Itzulpen automatikoa / Machine translation

400.000 euro, herriko ekonomia sustatzeko

2024/06/14
400.000 euro, herriko ekonomia sustatzeko

Ahalegin ekonomiko handia egiten du Azpeitiko Udalak herriko ekonomia sustatzera bideratutako laguntzetan: 400.000 euro jarri ditu aurten ere programa horretan. Eskaerak egiteko epea zabalik dago, eta urriaren 15era arteko epea egongo da horretarako.



“400.000 euro diru asko da udalarentzat, baina badakigu beharrezko esfortzua dela; izan ere, urtero eskaera ugari jasotzen ditugu, sektore ezberdinetako enpresenak, eta agortu egiten da laguntzen programako diru guztia”, esan du Nagore Alkorta alkateak. Gogoratu du, herritarren babes soziala bermatzearekin batera, herriko ekonomia sustatzea dela udalaren lan lerro nagusia.

Laguntzen bidez zer helburu lortu nahi diren ere aipatu du alkateak: “Ekonomiaren sozializazioa eta ekonomiak herritarren beharrizanak betetzeko funtzioa izatea, azpeitiarrei herrian bertan lan egiteko aukera emanez; ehun ekonomikoaren profesionalizazio eta lehiakortasun maila hobetzea; industria eta lurzoruen transformazioa eta jarduera biziberritzea; eta herriko merkataritza babestea”.

Unean uneko egora aztertuta erabakitzen du udalak sustapen ekonomikorako laguntzak nola egituratu. Iazko deialdiarekin alderatuta, zenbait berrikuntza daude aurten; besteak beste, eguzki plaketara bakarrik mugatu gabe, energia berriztagarrien eta efizientzia energetikorako instalazioak egiteko bestelako inbertsioak ere lagunduko ditu diruz, eta enpresa jarduera eskualdatu nahi dutenek ere izango dute laguntza.

Lau laguntza lerro

Ohi bezala, lau lerrotan banatu da dirulaguntza programa:
• Zerbitzu sektorean eta/edo lehen sektorean jarduerak indartzera bideratutako dirulaguntzak. 100.000 €
• Industria proiektu estrategiko edo berritzaileak eta inbertsioak, bai industria sektorean zein eraikuntza sektorean: 160.000 €
• Ekintzailetasuna sustatuz, bereziki gizarte-ekonomian eta izaera estrategikoa edo berritzailea duten jardueretan enpleguaren sorrera bultzatzeko dirulaguntzak. 65.000 €
• Lehen sektorean, zerbitzuen sektorean, ostalaritzan nahiz industrian enplegua sustatzekodirulaguntzak. 75.000 €

Dirulaguntzen deialdia eta oinarriak udalearen webguneko dirulaguntzen atalean daude eskuragai.