Aitor Expositok egingo du 2025eko haurren danborradako karroza
2024/12/11
Azpeitiko Udalak aurten ere lehiaketa antolatu du San Sebastian egunean aterako den karroza nork egin erabakitzeko. “Azpeitiko antzinako lanbideak” zen gaia, eta lau proiektu aurkeztu dira. Festa Batzordeak aztertu ditu guztiak, eta Aitor Exposito Ibarmiaren proposamenak jaso du puntuaziorik handiena.
1.500 euroko saria jasoko du karrozaren egileak. Festa Batzordeko zinegotziek azaldu dutenez, irabazleak 2025ko karroza egiteko gaia “modu egoki, profesional eta eguneratuan” aurkeztu du.
Lehiaketara aurkeztu diren beste sortzaileei ere eskerrak eman dizkie udalak, eta, datorren urtean berriro aurkeztuko direlakoan, egindako lanaren balioa eta egindako ahalegina aitortu dizkie.
Aitor Expositok diseinatutako laugarren karroza izango da 2025ekoa. Urtarrilaren 20an ez ezik, Elegante Egunean (martxoak 2) ere aterako da.
