Itzulpen automatikoa / Machine translation

Adinekoentzako etxe tutelatuak bukatzear, araudia onartu du udalak

2023/05/05
Adinekoentzako etxe tutelatuak bukatzear, araudia onartu du udalak

Atzo goizean Baigera Jubilatu eta Erretiratuen elkarteko kideekin izan zen Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako burua Elizkaleko etxeak ikusten. Arratsean, maiatzeko plenoan etxebizitza horietarako sarbidea eta zerbitzuen irizpideak zehazten dituen araudia onartu zuten, aho batez.


Elizkale 24, 26 eta 28 etxe-atarietako 12 etxebizitza tutelatuak bukatzear dira. Obra bukatuta dago, dagoeneko eta altzariak jarri eta atontzea soilik falta da. Etxeek inguruko jakin-mina ikusirik eta Baigera Elkartekoen iritzi eta ekarpenak jaso asmoz, atzo, maiatzak 4, eraikina ikustera joan ziren Baigerako kideak Leire Goenaga zinegotziarekin.


Mendekotasunik ez edo mendekotasun oso txikia izanik beren egunerokoari aurre egiteko zailtasunen bat duten adinekoei zuzenduriko zerbitzua eskainiko da Elizkaleko 12 etxebizitzetan. 4 solairu ditu eraikinak; beheko solairuan eremu komunak ditu eta goikoetan, etxebizitzak. Beheko solairuan, bulegoa, aisialdirako gurea, komuna, aldagelak, bainugela eta irakurtzeko edo Interneten ibiltzeko txokoa egokitu dira. Bertan, bizilagunak elkartzeko aukerak eskainiko dira. Ondorengo 4 solairuetan etxebizitzak daude; solairuko 50 eta 60 metro arteko 3 etxebizitza, zehazki. Zerbitzuari dagokionez, bertan, erabiltzaile bakoitzaren beharretara egokitutako zerbitzua eskainiko da. Hau da, bertan bizi direnek oinarrizko zerbitzu batzuk jasoko dituzte eta ondoren, bakoitzak bere beharren arabera, zerbitzu gehiago eskatzeko aukera izango du.


Udazkenean abian
Etxebizitzen inguruko araudia atzoko ohiko plenoan onartu zuen, aho batez, udalbatzak. Araudia egiteko EUDELek mota horretako etxebizitza tutelatuetarako duen araudia erabili da oinarri gisa. Behin udalak onartuta, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta alegaziotarako epea zabalduko da. Ondoren behin betiko onartuta geratuko da.


Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburua pozik da etxebizitza tutelatuekin: “Adinekoen zaintzari arreta berezia jartzen ari gara azken urteotan, eta pozgarria abian jarritako da proiektuak aurrera doazela ikustea. Etxebizitza tutelatuak adinekoentzako zerbitzuak indartzera datoz. Behar bat detektatu zen, eta herritarren arazo eta beharrei erantzun eta hainbat adinekoren bizi kalitatea hobetzeko baliabide publikoak izango dira”, zehaztu du. Obrak bukatuta, altzariak jarri eta etxebizitetarako sarbiderako tramiteak egitea falta da. “Udazkenean jendea bizitzen jartzea aurreikusten dugu. Araudia behin betiko egiten denean, deialdi bat egingo dugu interesa duten herritarrek zerbitzua ezagutu eta irizpideak betetzen badituzte izena emateko”, zehaztu du.

IMG 0956

IMG 0944