550 ikasle inguruk hasiko dute eskola kirola datorren astean
2024/09/26
Herriko hiru ikastetxeren artean Azpeskirola elkartea sortu dute, eskola kirolaren eskaintza bateratua egiteko. Azpeitiko Udala lankidetzan ariko da elkartearekin, hitzarmen baten bidez.
Datorren astean hasiko dute eskola kirola programa Karmelo Etxegarai, Ikasberri eta Iraurgiko LHko ikasleek. Hausnarketa prozesu baten ostean, eta eskola kirolaren eskaintza bateratu bat osatzeko asmoz, hiru ikastetxeen artean elkarte bat sortu dute, Azpeskirola izenekoa. Elkarte horren eta eskola kirolaren aurtengo eskaintzaren berri emateko, agerraldia egin zuten atzo udaleko ordezkariek, ikastetxeetako zuzendariek eta eskola kirola programako koordinatzaile eta hezitzaileek.
Nagore Alkorta alkatearen esanetan, “benetan baloratzekoa” da ikastetxeek Azpeskirola elkartea sortzeko egin duten ahalegina. “Eskola kirolak, kirola egitea sustatzeaz gain, haurren sozializazioa bultzatzeko eta balio batzuk transmititzeko ahalegina ere egiten du, eta udalak guztiz bat egiten du balio horiekin: parekidetasuna sustatzea, inklusiboa izatea, ludikoa, eskuragarria…”.
Udalak bermatuko egingo du inor ez dela geratzen eskola kiroletik kanpo arrazoi ekonomikoengatik; horretarako, gizarte zerbitzuen bidez, laguntzak jarri ditu (ikasturte osoko kuota 40 euro da LH1-LH2n eta 75 euro LH3-LH6n) . Orain arte bezala, aurrerantzean ere kirol aniztasunean oinarrituko da Azpeitiko eskola kirola, haurrei kirol ezberdinak ezagutzeko eta probatzeko aukera emateko, lehia bigarren maila batean utziz.
Erronka nagusiak
Azpeskirola elkarteko kideek azaldu zituzten finkatu dituzten erronka nagusiak:
• Antolakuntza egonkor eta parte hartzaile bakar bat sustatzea. “Martxan dugu elkartea, eta balio handia ematen diogu lorpen horri. Gabezia bat genuen lekuan, tresna baliotsu bat sortu dugu”.
• Eskola kiroleko eskaintza ikusarazi eta gizarteratzea. “Herri guztiaren proiektu” izan dadin, ezagutarazi egin behar dela adierazi zuten. Horretarako, besteak beste, www.azpeitikoeskolakirola.eus ataria sortu du elkarteak. “Proiektu honetan eta bere aukeretan sinesten dugu, eta ikasleen familiei eta oro har gizarteari eskola kirolak duen garrantzia eta eskaintzen dituen aukerak plazaratu nahi dizkiegu”.
• Kalitatea bermatzea. Puntu hori “etenik gabeko helburu eta erronka” izango dela azaldu zuten. “Horretarako, beharrezko baliabideak bilatu eta ezarri beharko ditugu lehenik eta behin, jarraipena egin ondoren, dituen indarguneak hauspotu eta ahuleziak hobetu ditzagun”.
• Ikasle guztiei bermatzea eskola kirolean parte hartzeko aukera. Eskaintza guztientzat irisgarria izatea eta arrazoi ekonomikoengatik inor kanpoan ez geratzea ziurtatuko dutela esan zuten. “Horregatik, gizarte zerbitzuek eskaintzen dituzten laguntzei bestelakoak gehitzeko asmoa dugu”.
Elkarteko kideek Azpeitiko Udalaren laguntza eskertu zuten, eta elkarrekin sinatuko duten hitzarmenak “elkarlanean sakontzeko” balioko duela adierazi zuten. Era berean, eskerrak eman zizkieten herriko kirol taldeei, larunbatetako jardunaldiak aurrera ateratzeko egiten duten lanagatik. Era berean, herriko gainerako eragileekin harremanak estutu eta hobekuntzak nahiz aukera berriak aztertzeko asmoa dutela iragarri zuten. “Eskola kirolaren proiektua ikastetxeona baino zabalagoa izatea nahi dugu. Herri osoaren proiektua izatea dugu helburu; hau da, gure herriko haur eta gaztetxoen kirol hastapenaren oinarri izango den proiektu hezigarria izatea, herriko eragileon artean gauzatuko duguna”.
Astez asteko lanketa
15-16 hezitzaile ariko dira eskola kirolean, horietako hiru koordinatzaile lanetan. Hezitzaileek kirol hezkuntzari lotutako ikasketak dituzte edo ikasketa horiek gauzatzen ari dira.
Larunbatetako jardunaldiak antolatzeko, astero-astero bilera bat egiten dute ikastetxeetako ordezkariek, Azpeitiko eta Azkoitiko kirol teknikariek, Errezilgo ordezkariak eta eskola kiroleko hezitzaileek. Beharren arabera, kirol taldeek ere parte hartzen dute. Bilera horietan koordinatzen dituzte larunbateko jardunaldiak.
