665 haur eta nerabe udal udaleku irekietan
2024/06/25
Ikaturtea amaituta, udako oporrez gozatzeko garaia iritsi zaie herriko haur eta gazteei. Aisialdirako aukeren artean, aurten ere arrakasta handia izan dute udaleko Gazteria Sailak antolatutako udaleku irekiek: HH2tik 2. batxilergora arteko 665 haur eta nerabek eman dute izena. Haien bidelagun, berriz, 60 hezitzaileko lantaldea ariko da.
Atzo hasi zituzten udaleku irekiak, eta uztailaren 24a izango dute azken eguna. Tarte horretan, eta era guztietako ekintzak egiten dituzten bitartean, elkar ezagutzeko eta herriko eta herritik kanpoko hainbat txoko ezagutzeko aukera izango dute partaideek.
Betharramen eman ohi zaie hasiera udalekuei, eta haurren sartu-irtenak erosoagoak eta seguruagoak izateko, udalekuak dauden egunetan, Jose Artetxe kaletik Pablo VI. kalera arteko sarbidea itxita egongo da 09:45etik 10:15era eta 12:45etik 13:15era.
