Itzulpen automatikoa / Machine translation

Adinekoen zaintzaileek botako dute aurtengo saninaziotako txupinazoa

2023/07/13
Adinekoen zaintzaileek botako dute aurtengo saninaziotako txupinazoa

Laia Juez Mancebo, Mailu Etxeberria Sudupe, Eider Irureta Uribesalgo eta Maryuri Nikoska Diaz izango dira Nagore Alkorta alkatearen ondoan txupinazo garaian, adinekoen zaintzaile guztien ordezkari.  Etxez etxeko zerbitzuko, eguneko zentroko, San Martingo eta etxeko interna lanetan aritzen direnen ordezkari izango dira hurrenez hurren. 


Gero eta gutxiago falta da saninaziotarako, eta dagoeneko ia guztia prest du udalak. Prest da egitaraua eta prest aurtengoan txupinazoa botako dutenak ere. Adinekoen zaintzaileak izango dute uztailaren 30ean txupinazoa botatzeko ohorea. Herrian asko dira adinekoen zaintzan ari diren profesionalak. San Martin Egoitzan, etxez etxeko zerbitzuan, Eguneko zentroan zein etxeetan interna ibiltzen dira profesionalak. Eta horiek izango dira udaletxeko balkoian.

Zaintzak emakume aurpegia du. Eta txupinazoaren protagonistak ere emakumeak izango dira. Lau emakume izango dira Azpeitian zaintza lanetan ari direnen ordezkari: Laia Juez Mancebo, Mailu Etxeberria Sudupe, Maryuri Nikoska Diaz eta Eider Irureta Uribesalgo izango dira Nagore Alkorta alkatearen ondoan txupinazo garaian. Juezek 41 urte daramatza etxez-etxeko zerbitzuan lanean; zerbitzua Azpeitian jarri zenetik ari da zeregin horretan. Etxeberriak 25 urte daramatza Eguneko Zentroan adinekoekin lanean. Nikoska, beste hainbat eta hainbat etorkin bezala, interna lanetan aritzen da. Eta Eider Irureta Uribesalgo San Martin Egoitzako langilea da. Bakoitzak dagokionetik, adinekoen zein beren familien bizi kalitatea hobetzeko adinekoen zaintza pertsonalizatuan lanean aritzen dira.

“Lan sektore konplikatua da zaintzarena; feminizatua, kasu askotan gutxi eskertua eta prekarizatua. Azken urteotan bereziki agerian gelditu da zaintzak duen garrantzia eta zein garrantzitsua den zaintzaileak ere zaintzea”, azaldu du Alkortak. Egiten duten lana eskertu eta errekonozitu asmoz, beraz, aurtengo txupinazoko momentua zaintza eta zaintzaileak izango dira festaren erdigunean.