikastetxeko pilotalekua (Betharramdarrak) eta Izarraitz pilotalekua udalaren titularitzapeko kirol-instalazioak dira eta Azpeitiko Udalaren Kirol Patronatuak kudeatuko ditu.

3. artikulua.Pilotaleku horiek, bereziki, euskal pilotan aritzeko dira. Dena dela, eta ohiz kanpoko egoeretan, herriarentzat onuragarri diren beste hainbat kirol-jarduera ere egin ahal izango dira haietan, Udalak hartarako baimena eman ondoren.

4. artikulua.Udal pilotalekuak erabiltzeko eskubide izango dute euskal pilotan aritu edota hura sustatu nahi duten kirolari, elkarte edota gainerako pertsona eta erakunde guztiek, irabazi asmoarekin aritu ala ez, dagozkion tarifak ordaindu ondoren.

5. artikulua.Udal pilotalekuak erabiltzerakoan lehentasunak jartzeko irizpideak honako hauek izango dira:
-Euskal pilotan aritzeak lehentasuna izango du gainerako edozein kirol-jarduera edo kirolez kanpokoaren gainetik.
-Kirolarien eta kirol-erakundeen taldearen barruan, lehentasuna izango dute, aurrena, Udalaren Kirol Patronatuaren baz-kide diren kirolari eta erakundeek; bigarren, Azpeitian helbideratutakoek, nahiz eta Udalaren Kirol Patronatuaren bazkide ez izan; eta, hirugarren, eskaera egin dezaketen gainerako kirolari eta erakunde guztiek.

6. artikulua.Txanda-hartzea ondorengo arauen arabera egingo da:
-Betharramdarretako pilotalekurako eta Txikuri pilotalekurako astelehen, astearte, asteazken, ostegun eta ostiraletan hartu ahal izango da txanda, Udalaren Kirol Patronatuak zehazten dituen orduetarako.
-Txanda-hartzeak gutxienez ordu beterako eta gehienez bi ordurako izango dira. Txanda-eske handia balego, pilotalekua erabiltzeko gehieneko denbora ordu betekoa izango da.
-Izarraitz Pilotalekuan aritzeko orduak hilabete, hiru hilabete, sei hilabete edota urtebeterako hartu ahal izango dira eta ondoren datorren ordenan egingo dira: Udalaren Kirol Patronatuaren bazkideak, Azpeitian helbideratuak egonik Udalaren Kirol Patronatuaren bazkide ez direnak eta, azkenik, edozein pertsona fisiko edo juridiko. Maila berekoen arteko hainbat eskakizun egingo balira ordu bererako, zozketa egingo da haien artean.
-Txanda-hartzeak egin ondoren bete gabe gelditzen diren orduak egun bat aurrez gorde ahal izango dira Udalaren Kirol Patronatuan. Era berean, Txikuri pilotalekuarentzat eta Jesusen Bihotzaren Ikastetxekoarentzat egingo diren txanda-hartzeak ere egun bat aurrez egin beharko dira, ordu hauetan:
-Udalaren Kirol Patronatuaren bazkide direnek, 15:00 orduetatik 18:00ak arte.
-Azpeitian helbideratuak egonik Udalaren Kirol Patronatuaren bazkide ez direnek, 18:00 orduetatik 20:00ak artean.
-Gainerako eskakizunak, 20:00 orduetatik 21:00etara artean.
-Hartzen ez diren orduak hurrengo egunerako hutsik geldituko dira eta edozein eskatzailek hartu ahal izango ditu Udaltzainen bulegoetan. Izarraitz Pilotalekuari dagokionez, egunerako ordu hutsak geldituko balira, hauek Izarraitz pilotalekuan bertan hartu ahal izango dira, 09:30etatik 11:00etara artean.
-Norbaitek ordua hartua izango balu eta ezin balu ordu hori erabili, gutxienez 24 ordu lehenago horren berri eman beharko du. Horrela gertatuko ez balitz, erabilitako ordutzat joko da.
-Aurrez hartu izandako txanda-orduak ordaindu ez izanak, gerora eska daitezkeen txanda-hartzeak bertan behera uztea ekar dezake.
-Ekain, uztail eta abuztuan norbanakoek ezingo dute txanda-gordetzerik egin, Izarraitz pilotalekurako izan ezik. Beraz, hilabete hauetan edonork erabili ahal izango ditu pilotalekuak edozein ordutan, baina gehienez ordu betean, atzetik jendea balego txanda hartzeko zain.
-Udalaren Kirol Patronatuaren bazkide diren pertsonek telefonoz egin ahal izango dituzte txanda-hartzeak. Era berean, txanda hori ordaintzeko banku-helbideratze sistema erabili ahal izango dute.
-Txanda-gordetzea egiterakoan erabili nahi den instalazioaren erabiltzaileetako bat bazkide baldin bada eta bestea ez, honek txanda-gordetzea bazkideen moduan egin ahal izango du baina ordainketak egiteko unean bazkide ez direnen tarifak ezarriko zaizkio.
-Udalaren Kirol Patronatuaren zuzendaritzak ahalmena du Agintarau honetan jasoak dauden orduak aldatzeko eta kirol-instalazioak ixteko obra-lanak, matxurak edo antzeko arrazoiak gertatuko balira.

7. artikulua.Azpeitiko Udalak Lankidetza Hitzarmenak izenpetu ahal izango ditu kirol-erakundeekin eta kirolariekin udal-pilotalekuetakoren bat edo batzuek maiztasunez erabiltzea arautzeko. Hitzarmen horietan erabilera partikularretarako baldintzak zehaztu ahal izango dira.

