Itzulpen automatikoa / Machine translation

2023ko erronkak definitzeko aurrekontuetarako herritarren ekarpenak jasoko ditu udalak

2022/11/04
2023ko erronkak definitzeko aurrekontuetarako herritarren ekarpenak jasoko ditu udalak

Azpeitiko Udalak jarri du abian 2023.urterako aurrekontuak osatzeko prozesua. Urrian auzoetako bilerak egin dira, aste honetan lehen Ogasun Batzordea egin dute eta ekarpenak jaso eta osatzen hasteko prozesua ere abiatu dute. Helburua, abenduan aurrekontuak onartuta uztea da; eragile eta norbanakoek paperean zein online ekarpenak egiteko aukera dute azaroaren 20a bitartean.


Udala hasi da 2023ari begira eta urteko erronkak definitzeko lanean. Aurrekontuak osatzeko prozesua abiatu du eta bide horretan, herritarren ekarpenak eta proiektuak jasotzeko bideak jarri ditu. Urrian, landa eremuko hainbat auzotako bilerak egin ditu, hango ekarpenak eta iritziak jasotzeko helburuz. Orain, udal barruko lanketarekin hastearekin bat, herriguneko biztanleek eta eragileek beren ekarpenak egiteko aukera izango dute.
Egoera ezegonkorra da hizpide aurrekontuen prozesuan. Izan ere, oinarrizko produktuen, energiaren eta bestelako materialen prezioen gorakadak, eta zenbait kasutan eskasiak, egoera ezohikoa sortu du. “Egoera berezi honek aurrekontuetan lehentasunak ongi zehaztera eta aurreikuspenak ahalik eta ondoen egitera garamatza. Zuhurtziaz eta zorroztasunez begiratuko diegu oraingoan ere aurreikusitako gastuei eta lehentasuna emango diegu kalitatezko zerbitzuen bidez okerren pasatzen ari diren sektorei laguntzeari, inor atzean ez uzteko”, zehaztu du Nagore Alkorta alkateak.


Azken urteotan bezala, helburu nagusiak tokiko ekonomia sustatzea eta inor atzean ez uzteko, behar gehien duten herritarren babesa izango dira: "Garai ezegonkorrak bizi ditugu eta berdintasun soziala lortzeko eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko lanean jarraituko dugu proiektu estrategikoak bultzatuz. Horretaz gain, demografiaren bilakaerak eta gizartearen zahartzeak ekarriko dituen erronka berriei begira ere egingo ditugu aurrekontuak. Politika publiko eraginkor eta sozialak egiteko oinarriak jarri nahi ditugu aurrekontuen bidez".


Ekonomia eta kalitatezko enplegua bultzatzen ere jarraituko du udalak. Ekonomia sustatzen jarraitzeko dirulaguntza lerro propioa mantenduko duela berretsi du alkateak: "Zuhurtasunez aritzeko unea da. Etorkizunera begira erronka eta zailtasun berriak agertzen ari dira. Egoera sozioekonomiko ezegonkorra eta aldagai askoren menpekoa bizi dugu. Galderaz betea. Horregatik, sustapen ekonomikorako sektore ezberdinei laguntzeko konpromisoari helduko diogu. Era berean, orain artean bezala, langabeziari, eta, batez ere, gazte eta emakumeen langabeziari aurre egiteko baliabideak eskaini nahi ditugu".

Auzoetako eskaerak, jasota
Aitor Bereziartua urrian landa eremuko auzoetako bizilagunekin elkartu da. Landa eremuko auzoek dituzten berezitasunak tarteko, auzoz auzo lantzen dira eremu horietako bizilagunen bizi kalitatea hobetzeko proiektuak. Aurtengoan, Urrestilla, Nuarbe, Aratz-erreka, Lasao eta Elosiagako auzotarrekin elkartu da. “Urte osoan izaten ditugu eskaerak eta harremana ere jarraitua da. Baina aurrekontuei begira azken aldian egindako hobekuntzak aipatu dauden ekarpenak gogoratu eta aurrera begirako nahiak eta egin beharrekoak zehazteko bilerak egiten ditugu”, zehaztu du. Aurtengoan, azken urteotan baino jende gehiago izan da bileretan: “Poztekoa da auzotarrak bileretara etortzea, eta aurten azken urteotan baino jende gehiago etorri da eta poztekoa da”. Bilerak eginda, ekarpenak errepasatu eta aurrekontuetan sartzeko aztertzen ari da.


Prozesua abian
Udal Gobernuak lehen ogasun batzordea egin du eta aurrekontuen lanketa hasi du. Azaroan, arloz arloko batzordeetan sail bakoitzeko proiektu eta aurrekontuen lanketa egin eta ekarpenak jasoko dira udal teknikari eta oposizioarekin. Horretaz gain, herri eragileek ere izango dute ekarpenak egiteko aukera. Udalarentzat eragileek egiten dituzten ekarpenak beharrezkoak dira. Datorren urterako asmo, ideia eta bestelakoak aurreikusteko.


Urtero gisa, herritarren ekarpenak jasotzeko modua ere egokituko da. Hala, etxez etxe hasi dira aurrekontuen inguruko eskuorria banatzen. Ekarpenak udal webgunearen bidez online egin ahalko dira eta udaletxean, igerilekuan, epaitegi atzean eta anbulatorio aurrean ere izango da iritzi eta ekarpenak postontzietan uzteko aukera, astelehenetik azaroaren 20a bitartean.