Itzulpen automatikoa / Machine translation

Aje gozoa utzi dute karnabalek

2025/03/05
Aje gozoa utzi dute karnabalek

Astelehen kutsuko asteazkena da gaur Azpeitian, baina aho zapore onekoa, primeran joan baitira karnabalak. “Lehen ekitalditik azkenengora, jendetza ibili da kalean, eta egundoko giroa egon da”, esan du Mikel Odriozola Festa batzordeburuak.


Ohi bezala, elegante atera ziren azpeitiarrak Jai Karnabalean. Egun horretako egitarauan, berrikuntza nagusi bat zegoen: Astindu armayuek! festa. Azpeitiko LGTBIQ+ asanbladak antolatu zuen, udalaren laguntzarekin, eta arrakasta izan zuen. Jendetza elkartu zen Azoka Plazan DJ La Fulanak jarritako musikaz gozatzera, eta giro ona eta hunkidura nahastu ziren ekitaldian.

Astelehen Karnabalean, berriz, mozorroak izan ziren protagonista. “Bai goizean, bai gauean, ikusgarria izan zen herritarrek zer irudimen erakustaldi egin zuten”. Festa batzordeburuaren esanetan, “eskertzekoa” da jendeak mozorroak prestatzeko hartzen duen lana, baita jendaurrean erakustean sortzen duten saltsa ere. “Saria merezi zuten talde mordoa zeuden aurten, eta ea datozen urteetan ere halako mailako mozorroak ikusten ditugun”.

Jai eta Astelehen karnabalak izaten dira festetako egun nagusiak, baina zabalagoa izaten da karnabaletako egitaraua, eta kaldereroetan, euskal inauterien kalejiran, sokamuturrean eta Astearte Karnabaleko ekitaldietan ere jendetza ibili da kalean. “Aurtengo beste berrikuntzetako bat ostiralean Sanagustin kulturgunean egindako Guatekea izan da, eta udal musika bandaren ikuskizun horrek ere harrera oso ona izan du”, zehaztu du Odriozolak.

Festak aurrera ateratzeko lan egitea tokatu zaien eragile eta langile guztiei ere eskerrak eman dizkie Festa batzordeburuak.

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak ez dute indarkeria matxistari lotutako gertaerarik jaso egunotan, ez eta lapurreta salaketarik ere.