8. artikulua.Edozein erabiltzailek eskubide hauek izango ditu:

-Dagokion kirol-instalazioa erabili hartarako hartuak dituen egun eta orduetan.
-Edozein unetan eskatu pilotalekuaren arduradunen edo udal-enplegatuen identifikazioa, dagokion erreklamazioa egiteko.
-Udal-pilotalekuen erabilera eta funtzionamenduaren eta hauek garatzeko betebeharrak jasotzen dituen araudi honen ale bat eskatu eta doan jaso.

9. artikulua.Pilotalekuen erabiltzaileen betebeharrak hauek dira:

-Araudi honetan, eta Udaletik eta Udalaren Kirol Patronatutik sortzen diren gainerako xedapenetan jasotakoaren arabera erabili kirol-instalazioak.
-Beharrezko den gizalegea gordez ibili bai aldageletan bai eta kirolean aritzerakoan eta udal-instalazioen ardura duten langileek emandako argibideak bete.
-Udal pilotalekuen zuzen erabili eta edozein funtzionamendu-akats, haustura, kalte eta gainerako egoeren berri eman Udalaren Kirol Patronatuari.
-Dagokion udal-arduradunak hala eskatuko balio, instalazioa erabiltzeko eskubidea frogatzen duten agiriak aurkeztu, halanola bazkide-txartela edota txanda-hartzearen txarteltxoa.
-Arropa, oinetako eta material egokia erabili kirol-instalazioetan.

10. artikulua.Guztiz debekatua dago:

-Erretzea, jatea, edatea edota hondakinak sortzen dituen edo beste erabiltzaileei eragozpenak sor dakizkiekeen edozein egintza egitea.
-Instalazioetan abereak sartzea.
-Aldageletatik kanpo jaztea eta eraztea.
-Sexu bateko pertsonak beste sexuko kirolariek bakarrik erabiltzeko jarritako aldagela eta guneetara sartzea.
-Publizitatea jartzea Udalaren Kirol Patronatuaren baimenik gabe.

11. artikulua.Pilotalekuei dagokien Erreklamazio-liburua Udalaren Kirol Patronatuan izango da. Erabiltzaileek hura erabili ahal izango dute pilotaleku horien zerbitzuetan ohiz kanpoko funtzionamenduren bat ikusten dutenean.

12. artikulua.Euskal Herriko Kirolaren gaineko 14/1998 Legearen 77. artikuluan xedatua dagoenaren arabera, aipatutakoetako edozein pilotalekutan ikuskizunen bat antolatzeko orduak hartzea nahi luketen pertsona fisiko edo juridikoek erantzukizun zibileko asegururen bat izan beharko dute, horrekin pilotalekuan egindako jardueraren ondorioz partehartzaileei, ikusleei edo gainerako edozein pertsonari sor dakizkiekeen kalteei aurre egiteko. Poliza horren gutxieneko estaldura Udalaren Kirol Patronatuak zehaztuko du, indarrean den legeriaren arabera.

BIGARREN KAPITULUA

JESUSEN BIHOTZAREN IKASTETXEKO (BETHARRAMDARRAK) ETA URRESTILLAKO TXIKURI PILOTA-LEKUEN ERABILERARAKO ARAU BEREZIAK

13. artikulua.Udal pilotaleku hauetan erabat debekatua dago pilotan erremintaz jokatzea.

14. artikulua.Pilotaleku hauetan argi artifiziala erabili beharko balitz, Udaltzainen bulegoetan eskatu beharko da.

15. artikulua.Pilotaleku hauek 18:00etatik 22:00etara artean erabili ahal izango dira, ekain, uztail eta abuztuan izan ezik.

HIRUGARREN KAPITULUA

IZARRAITZ PILOTALEKUA ERABILTZEKO
ARAU BEREZIAK

16. artikulua.Izarraitz pilotalekuan pilotan erremintaz jokatu ahal izango da.

17. artikulua.Pilotaleku honetan argi artifiziala erabili beharko balitz, kantxa-arduradunarengana jo beharko da eta, ez balego, Udaltzainen bulegoetara.

AZKEN XEDAPENAK

Aurrena.Azpeitiko Udalak eskumena du udal pilotalekuak zuzen erabiltzeko Agintarau honetan jasoa dagoena argitzeko edota garatzeko beharrezko den edozein xedapen emateko, udal kirol-instalazio hauetan diharduten udal-langileek eman ditzaketen aginduen kalterik gabe.

Bigarrena.Azpeitiko Udalak gainerako udal kirol-instalazioetarako onartuko duen araudi orokorra ezarriko da Pilotaleku hauetan ere, pilotaleku bakoitzaren ezaugarriekin bat ez datozen xedapenak izan ezik.

Hirugarrena.Udalak, bere ahalmenen arabera, eskola-kiroleko jardueretako jarriko du udalaren jabetzako pilotalekuen erabilera. Norgehiagoka edo lehiaketa mailako jarduerei dagokienez, berriz, pilotalekuak larunbatetan 09:00ak eta 17:00ak artean erabili ahal izango dira. Hau guztia, ikasturtean zehar, hala eskatzen duten ikastetxeentzat edota, balegokio, jarduera horiei laguntza teknikoa emango dieten erakunde federatiboentzat.

Laugarrena.Agintarau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean oso-osorik argitaratzen den egunaren biharamonetik jarriko da indarrean.

Azpeitia, 2001eko martxoaren 8a.-Alkatea.
(690) (2689)

 

2017 - Azpeitiko Udala.
ElkarMediak garaturiko webgunea