'Aniztasun Izpiak-Kilometroak txikia' eguna izango da apirilaren 27an
2024/04/10
Apirilaren 27an ‘Aniztasun izpiak, Kilometroak txikia’ eguna ospatuko da Azpeitian. Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatibak eta Azpeitiko Udalak elkarlanean antolatu dute eguna, beste hainbat eragilerekin batera: Atzegi, Dislegi, Marea Urdina, Kulturaz, Berria, Guka, UEMA eta Ikastolen Elkartea, besteak beste.
Nagore Arroita udaleko Gizarte Zerbitzuetako Aniztasun teknikariak azaldu duenez, "kulturartekotasuna erdigunera" ekarriko duen eguna izango da. "Hainbat jatorritako azpeitiarrek beren herrialdeetako hizkuntza, kultura eta ohiturak ezagutarazteko eguna izango da, baina baita euskara plazara ekartzeko eta ezagutzen ez dutenei ezagutarazteko edo haiekin partekatzeko gunea ere. Azpeitia herri anitza da, eta hori islatu nahi da egun horretan. Sexu, arraza, hizkuntza, kultura eta jatorri ugaritako pertsonak bizi gara elkarrekin, eta balio handia duen kultura anitzeko herria osatzen dugu”.
Gorka Artola Azpeitiko Ikasberri Ikastolako ordezkariaren hitzetan, Azpeitiko Ikastolak kilometroen urtea du aurten, eta urte osoko egitarauaren barruan Kilometroak Txikia antolatzeko asmoa zuen. Urte osoan lantzeko hiru ardatz ditu ikastolak mahai gainean: euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza. Hiru ardatz horiek oinarri, herriko elkarteekin biltzen hasi ziren kilometroen antolatzaileak, eta horren emaitza izan da apirilaren 27ko egitaraua. Antolaketa, beraz, talde lanean egindakoa da.
Artolaren hitzetan, Aniztasun Izpiak egunak bete-betean lotzen ditu Kilometroen urtean landu nahi diren ardatzak: euskara, ikastolen ardatza eta oinarria ez ezik, “zubi” ere badela esan du: “Gainerako kulturekin eta hizkuntzekin egin nahi dugun zubi gisara”. Azpeitian abian den Euskara eta Kulturartekotasuna proiektuaren baitan ere kokatu dute eguna. Udalak, UEMAk, HUEZIk eta herriko ikastetxe zein eragileek aurrera daramaten proiektua da hori. Hala esan du Artolak: “Kulturarteko harremanen adierazpidea euskara izatea nahi genuke. Gure lurreko hizkuntza delako, alde batetik; eta euskaratik eraiki nahi ditugulako herri honetako askotariko harremanak, bestetik. Aniztasunaren harreman hizkuntza euskara izanda, Euskal Herrian hizkuntza gutxiagotua kulturarteko harremanen zubi eraikitzailea izatea nahi dugu”.
Herrigintza dute hirugarren ardatza: “Ikastola herriko eragile gisa ulertzen dugu. Hemen ere, baina, besteekin gara gu, eta ez gu bakarrik. Herrian txertatuta gaude, eta hala egon nahi dugu. Horregatik, ahalegin berezia egin dugu egun honetako egitarau osoa herrian txertatuta dauden gainerako eragileekin elkarlanean antolatzeko. Ekimen guztiak dira elkarlanean antolatuak, ez dugu ezer antolatu guk bakarrik. Sinesten dugulako elkarlanean, komunitatearen indarrean, auzolanean”.
Hainbat herrialdetako postuak
Arroitak jakitera eman duenez, besteak beste, Nikaragua, Honduras, Argentina, Sahara, Peru, Maroko, Kuba, Euskal Herria, Mali eta El Salvadorko postuak egongo dira egun horretan plazan, 12:00etatik 14:00etara. Horiez gain, ElkarEkin zein BeharBidasoa elkartekoak ere jarriko dituzte postuak. Herrialde horietako eskulanak, jatekoa, argazkiak, arropak eta abar egongo dira plazan. Gainera, herrialde bakoitzeko ordezkariak izango dira bertan, elkar ezagutzeko eta elkarren berri izateko. Herrialde horietako musikaz eta dantzaz ere gozatzeko aukera izango da.
Hala azpimarratu du Arroitak: “Duela bizpahiru hilabete hasi ginen biltzen Kilometroakeko antolatzaile eta herrialdeetako ordezkariak. Denak hala denak ere, elkarren berri izateko eta elkar aitortuak izateko gogoz. Beraz, gogotsu helduko diogu datorren apirilaren 27ko egitarau zabalari. Herritar oro animatzen dugu parte hartzera”.
Egitaraua
11:15 ONGIETORRIA aurreskua eta ekintzen aurkezpena (ongietorria hainbat hizkuntzatan izango da)
11:30 ZUMBA GUZTIONTZAT “Zumba gazteak Azpeitia” Regla Hernandezekin
12:00 HAURRENTZAKO JOLASAK Azoka Plazan, Berria egunkariak eta Dislegi elkarteak antolatuta
12:00 HERRIALDEEN POSTUAK ETA IKUSKIZUNAK herriko plazan. Nikaragua, Honduras, Argentina, Sahara, Peru, Maroko, Kuba, Euskal Herria, Mali, Ekuador, Pakistan eta Portugal.
Azpeitiko elkarte batzuk ere jarriko dituzte postuak: El Salvador, ElkarEkin eta BeharBidasoak.
14:00 HERRI BAZKARIA Azoka Plazan Bazkariko txartelak apirilaren 17a baino lehen erosi behar dira: Elikagunean edota online www.kilometroak.eus webgunean. 0-5 urtekoentzat doan izango da, baina txartela hartu behar dute. 6-15 urte dituztenek 5€ ordainduko dute eta 16 urtetik gorakoek 10€.
16:30 EKAIN TXOU herriko plazan, Berria egunkariak antolatuta
19:00 KROSTADARRA (Kros anitza: 1,2 km. Ibilbidea: Azpeitiko plaza, Erdikalea, Elizkalea, Enparan kalea, Erdikalea eta plaza). Atzegi eta Marea Urdinarekin elkarlanean antolatu dugu Krostadarra. Izan ere, herri anitza da gurea, eta aniztasun kulturala ez ezik, aniztasun funtzionala ere bada bertan. Ez dugu inor aparte utzi nahi, eta guztiok egiteko moduko ekimena antolatu nahi dugu. Aurrerago emnago ditugu honen xehetasunak, hala ere.
19:30 ESKAPAIE elektrotxaranga
22:30 BELAKO eta NIZE. Kontzertuak Sanagustin kulturgunean.
