wrapper

2016/04/04

Azpeitiko Perdillegin karabana eta autokarabanak aparkatzeko eremu publikoa erabiltzeko araudia

Arauak eskatzen duen jendaurreko argibide epea inolako murtzilorik eta oharpenik izan gabe igaro denez, tinkotzat eta behin-betiko onartutzat jo da 2012ko martxoaren 6an egindako Udalbatzaren Osoko Bilkuran hartutako akordioa, Azpeitiko Perdillegin karabana eta autokarabanak aparkatzeko eremu publikoa erabiltzeko araudia onartzeari dagokiona.

Toki Errejimeneko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, udal Agintarauaren testu osoa argitaratu da. eta hamabost lan-egun igarotzen direnetik izango du indar. Hori guztia, aipatu berri den Legearen 65.2. artikuluaren arabera.

Administrazio-bidean behin betikoa den akordio honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salaren aurrean, iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

KARABANENTZAKO ETA AUTOKARABANENTZAKO APARKALEKU PUBLIKOAREN ARAUTEGIA

Azken urte hauetan herriko kaleetan dauden aparkalekuetan autokarabana eta karabanak aparkatu izan dira denbora luzean, zenbait kasutan herriko gainontzeko ibilgailuei (turismo) aparkatzeko aukera kenduz. Ibilgailu hauek, bestalde, bere funtzioa bete dezaten gutxieneko zerbitzu batzuk eskuragai izan behar dituzte, hala nola, argindarra edota ura.

Ibilgailu hauek dituzten herritarrei nolabaiteko irtenbidea emateko helburuarekin Udalak eremu berezi bat jarri du Perdillegi kalea, 1eko atarian, eta bertan hainbat aparkaleku egokitu dira. Jabari publikoko aprobetxamendu berezia eta denboran mugatua duten aparkaleku horiek uraren eta argindarraren zerbitzuak izango dituzte eskuragai.

Eremu berezi hori erabiliko duten ibilgailuen jabeek eremua bera eta dauden zerbitzuak antolatzeko eta elkar-laguntza bat bultzatzeko asmoarekin BAGOAZ izena duen herri mailako elkartea sortu dute. Udala eta BAGOAZ elkarte hori elkarlanean arituko dira eremurako zerbitzuak osatu, antolatu eta kudeatzeko. Izan ere, ezinbestekoa da eremuko erabiltzaileek zerbitzu eta instalazioen erabilera egokia egitea.

Eguneroko harremanetan Elkarteko organoen gain izango da eremuko ikuskapena, eta horretarako Udalaren arautegia izango dute kontuan. Horrez gain, elkarteak berak bere arautegi propioa ere izango du, kide guztiek -elkartekoak ez direnak barne-, bete beharko dutena. Udalak arautegi hori ezagutzen du eta ontzat ematen du.

Zerga arloan, dagokion udal jabari publikoaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziagatik Udal agintarauak zehaztu duen tasa ezarriko zaie erabiltzaileei.

Udalaren arautegia honako hau da:

1.- Udalak eskatzen duenean (herriko zaindariaren jaietan eta abar), erabiltzaileek kendu egin beharko dituzte autokarabanak instalazio horietatik, eta Udalak egun horietarako zehaztuko duen tokira eraman.

2.- Baimenaren titularrak eremuko instalazio eta/edo zerbitzuak erabili ahal izango ditu. Edozein kasutan, eremuko instalazio eta/edo zerbitzuen ikuskaketa BAGOAZ Elkartearen gain izango da, eta erabiltzaileak elkartearen erabilera baldintzak bete beharko ditu.

3.- Instalazio eta/edo zerbitzuak baimendutako autokarabanak aparkatzeko eta mantentze-lanak egiteko bakarrik eta soilik erabiliko dira.

4.- Guztiz debekatua dago instalazio horietan autokarabanak garbitzea eta kanping jarduerak egitea.

5.- Aparkaleku plazak zehazten direnean, horiek errespetatu egin beharko dira. eta autokarabanarik ez dagoenean, auto bat utzi ahal izango da haietan. Nolanahi ere, ohartarazi nahi da eremuaren helburua autokarabana eta karabanak direla eta ez gainontzeko ibilgailuak. Horregatik, ezingo da autoa modu iraunkorrean utzi aparkatuta (autokarabanarekin bidaiatzen ari diren bitartean).

6.- Ezinbestekoa da erabiltzaileek zerbitzu eta instalazioen erabilera ona egitea, bai eta, haietan akatsak edota funtzionamendu okerra ikusiz gero, BAGOAZ Elkartearen Zuzendaritza Batzordeari jakinaraztea ere. Batzorde hau Udalarekin harremanetan jarriko da akatsak konpontzeko. Zerbitzu hauen mantenimendua, aparkalekuko hesia eta ateak barne, Udalaren ardura izango dira.

7.- Udalak ezin izango du baimenik eman eremuan plaza librerik ez balego. Nolanahi ere, itxaron-zerrenda bat egingo da plaza librerik egongo ez balitz, hurrenkera kronologikoaren arabera betetzeko sor daitezkeen plaza libreak.

8.- Aparkaleku hori erabiltzeko baimena urte amaiera artekoa izango da eta urtez urte luzatuko da dagokion tasa ordaindu ondoren, eta beti ere, Udalak edo erabiltzaileek eragozpenik izan ezean.

9.- Udal jabari publikoaren aprobetxamendu bereziarengatik Udal-agintarauak ezarritako tasa ordaindu beharko du erabiltzaileak.

10.- Jabari publikoa izanik Udalak bere gain hartuko ditu legez dagozkion erantzukizunak. Nolanahi ere, udal-baimenaren titularraren gain izango dira, ibilgailuak jasan ditzaken kalte eta galerak, eta horien artean daude lapurretak edota hirugarrenen parte-hartzeak sortutako kalte eta galerak, jabari publikoaren aprobetxamendu bereziak ez baitakar berekin ibilgailuen depositu izaerarik.

11.- Antolamendua aldatuko balitz, Udalak emandako baimenak aldatu edota bertan behera utzi ahal izango ditu.

2017 - Azpeitiko Udala.
ElkarMediak garaturiko webgunea