Itzulpen automatikoa / Machine translation

1.500 danbor jole baino gehiago aterako dira helduen danborradan, eta 500 inguru haurrenean

2024/01/15
1.500 danbor jole baino gehiago aterako dira helduen danborradan, eta 500 inguru haurrenean

Herriko dendetako erakusleihoak dagoeneko danborrez eta danbor taldeen trajeez apainduta daude. Etxeetako balkoietan ere ikusten dira lehen zapiak. Helduek joan den ostegunean egin zuten lehen entsegua, eta bihar egingo dute aurrenekoa haurrek ere. Festa usaina igartzen da dagoeneko herrian, eta Azpeitiko Udalak ere gaur arratsaldean egin du sansebastianen aurkezpena, parte hartzen duten taldeetako ordezkariak han zirela.


Aurten ere giro ezin hobea espero du udalak; izan ere, beren ezaugarri nagusiari eutsiko diote sansebastianek: parte hartzeari. Hain zuzen ere, San Sebastian bezperan, urtarrilaren 19an, 30 talde aterako dira helduen danborradan, eta 1.500 partaide baino gehiago izango dira guztira. Urtarrilaren 20an, San Sebastian egunean, hamar taldek osatuko dute haurren danborrada, eta 500 haur inguruk parte hartuko dute.

Urtarrilak 19, San Sebastian bezpera

Ostiralean, 22:00etan hasiko da helduen danborrada. Ohi bezala, Oñatzbideko Gastadoreak joango dira ibilbidea irekitzen, eta, haien atzetik, gainerako taldeak. Artetxe ondoko bidegurutzetik hasi, eta Goiko kalea, Plaza Nagusia, Done Jakue kalea, parrokia, Elizkalea, Enparan kalea, Estazioko zubia, Ibaiondo kalea, Damaso Azkueko zubia, Perez Arregi plazatxoa, Erdikalea eta Plaza Txikia zeharkatuko dituzte danbor joleek. Gauerdirako elkartuko dira guztiak plazan, une horretan izango baita banderaren igoera, San Sebastian martxa entzuten den bitartean.

Iaz, berrikuntza gisa, Pantxoa eta Peioren Batasuna abestia jo zuten danbor joleek. Aurten ere hala egingo dute, eta hura izango da plazan helduen danborrada amaitutzat emango duen kanta. Soreasuko Sebastian, Diana, Iriyarena, Diana Txikia Txokolo, Mandioko Polka, Tatiago eta Goizeko Izarra dira plazan joko dituzten beste piezak.

Urtarrilak 20, San Sebastian eguna

San Sebastian egunean, larunbatean, Izarraitz txistulari taldearen eta musika eskolaren goiz eresiarekin esnatuko da herria, 9:00etan. 9:30erako hasiko dira danborrak astintzen Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeetako kideak. 10:15ean, herriko agintariak parrokiara joango dira korporazioan, eta 10:45ean meza nagusia izango da.

Hala ere, umeak izango dira egun horretako protagonista nagusiak. 12:30ean hasiko da haien danborrada, Artetxe ondoko bidegurutzetik. Goiko kalea, Plaza Nagusia, Done Jakue kalea, parrokia, Elizkalea, Enparan kalea, Perez Arregi plazatxoa, Erdikalea eta Plaza Txikia igaro ostean, Plaza Nagusira iritsiko dira, eta sei pieza joko dituzte.

Aurten ere, danbor taldeen atzetik karroza ikusgarri bat joango da. Nork egin erabakitzeko, lehiaketa egin du udalak, eta Aitor Expositoren proposamena hautatu du. Trikitia da karrozaren gaia, baina gainerako xehetasunen berri izateko, San Sebastian egunera arte itxaron beharko da.

Gauean, bandera jaitsi arteko helduen danborradan, zazpi talde hauek parte hartuko dute: Arrantzaleak, Gure Ametsa, Ardozaleak, Iraurgi Saskibaloi Taldea, Mendizaleak, Barratsu eta Basazabal. 23:15ean aterako dira, eta gauerdira arte ibiliko dira kalez kale.

San Sebastian eguneko egitaraua osatzeko, sokamuturra egongo da plazan 12:00etan, eta ohiko kaleetan ere bai 16:30etik aurrera. Horrez gain, Hodei Magoak Sentsazioak 2.0 ikuskizuna eskainiko du Soreasu antzokian (sarrera: 3 euro).

Igandean ere sokamuturra eta zinema

Aurten sansebastianak asteburuan egokitu direnez, igandean ere sokamutura izango da 16:30etik aurrera. Ordu berean, Wonka filma ikusteko aukera izango da Soreasun.

Danborrada balkoitik ikusteko zozketa, martxan

Aurreko urteetan bezala, banderaren igoera eta jaitsiera udaletxeko balkoitik ikusteko aukera eskainiko du udalak. Asteazkenean (10:00ak arte) amaituko da izena emateko epea. Horretarako, udalzozketak@azpeitia.eus helbidera idatzi edo 943 15 70 68 telefonora deitu behar da, eta izen abizenak, kontakturako zenbaki bat eta zein egunetako zozketan (igoeran, jaitsieran edo bietan) parte hartu nahi den zehaztu behar da.
Zortzi bikotek izango dute egun bakoitzean balkoira igotzeko aukera.

Sansebastianei begira "aske bizi eta ingurukoak ere aske sentiarazteko" deia egin du udalak, eta Azpeitian erasoek ez dutela tarterik gogoratu du. Era berean, festetan lanean ari direnentzako errespetua eskatu du.