Arana eta Aranagoikoa arteko mugikortasuna hobetzeko igogailuaren proiektua begi onez hartu dute bizilagunek
2020/10/01
Atzo arratsaldean eginiko bilera irekian aurkeztu zien Josu Labaka hirigintza zinegotziak auzotarrei inguruko irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko igogailuaren proiektua. Proiektua gauzatzeko tramiteak segituan hasiko badira ere, 2021. urtearen bukaerarako martxan izatea aurreikusten da: "Auzoetako irisgarritasuna hobetzeak herritarren bizi kalitatean hobetzea dakar, eta Udalaren helburua hori da horrelako esku-hartzeak egitean", adierazi zuen.
Arana eta Aranagoikoako auzotarrekin bilera egin zuten atzo arratsean Josu Labaka Zinegotziak eta Arturo rivas udal arkitektuak. Bertan, Arana eta Aranagoikoa lotuko dituen igogailuaren proiektua aurkeztu zitzaien bizilagunei. Auzotarrak begi ontzat jo zuten proiektua eta Udalak proiektua abian jartzeko prozesua jarriko du abian. "Auzoetan obrak aurreikusten ditugunean, auzotarren artean aurkeztu eta iritziak eta ekarpenak egiteko aukera eskaintzen zaie. Horregatik aurkeztu nahi genizuen proiektua", azaldu zien Labakak.
Igogailua Aranagoikoako maldaren hasieran kokatuko litzateke eta bi solairu izango ditu. Bigarren solairuan, pasarela baten bidez auzoaren goikalderako pasoa egingo da. Ondoren, azken etxeetarako pasoa egokituko da, irisgarri izateko.
Auzotarrak "gustura" azaldu ziren proiektuaren nondik norakoekin. Beraz, udalak proiektua gauzatzeko tramiteak hasiko ditu orain: "Kreditu aldaketa egingo dugu datorren plenoan, eta obren lehiaketa publikoa egin behar da gero. Ondo bidean, 2021 eko udaberri alderako hasiko dira obrak eta urtea bukatzerako abian beharko luke", zehaztu zuen.
Anbulatorioko zubia ere irisgarri
Anbulatorioko zubiaren malda ere hizpide izan zuten bilerann, izan ere, bi auzo horientzako pasorako lekua da. Udalak anbulatorio atzeko zubiaren eta inguruaren irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko obren lehen fasea bukatzear du.Malda handiko zubia da anbulatorio atzekoa, eta aldi berean, joan-etorrirako herritarrek asko ibiltzen duten gunea da. Horregatik,herritar guztientzako irisgarri egiteko zubia, faseka malda leuntzeko obrak hasiak ditu udalak. Inguruaren uholde arriskua dela eta, Urakek ez du zubian aldaketak egiteko baimentik ematen, eta zubiaren oinarriak ukitu gabe ingurua moldatuz egingo da irisgarri.


