Arrazakeria eta aniztasun kulturala izango dituzte ardatz martxoko guraso eskolek
2025/03/06
Immigrazioa da azken urteotako aldaketa demografikoaren bereizgarrietako bat. Gero eta gehiago dira jatorri atzerritarreko familiak Azpeitian, eta horrek egoera, galdera eta erronka berriak eragiten ditu. Horiek horrela, interesgarri ikusi da herritarrekin arrazakeria eta aniztasun kulturala lantzea, eta gai horri eskainiko zaizkio martxoko guraso eskolak.
Hiru hitzaldi antolatu dira, gaiari hainbat ertzetatik heltzeko.
- Martxoak 12 (asteazkena): Kulturartekotasunaren eta euskararen erronkak gure herrian. Mondragon Unibertsitateko Amelia Barquin eta Karmele Perezek eta Uemako Eneritz Albizuk eskainiko dute. Iazko ikasturtetik, Kulturartekotasuna eta Euskara Azpeitian izeneko egitasmoa martxan dago herrian. Euskararen erabilerari eustea da haren helburua, beti ere atzerritar jatorriko familiekin komunikazioa bermatuz eta herrian dauden kulturen arteko harremanak eraikiz eta haien parte hartzea sustatuz. Hitzaldian ere erronka horiei buruzko gakoak emango dituzte.
- Martxoak 18 (asteartea): Aniztasun kulturala eta arrazakeria. Sos Arrazakeria elkarteko Itziar Gorostidi eta Abdoulaye Sarrek eskainiko dute, eta elebitan izango da. Besteak beste, arrazakeriaren jatorriaz, narratiba berrien eraikuntzaz eta gizartean dauden rolei buruz ariko dira.
- Martxoak 27 (osteguna): Migrazio-prozesuak: zurrumurruak eta jarrerak. Begirune fundazioko Xabier Aierdik eskainiko du, eta egungo migrazio-prozesuei eta etorkizunerako aurreikusten direnei buruz ariko da besteak beste.
Basazabal jauregian izango dira hitzaldi guztiak, 18:00etan. Guraso eskolen barruan antolatu arren, herritar guztientzat daude bideratuta.
Euskaratik gaztelaniara itzulpen zerbitzua egongo da, eta zerbitzu hori behar duenak aurrez eskatu behar du, 943 255006 telefono zenbakira deituta edo ekorta@azpeitia.eus helbidera idatzita. Itzulpen zerbitzurik behar ez dutenek ez dute aurrez izena eman beharrik.
