Alaia Juaristi, Iraurgi saskibaloiko gizonezkoen taldea eta Xanti Merino hautatu dituzte Urteko Kirolari
2021/12/18
Gaur eguerdian Sanagustinen izan da Urteko Kirolariak izendatzeko ekitaldia. Alaia Juaristi eskiatzailea, gizonezkoen Iraurgi Saskibaloi taldea eta Xanti Merino boluntarioak jaso dituzte aurtengo sari nagusiak.
Sanagustin kirolariz bete da gaurkoan. 2021eko kirolari aipagarrienei sariak banatu dizkiete, eta bertan izan dira izendatuak gertukoekin batera. Egoitz Arruti Kirol zinegotziak bizi dugun pandemian kirola "helduleku" izan dela adierazi du. "Batzurentzat kirola lasterketan parte hartu edo zerbait irabaztea da; baina beste askorentzat Loiolara joatea", bakoitzak bere erronkak izaten dituela eta horiek "gainditzeak, norbera zoriontsu" eginten duela azpimarratu du. "Zoriontasun hori ez da erabatekoa, ez bada elkarbanatzen. Zuek ere zuen ingurukoren bat lorpenarekin gustura ikustean, begirada konplize bat jasotzean, zoriontsuago izango zaretela ziur. Emaitza bera baino ederragoa izaten da sortutako hori". Lortutako erronkak eta garaipenak elkarbanatu dituzte gaurkoan.
Alaia Juaristi, eskiatzailea
Tolosako Uzturre klubean dabil eta izugarrizko denboraldia egin du, izan ere, bere kategorian, 18 urte azpiko Espainiako Txapelketan lehen postua eskuratu du bi modalitatetan (sprintean eta estilo librean) eta estilo klasikoan Espainiako azpitxapeldun izan da. Ondorioz, Espainiako Kopako txapelduna da.
Horretaz gain, bere buruari jarritako erronka nagusia ere bete du: Europako Kopan parte hartzea. Gaur, ezin du ekitaldian izan, txapelketa batean parte hartzen delako.
Iraurgi Saskibaloi Taldea
2020-2021 denboraldian zilarrezko LEB mailako kopa eta Ligan Txapeldun izan ziren. Denboraldi historikoa burutu zuen taldeak, jokatutako txapelketa guztiak irabaziz eta aurreikuspen guztiak apurtuz. Ondorioz, saskibaloiaren bigarren mailara igotzea lortu zuen, alegia, Urrezko LEB ligara, eta horretan dihardu 2021-2022 denboraldi honetan.
Xanti Merino
Urte luzez, Iraurgi Saskibaloi klubeko boluntario lanetan ibili izan da, klubeko egunerokotasunean ageri diren lanetan lagunduz, eta edozertarako prest. Astean zeharreko entrenamenduetan ikusten ez diren, baina beharrezkoak diren lanak burutzen ditu eta taldearekin hain luze egin ohi diren bidaiak ere bai, dena ondo joan dadin eta behar duenari laguntza eskainiz.ç

Beste sarituak
Emakumezkoen kategorian Urteko Kirolariak: Nora Zubillaga atleta; Txintxu Gozotegia ISB taldea, Mirari Uria futbolaria; Maier Lizarburu, Uxue Etxeberria, Maialen Sudupe eta Alazne Sudupe igerilariak; Ane Agirre judoka; Nahia Olaizola izotz gaineko patinatzaile artistikoa.
Gizonezkoen kategorian Urteko Kirolariak:Julen Azpiazu atleta; Eneko Odriozola pilotaria; Gorka Arregi judoka; Haritz Etxeberria karateka; Ibai Aldalur futbolaria; Iker Aizpuru igerilaria,: Jokin Agirre auto- gidaria; Aner Alonso xake-jokalaria; Unai Marrero futbolaria; Ekain Ajerrista txirrindularia; Iker Hidalgo bolo-jokalaria; Julen Azkue Triatleta; Jon Etxaniz arraunlaria eta Haritz Iturbe mendizalea.
Urteko Kirolariak boluntario kategorian: Gabriel Carmona (Kodaore Judo taldea), Jesus Mateos (Lagun-Onak Futbol Taldea), Iñaki Orbegozo (Eskuderia Urraki), Jose Andres Perez (Xaputarrak Xake kirol kluba) Beñat Lopetegi (Izarraitz igeri elkartea) eta Jabier Urbieta, Mikel Amanabar eta Andoni Juaristi (Lagun-Onak Mendi Bazkuna)-
