Alarma egoera dela-eta hainbat tasen parte proportzionala kobratuko du Udalak
2020/07/08
Atzoko uztaileko ohiko plenoan, Azpeitiko Udalak 2020. urteko egutegi fiskala berriro egokitzea erabaki zuen, aho batez. Horretaz gain, alarma egoera dela eta merkataritzako eta ostalaritzako establezimenduen itxieraren ondorioz, beste hainbat tasaren parte proportzionala soilik kobratuko dela ere jakinarazi zuen Nagore Alkorta alkateak.
Egutegi fiskalari dagokionez, martxoaren 20an eginiko ez-ohiko plenoan trakzio mekanikodun zergaren atzerapena onartu zen; irailera atzeratzeratzea erabaki zuten, hain zuzen. Gipuzkoako Foru Aldundiak IBIaren kobraketa irailera atzeratzea erabaki du, eta biak epealdi berera atzeratu direnez, Udalak trakzio mekanikodun ibilgailuen zerga urrira arte luzatzea adostu zuen atzo.
Hainbat tasa aplikatzeko xehetasunak ere eman zituen alkateak. Hala, jabari publikoaren aprobetxamenduaren inguruko hianbat tasa proportzionalki aplikatuko direla jakinarazi zuen. Kale salmentako postuei, asteartetako plazako postuei, alarma egoeraren ondorioz azokarik egin ez den asteen zati proportzionala ez zaie kobratuko. Baserritarren postuei, aldiz, matendu egingo zaie urteko kuota, 9,51€ko mahaiko.
Tabernen terrazetako tasa ere proportzionalki kobratuko da. Hala, martxoaren 14tik deseskaladan terrazak jartzeko aukera izan zen arteko epealdia ez dute ordaindu beharko. Merkatari eta ostalariei beste tasa bat ere egokituko zaie; hala, zabor tasa establezimenduak itxita egon diren epealdian lokal guztiei kobratu ohi zaien guxtieneko tasa kobratuko zaie.
