Machine translation

2020ko Ordenantza Fiskaletan hobari berriak sortu eta tasa eta zergak eguneratzea onartu da aho batez

2019/10/16
2020ko Ordenantza Fiskaletan hobari berriak sortu eta tasa eta zergak eguneratzea onartu da aho batez

2020 urterako zergak, tasak eta prezio publikoak izan ziren eztabaidagai atzoko urriko ez-ohiko plenoan. Udalak ordenantza fiskaletan hainbat moldaketa, prezioen eguneraketa (KPIaren igoera) eta hainbat hobari berri onartu zituen behin-behinean, aho batez. 


Udalaren egoera ekonomikoa eta urteko datu ekonomikoak aztertu eta dagozkion aurreikuspenak egin ondoren eta azken bi asteetan ogasuneko batzordean guztia landu ondoren, atzoko plenoan 2020. urteko ordenantza fiskalei behin-behineko onarpena eman zitzaion. 

Leire Goenaga Ogasuneko batzordeburuak bi printzipioren baitan osatu dutela proposamena zehaztu zuen: "Alde batetik, zuhurtzia. Izan ere, zuzeneko zergak biltzearen helburu nagusia gastu publikoa finantzatzea da. Gure helburua eta betebeharra da herritarrei ahalik eta zerbitzu publiko kalitatezkoena eskaintzea, eta horretan jarraitu nahiko genuke. Eta bestetik, zerga aplikazio progresiboa. Errenta edo irabazi handiagoei oinarri edo tipo handiagoak aplikatzean datza. Zerga aplikazio progresiboarekin, karga fiskala gutxitzen zaie sarrera edo eros ahalmen gutxien duten herritarrei. Hau bermatzeko daude hainbat hobari diru sarreren arabera aplikatzen direnak". Orain arte dauden hobariak bere horretan mantentzeaz gain, berri batzuk ere onartu ziren; batez ere, energia berriztagarriak bultzatu eta ibilgailuen isurketak gutxitzeko helburuarekin lotuta.

Hala, orokorrean 2020ko tasa eta zergetan %1,2ko prezioen eguneraketa egitea onartu zen, azken urteko datuak erreferentzia hartuta. 

Hobari berriak

Ondasun Higiezinen gaineko zergaren baitan, %50eko hobaria aplikatuko da eguzkitik datorren energia aprobetxatzeko sistema termikoak edo elektrikoak jartzen dituzten etxebizitza erabilerako eraikinetan. Trakzio mekanikodun ibilgailuen zergan, berriz, ibilgailu historikoen izendapena 25 urtetik 30 urtera igo da, legez; beraz, datorren urtetik aurrera, 30 urteko antzinatasuna duten ibilgailuek i9zango dute %100eko hobaria.

Ibilgailu elektrikoen kasuan berriz, %50eko hobaria izatetik %90ekoa izatera pasatuko dira, kotxe hibridoek, berriz, %50eko hobaria izango dute.

Tasak ere 

Tasen prezioak ere eguneratzea onartu zuten atzo, salbuespenak salbuespen. Hala, etxez etxeko laguntzaren tasa ez da ukituko. Aldaketa nabarmena izango duen zerbitzua Udal hilerriko zerbitzua izango da. Hala, orain artean familia unitateko urteko tarifa bat ordaindu izan den tarifa kendu egingo da. Hemendik aurrera jasotzen den zerbitzuagatik ordaindu beharko dira tarifa ezberdinak (adibidez: lurperatzea, garbiketa, lagapenak...).

Horretaz gain, orain artean, ezkontza espedienteak tramitatzeagatik ez zegoen tasarik, eta 2020tik aurrera zerbitzu horren erabiltzaileek tasa bat ordaindu beharko dute. 

Bukatzeko, udal igerilekuan lehen dauden hobariak mantentzeaz gain,  hobari berria ezarriko da. Lanbide arteko oinarrizko soldata baina errenta baxuagoa duten bazkideei %35eko hobaria aplikatuko zaie banakako abonuetan.