2024rako ordenantza fiskalak onartu ditu udalak behin-behinean, aho batez
2023/10/03
Urriko ohiko udalbatzarra egin da gaur arratsaldean, eta 2024rako ordenantza fiskalak onartu ditu behin-behinean Azpeitiko Udalak. Tasak, zergak eta prezio publikoak %3 igotzea erabaki du, EH Bilduko nahiz EAJko zinegotzien aldeko botoekin.
Leire Goenaga Ogasun batzordeburuak azaldu duenez, udalaren egoera ekonomikoa izan dute kontuan. Horrez gain, esan du bi printzipio nagusiren baitan osatu dituztela ordenantza fiskalak. Alde batetik, “zuhurtzia” aipatu du. “Bizi dugun egoera sozioekonomikoa kontuan izanda (hainbat krisi, prezioen igoera ikaragarria eta abar), ziurgabetasun handi batean bizi gara, eta ez du ematen egoera asko aldatuko denik epe motzean”. Bestetik, azaldu du herritar guztiei ez diela berdin eragiten egoera ekonomiko horrek. “Horrek bultzatzen gaitu zerga aplikazio progresiboago eta justuago bat egitera. Ordenantza fiskal honekin lortu behar genuke karga fiskala ahalik eta berdinena izatea denontzat”.
Goenagak gogoratu du udalak dituen diru sarreren %37 osatzen dutela zergek, tasek eta prezio publikoek. “Uste dugu udalak baduela ahalmen ekonomikoa gastu publikoa finantzatzen jarraitzeko, eta gure lehentasuna da kalitate handiko zerbitzu publikoak eskaintzen jarraitzea”.
Hobariak
Orain arain arteko hobari guztiak mantentzea ere erabaki du udalak. Hobari horien artean, esate baterako, eguzkitik datorren energia aprobetxatzeko sistema termikoak edo elektrikoak jartzen dituzten etxebizitza erabilerako eraikinetan %50eko hobaria aplikatuko da. Horrez gain, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergan %95eko hobaria izango da obra baimenetan.
Ibilgailu elektriko eta hibridoei dagokienez, trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergan, %90eko hobaria izango dute ibilgailu elektrikoek, eta %50ekoa hibridoek. 30 urtetik gorako auto historikoek, berriz, %100eko hobaria izaten jarraituko dute. Familia ugariek ere izan dezakete hobaria, beren diru sarreraren arabera.
Ekonomia jardueren gaineko zergan, enplegua sustatu edo errazteko helburuarekin, jarduera berri bat abian jartzen dutenek %50eko hobaria izango dute zerga horretan, kontratu mugagabeak sortzen dituzten jarduerek %30ekoa izango dute, eta kooperatiba babestuek eta beste hainbat enpresa moldek, %50ekoa.
Kirol instalazioetako tarifei dagokienez, familia abonuetan diru sarreren arabera hobaria jasotzeko aukera dute familia ugariek. Erretiratuek, pentsiodunek, langabeek eta lanbide arteko oinarrizko soldata baino errenta baxuagoa duten herritarrentzako hobariak ere bere horretan mantenduko ditu udalak.
