Aitor Expositok egingo du sansebastianetako karroza
2023/12/11
Azpeitiko Udalak aurten ere lehiaketa antolatu du San Sebastian eguneko karroza nork egin erabakitzeko. Trikitia zen gaia, eta bi proiektu aurkeztu dira. Festa Batzordeak aztertu ditu, eta Aitor Exposito Ibarmia azpeitiarraren proposamenak jaso du puntuaziorik handiena.
1.500 euroko saria jasoko du karrozaren egileak. Festa Batzordeko zinegotziek azaldu dutenez, irabazleak 2024ko karroza egiteko gaia “modu egoki, profesional eta eguneratuan” aurkeztu du.
Lehiaketara aurkeztu den beste sortzaileari ere eskerrak eman dizkio udalak, eta, datorren urtean berriro aurkeztuko delakoan, haren lanaren balioa eta egindako ahalegina aitortu dizkio.
