wrapper

kirola sub

aurkezpena

Atzo aurkeztu zen Azkoitia eta Azpeitia artean apirilaren 16an korrituko den maratoi erdia. Diego Gartziaren asmo eta ametsei helduz segitzen dute maratoi erdia antolatzen; eta, beste behin ere, korrikalari herrikoi, afizionatu eta profesionalentzat, guztientzat, izango da tartea lasterketan. Aurkezpenean, Azpeitia zein Azkoitiko udal arduradunak eta lasterketako ardunadunak eta babesleez gain Gipuzkoako Atletismo Federazioko ordezkariak ere izan ziren. Aurten, federazioak 100 urte betetzen ditu, eta maratoi erdiaren ospakizunen artean, urtemuga hori ospatzeko tartea ere izango da.

Agustin Jimenez lasterketaren koordinatzaileak hasieratik ideia bat azpimarratu nahi izan zuen:  "Kirolaren, kulturaren eta festaren topagunea izango da aurtengo lasterketa". Eta festa eta kirola uztartzeaz gain, bi herriak lotzea ere badute helburu. "Batzea dugu helburu, bi herriak batzea eta afizioa eta bokazioa batzea", jarraitu zuen. Estitxu Elduaien Azpeitiko Kirol batzordeburuak, elkarlana eta boluntarioen lana eskertzeaz gain, Diegoren ametsa izan zuen hizpide: "Diegoren amets hura, maratoi erdia herritarrekin egite hori oraindik mantentzen da. Lasterketa honek berez ilusioa sortzen du, eta aurtengo egitasmo honekin, kirolaren beste ikuspegi bat ematea da helburua, eta eskertzekoa da hori ere", aipatu zuen. Sonia Vazquez Azkoitiko Udaleko ordezkariak zein babesleek ere zentzu berean hitz egin zuten.

2017 - Azpeitiko Udala.
ElkarMediak garaturiko webgunea