Itzulpen automatikoa / Machine translation

Abenduaren 9a arte eman daiteke izena Gabonetako Erakusleiho Lehiaketan

2019/11/25
Abenduaren 9a arte eman daiteke izena Gabonetako Erakusleiho Lehiaketan

Azken urteetako ohiturari jarraituz, Azpeitiko Udalak Bertan Merkatari Elkartearen laguntzarekin Gabonetako erakusleiho lehiaketa antolatuko du. Izen ematea irekita izango da abenduaren 9ra arte (egun hori barne), eta merkatariek egun horretarako jarrita izan beharko dute erakusleihoa. 


Azpeitiko Gabonetako VIII. erakusleiho lehiaketa abian jarri du Udalak. Erakusleihoak abenduaren 9rako prest izan beharko dituzte merkatariek eta abenduaren 27ra arte ezin izango dituzte kendu. Sariak abenduaren 27an banatuko dituzte, Sanagustin Kulturgunean. Lau sari egongo dira. Irabazleak 600€ jasoko ditu; bigarrenak 400€ eta hirugarrenak 200€. horretaz gain, herritarren saria ere izango da. BErtanek parte hartzaileen erakusleihoetako argazkiak partekatuko ditu lehiaketak irauten duen artean, eta abenduaren 27an, atsegin dut gehien dituen publikazioko saltokian 200€ko saria jasoko du.

Epaimahaia Bertan elkarteko kide batek, udaleko zinegotzi batek eta aditu batek osatuko dute.

Epaimahaiko kideek lehen inpresioa, konposizioa, modernitatea, sormena, berrikuntza, originalitatea produktu/zerbitzuen konposizioa edo integrazioa, argiztapeana eta koloreen konbinazioa hartuko dituzte kontuan balorazioa egiterakoan.

Ekimen honen bidez, Azpeitiko Udalaren eta Bertanek merkatariak erakusleihoak atontzera animatzea eta herritarrak bertako merkataritzara bultzatzea nahi dituzte.

 

VIII. ERAKUSLEIHO LEHIAKETAKO OINARRIAK

1. OINARRIAK
Gabonetako VIII. Erakusleiho Lehiaketa antolatu du Azpeitiko Udalak Bertan Merkatari Elkartearen laguntzarekin. Lehiaketa hau merkatariei zuzendua dago eta erakusleihoen inguruan egiten diren esfortzua eta dekorazio ahaleginak sustatu nahi dira.

2. NORI ZUZENDUA
Azpeitiko merkatari guztiei zuzendua, edozein delarik bere merkataritza jarduera.

3. IZEN-EMATEA
Lehiaketan parte hartu nahi dutenek abenduaren 9rako (egun hau barne) eman beharko dute izena Bertan Merkatari Elkartera deituta (943 02 56 73 - 688 823 944), bertan.azpeitia@gmail.com helbidera mezu bat idatzita edo Azpeitiko Turismo Bulegoarekin harremanetan jarrita (turismobulegoa@azpeitia.eus) nahiz 688 874 861 zenbakira deituta.

Izen-ematea osatzeko, honako datuak eman beharko dira:
- Saltokiaren izena
- Lehiaketan parte hartuko duen erakusleihoaren helbidea
- Saltokiko ordezkariaren izen-abizenak
- Kontakturako telefono zenbakia

Aldi berean, abenduaren 9rako saltoki parte-hartzaileek euren erakusleihoaren argazkia (bakarra) bidali beharko dute Bertan Merkatari Elkartera (bertan.azpeitia@gmail.com - 688823944 (whatsappez) edo Azpeitiko Turismo Bulegora (turismobulegoa@azpeitia.eus).

4. ERAKUSKETA EPEA
Erakusketa epea gutxienik 2019ko abenduaren 9tik 27ra bitartekoa izango da, biak barne.

5. PARTEHARTZE BALDINTZAK

  • Parte hartzen duten erakusleihoek 2019ko abenduaren 9rako egokituak egon beharko dute eta ezingo da dekorazioa aldatu abenduaren 27a baino lehen.
  • Erakusleihoan ongi ikusteko moduan egon beharko du Azpeitiko udaletxeak eta Bertanek emaniko parte-hartzaile txartelak. Akreditazio hau falta bada edo ez bada erraz ikusten, lehiaketatik kanporatua geldituko da saltoki parte-hartzailea.
  • Aurreko urteko irabazleak (1.saria) aurkezteko aukera izango du baina ezingo du berriro ere 1. saria lortu. Beste bi sariak eskuratzeko aukera izango du.

6. SARIAK

Bi sari mota berezituko dira:
a) Epaimahaiaren sariak:

Lehen saria....................600€
Bigarren saria................400€
Hirugarren saria.............200€


b) Herritarren saria:


Saria (bakarra)………………200€


7. BALORAZIOA


a) Epaimahaiaren balorazioa:
Epaimahaiak dekorazio artistiko eta onenak baloratuko ditu eta horretarako erakusleihoek GABONETAKO FESTEN inguruko zenbait zio edo zergatia erabili beharko dituzte. Honoko puntuak hartuko ditu kontutan epaimahaiak:

  • A. Lehen inpresioa.............................................................................................10 puntu
  • B. Konposizioa (Gabonetako espazio eta elementuen konbinaketa).........................10 puntu
  • C. Modernitate, berrikuntza, sormena eta originaltasuna.........................................10 puntu
  • D. Produktu/Zerbitzu ezberdinen esposizio/integrazioa.........................................10 puntu
  • E. Giroa lortzeko argiztapena..............................................................................5 puntu
  • F. Koloreen konbinaketa …..................................................................................5 puntu


Epaimahaiaren puntuak publiko egingo dira.

Epaimahaia Bertan Azpeitiko Merkatari Elkarteko ordezkari batez, Azpeitiko Udaleko zinegotzi batez eta aditu batez osatuko da. Era berean, Bertaneko beste ordezkari batek idazkari lanak egingo ditu, ahotsa izango du baina botoa ez.


b) Herritarren balorazioa:
Lehiaketan parte hartzen duten erakusleihoen argazkiak Bertan Merkatari Elkarteko sare sozialetan eskegiko dira, erakusleiho bakoitzeko argazki bat, eta sare sozialen erabiltzaileek “atsegin dut” bidez erakusleiho gustukoenak aukeratu ahal izango dituzte. Abenduaren 27an, eguerdiko 12:00tan “atsegin dut” gehien dituen argazkiari dagokion erakusleihoak eramango du herritarren saria. Aldi berean, “atsegin dut” emanez herritarren bozketan parte hartzen duten erabiltzaile guztien artean 100€ko erosketa bono bat zozkatuko da. Erosketa bono hau, Erakusleiho Lehiaketan parte hartu duten saltokietan erabili ahal izango da.


8. BESTELAKO BALDINTZAK

  • Epaimahaiaren zein herritarren erabakia apelaezina izango da, irabazleei jakinaraziz eta komunikabide ezberdinetan argitaratuz.
  • Epaimahaiak ala erabakiko balu, Erakusleiho Lehiaketa bertan bera utzi lezake.
  • Sari banaketa 2019ko abenduaren 27an izango da, Sanagustin Kultutgunean (ordua konfirmatu gabe).
  • Parte-hartzaileek espresuki lehiaketaren oinarriak nahiz epaimahaiaren erabaki eta akatsak onartzen dituzte.

Kontsultatu oinarriak gazteleraz.