Arrakasta handia izan du 'Azpeitia Zaindu' bonu kanpainak
2024/05/23
Kanpainak oso harrera ona izan du beste behin ere, eta bonu guztiak 24 ordu baino lehen agortu dira.
Azpeitiko Udalak eta Bertan Merkatarien Elkarteak iragarri dute Azpeitia Zaindu kanpainako bonu guztiak agortu direla. Herritarren erantzun harrigarriari esker, eskuragarri zeuden 3.826 bonuak oso azkar saldu dira. Horrela, agerian gelditu da Azpeitiko biztanleek tokiko merkataritzarekiko duten konpromisoa.
Udalak 60.000 euro bideratu ditu kanpainara, eta herritarren parte-hartzeari esker, ekimenak ia 200.000 euroko eragin ekonomiko zuzena izango du tokiko merkataritzan. Elkarlanaren bidez emaitza handiak lortu daitezkeela agerian gelditu da berriro.
Herritarrei eskerrak ematea
Antolatzaileek eskerrik beroenak eman nahi dizkiete ekimen honetan parte hartu duten herritar guztiei. Jendearen erantzunak, kanpainaren arrakasta ziurtatzeaz gain, bultzada handia emango dio tokiko ekonomiari.
