Agifesek eta Bideginek suizidioari buruzko hitzaldia emango dute Azpeitian, prebentzioan eragiteko helburuarekin
2024/09/04
Doluan eta gaixotasun larri aurreratuan laguntzeko Bidegin elkarteko Belen Perales eta Eneko Eizagirre kideek Suizidioa: nola prebenitu izenburudun hitzaldia eskainiko dute, irailaren 16an, Azpeitian. Hizlari biek senide bat galdu dute suizidioagatik, eta beren esperientzia eta bidean ikasitakoa partekatuko dituzte.
Azoka Plazako ekitaldi aretoan izango da hitzaldia, 18:00etik aurrera, gaztelaniaz. “Suizidioaz naturaltasunez mintzatzeko espazioa sortzea” izango da saioaren helburua; “Beldurrik eta taburik gabe hitz egiteak bizitzak salbatzen dituela badakigu”, nabarmendu du Bideginek.
Suizidioa Prebenitzeko Nazioarteko Egunaren (irailaren 10) harira antolatutako hitzaldia izango da, eta suizidioaren inguruko mitoak apurtzeko ere balioko du, baita sufrimendu psikikoa jasaten ari diren eta beren buruaz beste egiteaz pentsatzen egon daitezkeen pertsonak inguruan dituztenei jarraibideak emateko ere.
Halaber, Bidegin elkarteko ordezkariek senideei beharrezko babesa ematearen garrantziaz hitz egingo dute, bai maila profesionalean, bai maila sozialean; izan ere, adierazi dutenez, traumari aurre egiteaz gain, “estigma jasaten dute, bakardadean, beldurrez eta errudun sentsazioarekin bizitzera eramaten dituen begirada sozial horren presioa, alegia”.
