100 lagunetik gora bildu ziren ‘Adinekoen zaintzaren garrantzia’ jardunaldiaren lehen saioan
2023/02/02
Atzo, otsailak 1, ‘Adinekoen zaintzaren garrantzia’ jardunaldiari hasiera eman zion udalak. 18:00tarako aretoa bete-betea zela eman zitzaion hasiera hiru saioko jardunaldiari. Gizartearen zahartzearen bilakaera, Azpeitiko Udalak erronka honi aurre egiteko dituen politika publikoak eta epe motz eta izango diren azpiegituren aurkezpena eta adinekoen bakardadea landuko dira jardunaldian zehar. Lehen saioak jakin-mina piztu zuen eta 100 lagunetik gorak bete zuten azoka plazako lehen solairuko aretoa.
Atzoko lehen saioan, Azpeitiko Udalaren enkarguz SIIS-eko, Gizarte Informazio eta Ikerketa Zentruko, Madalen Saizarbitoriak duela hiru bat urte eginiko azterketaren emaitzak azaldu zituen. Ikerketa horretan demografiaren eta gizartearen zahartzearen inguruko datu objetiboak biltzen dira, eta hortik abiatuta, sortuko diren beharrak azaleratu zituen. Azterketa horren baitan, besteak beste, etxe tutelatuen beharra detektatu zuen udalak eta dagoeneko 12 etxebizitza tutelatu abian jartzear dira. Eta proiektu hori, goiz lagun eguneko unitatea eta etxez etxeko ohiko zerbitzua, gauekoa eta zerbitzu integralak azaldu zituzten Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak eta Edurne Zubia arduradun teknikoan.
Beste bi saio
Otsailak 8, asteazkena
Gaia: Bakardadea eta Adinberri elkarteko HARIAK estrategiaren nondik norakoak
Hizlariak: Javier Yanguas eta Adinberri elkarteko Ainhoa Becerra
Otsailak 15, asteazkena
Gaia: Mendekotasuna duten pertsonentzako zentro balioaniztunaren proiektua
Hizlariak: Matia Institutuko Maider Azurmendi eta Enrique Echeverria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatu Maite Peña eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea
Saioak azoka plazako lehen solairuko aretoan izango dira 18:00etan hasita. Bertaratzeko ez da izenik eman beharko.
