Agortu dira 2020. urteko Kultur Bonoak
2019/12/18
Atzo, abenduak 17, 18:00etan jarri ziren salgai 2020ko Kultur Bonoak eta bi orduren buruan agortu ziren. Urtetik urtera Kultur Bonoaren inguruko interesa gora doa eta argi geratu da, beste behin, kultur zaleek erantzun ona eman diotela.
"Gabonetako opari preziatuena bihurtu da gurean kultur bonoa. Hori horrela da kalitatezko kultur programazioa delako eskaintzen dena, gure hizkuntzatik eta kulturatik abiatuta. Kultur bonoarekin, gainera, eskaintza hori herritarren esku-eskura jarri da, eta txalotzekoa da Kulturaz kooperatibak horretarako egiten duen esfortzua. Bide honetan, jakina, udala beti izango da bidelagun", adierazi du Eneritz Albizu Kultura Batzordeburuak.
Azpeitiko Kultur Mahaiaren Lulturaz kooperatibako lehendakari den Jose Luis Otamendik, berriz, Azpeitiko herrigintzaren "kultur pilula bat" dela bonoa azpimarratu du: "Kulturaz kooperatibaren eta Azpeitiko Udalaren arteko lankidetzaren neguko fruitua da. Kulturaz-en helburua, kultura bere ertz guztietatik garatzea da: sormena, hedapena, parte hartzea bultzatu, horretarako kultura erabiliz, baliatuz, ikusiz, entzunez, gozatuz... Kultur bonoa herritarrari kulturan murgiltzeko eskani zaion giltza bat da. Eskura jarri nahi izan diogu kulturzaleari eta eskua eman nahi izan diogu, kulturaz bere burua osa dezan horrekin".
Adin guztietako herritarrentzat antolatzen diren Sanagustin eta Soreasuko ekitaldiez gozatzeko aukera eskaintzen du bonoak. Hain zuzen, hamar kontzertu, sei antzerki edo dantza emanaldi eta umeentzako sei ikuskizunetaz (heldu bat eta ume bat)gozatu daiteke. Soreasu antzokian diren ekitaldietarako sarrerak aurrez harztea beharrezkoa izango da.
Datorren urterako agenda betetzen hasia da kultur ekitaldiekin, eta oraingoz honako eskaintzaren berri eman dute: Ilegales, Zea Mays, Anier eta Mad Muasel, Kukai dantza konpainiaren Gauekoak, Immaculate Fools eta Jotakie, Fuel Fandango, Haatik dantza konpainiaren Errimak bi oinetan, Sonakay, Beheko Larraine konpainiaren Manifestu bat ikuskizuna, Ekain Ibargurenean Alejop! ikuskizuna, Denboraren Taupadak haurrentzako antzerkia...