2022ko kontuen itxieran, 2030 Plan Estrategikoan aurreikusitako proiektuei heltzeko, egoera ekonomiko eta finantzarioa ona du udalak
2023/04/04
Martxoak 29ko ogasun batzordean azaldu eta landu zuten 2022ko likidazioa eta, ondorioz, kontuen itxiera. 2022 urtea pandemiaren osteko lehen urtea izan da baina Leire Goenaga Ogasun Batzordeburuak azaldu zuen “osasun krisiaren ostean etorri zaigu krisi energetikoa eta prezioen hazkunde etengabea. Honek zuzeneko eragina izan du 2022 urtean”. Hala ere, udalaren egoera ekonomiko eta finantzarioa ona dela baieztatzen duten datuak dauzkatela eskuartean azpimarratu du. "Datu hauek aurrera egiteko estabilitatea eta indarra ematen dizkiote udalari eta eskuartean daukan 2030 plan estrategikoan jasotako proiektuak gauzatzeko berme handia dauka udalak. Baliabide publikoak eraginkortasunez eta arduraz kudeatu direla azken urteetan adierazten digu gaur egungo egoerak”.
2022 urterako 21.745.228 euroko aurrekontua onartu zen, baina urtea aurrera joan ahala “hainbat inbertsio indartu eta prezien gorakadek behartuta” hainbat gastu partida igo eta sortu zituen udalak eta behin betiko aurrekontua 33.129.706€koa izan da.
Urteko kontuen itxierak, udalaren egoera ekonomikoaren inguruko datuak eta adierazle asko azaltzen dituzte, eta atzokoan, aipagarrienak azaldu zituen Goenagak.
Aurreikusitako gastuen gauzatzea %72ekoa izan dela aurreratu zuen eta hiru arrazoi eman zituen horri lotuta. Horniduren kostuaren igoerak izan duen eragina gastu arrunt eta zerbitzuetan; langileen gastuan gauzatze maila altua eta inbertsio errealei dagokionez, urtearen bukaeran gauzatzea %39koa izan bazen ere esleitutako zenbatekoa %77-koa dela azpimarratu zuen. Guztira 8.678.599 euro, 2021 urtean baino 3 miloi euro gehiago. 2022an egindako hainbat inbertsio ere aipatu zituen: Skate parkea, Gizarte zerbitzuetako bulego berria, Karmelo Etxegarai ikastolako gimnasioa berritzea, Soreasuko sonuinuaren eremua, Telefonika eraikinaren berritzea, kiroldegiko aldagelak, Sanjuandegi eta Arana goikoako urbanizazio eta irisgarritasuna hobetzeko lanak...
Iaz aurreikusitako ia inbertsio guztiak urte amaierarako esleituta zeuden eta 2023an gauzatuko direnez aurreikusitako partidak 2023ra txertatuko dira. Proiektu horietako batzuk dagoeneko abian dira, eta hauek dira:
- Sistiaga Errekako errepedidearen konponketa (420.000€)
- Sanjuandegiko skate parke zaharra berrurbanizatzea (420.000€)
- Matxinada kaleko zubiko birmoldatze lanak
- Arana Goikoako irisgarritasun lanak (270.000€)
- Asfaltatze eta pintatze lanak (410.000€)
- Haur parkeak konpondu eta hiru eremu berritzea (150.000€)
- Soreasu eraikinean Musika Eskola egokitzeko lanak (1 miloi)
- Eguzki plakak azoka plazan eta Soreasun jartzea (300.000€)
- Kale argiteriko LED sistemara egokitzeko lanak
Sarreren aurreikuspenak ondo bete dira zinegotziaren arabera, aurreikusitako sarreren %70 bete baita. “Esaterako Foru Fondoaren kopurua aurreikusitakoa baino %3,5 handiagoa izan da”, zehatztu du. “Ondorioz, esan daiteke 2022ko aurrekontuaren gauzatze maila altua izan dela”. Sarrera eta gastuen arteko diferentzia, diruzaintza gerakina kontutan izan gabe, negatiboa izan da. Baina aurrekontu emaitza doitua 3.276.728 eurokoa da.
Udaleko kontuhartzaileak egindako txostenean jasotzen da Azpeitiko Udalak aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunearen helburuak eta gastu araua betetzen dituela. Eta Azpeitiko Udalaren zor bizia %3,88 dela: “Bere mailako udalen batezbestekoa %12 ingurukoa da”, gaineratu du. Udalak momentu honetan mailegu bakarra dauka amortizatzeko, miloi bat eurokoa eta 2027 urtean likidatuko da.
Diruzaintzako gerakinari dagokionez. Gerakina guztira 17 milioi eurokoa da. Hala ere, zati bat hainbat konpromisori lotua dago eta, beraz, gastu orokorretarako diruzaintza gerakina 12.334.278 eurokoa da.
